‘Artxiboko Neskak’ konpartsak izan du aurten Tolosako inauteriei hasiera ematen dien suziria jaurtitzeko ohorea, bi hamarkadatan estereotipoak apurtzen eta jai parekideagoak bultzatzen zituen parodia sorta egiteagatik San Frantzisko kalean dagoen Gipuzkoako Artxibo Historikoaren aurrean, 1980ko hamarkadatik geroztik. Oso pozik agertu dira aukeratu dituztelako, eta «hemen ez daudenei eta etorri ezin izan dutenei» eskaini diete.
«Oso hunkigarria da. Ez genuen uste sari hau emango zigutenik. Esaten dute gauza desberdin bat egiten genuela, baina guretzat zerbait normala zen. Parranda egin nahi genuen, horregatik hasi ginen, eta horregatik jarraitzen dugu», esan du Rosa Jauregik, ‘Artxiboko Nesken’ sortzaileetako batek.
Egun, jada talde osoa ez da Artxibo parean jartzen, baina Maider Zubelzu kidearen koadrila bertan dago oraindik, «lekua gordetzen, badaezpada ere». Bera haurra zela hasi zen ateratzen konpartsarekin: «Nire izeba eta bere lagun dibertigarriek galdetu zidaten 6 urterekin ea atera nahi nuen. Ordutik ateratzen naiz, eta inauteriak gustatzen zaizkit beraiekin ateratzen hasi nintzelako», esan digu argi.
Konpartsa sortu zen garaian ez zen arrunta emakumez osatutako taldeak ikustea, normalean talde mistoetan edota euren bikotekideekin ateratzen zirelako. Jauregik gogoratu du bazeudela beste bi emakume talde, baina «gu ginen gazteenak, ausartenak, lotsagabeenak».
Inauterizale Kuttunaren saria jaso ostean, Andu Martinez de Rituertok konpartsa goraipatu du. «Lana, sinpletasuna, sormena, umorea… gauza asko konbinatu dituzue. Gaur egun gehiago kostatzen da halakoak ikustea, eta zuena bada hurrengo belaunaldiei erakutsi beharreko adibideetako bat».
Ekitaldi xumearen ostean udaletxeko balkoira atera dira omendutakoak, peluka handi eta koloretakoak jantzita, Kabi Alaiko kideekin batera. Txupinazioarekin, festa lehertu da eta herri osoa inauteri giroan murgildu da bete-betean. Plaza Zaharra eta inguruak jendez gainezka zirela, eguerdiarekin puntu-puntuan bota dute txupinazoa ‘Artxiboko neskek’, aurten Kabi Alai elkarteak izendatu dituen inauterietako ‘kuttunek’.

Itsaso, inauterietako alkate
Inauteriak berrikuntza batekin datoz aurten, izan ere, lehen aldiz, emakume bat izango dute alkate sei egun hauetan, Kabi Alai elkarteko Itsaso Urdapilleta hain zuzen ere (urte luzez Patxi Amiano izan da paper hori egin duena). «Bazen garaia», esan du udaletxeko pleno aretoan egin den ekitaldian. Aurtengoa ez dela lehen aldia izango nabarmendu eta eskerrak eman dizkie guztiei eta batez ere inauteriak aurrera eramaten lagundu duten emakume guztiei.
Udaletxeko balkoitik Berazubiko bizilagun batek plazatik egin dion galderari erantzutea izan da inauterietako alkatearen lehen zeregina, izan ere, aurten auzo horretako festetarako Udalak zenbateko diru-laguntza emango dien galdetu dio, iaz Leticia Sabaterren ikuskizunak izan zuen arrakasta ikusita beste «artista» askok ere Berazubin egon omen nahi dutelako urriko jaietan. Hortxe agertu dira C-Tangana, Pimpinela, King Africa eta Leticia Sabater bera ere bai.
Alkateari ez zaizkio Tolosarako oso egokiak iruditu nonbait, eta beste herri baterako gomendatuko dituela esan du.
Tolosako «benetako» alkateak, Martinez de Rituertok, inauteriak «indartsu» hasteko eta gozatzeko deia egin die tolosarrei eta kanpotarrei. «Une hau oso berezia da. Urduri xamar nago, festa hastera doa. Txupinazoak bilakaera handia izan du. Garai batean ez zuen arrakasta handirik, baina azken urteetan ikaragarria da. Plaza jende gaztez betetzen da, ondo pasatzeko gogoz, txarangaren atzetik dantzan eta saltoka joateko gogoz», adierazi dio NAIZi inauteriak hasi aurretik.
Hala ere, aitortu du ilusioa baduela baina kezka puntu bat ere bai. «Igandean, batez ere, asko masifikatu dira inauteriak, jendetza etortzen da eta arazoak sor daitezke. Nire desioa da jendea etortzea ondo pasatzeko, disfrutatzeko eta festan murgiltzeko gogoz, eta kontuan hartuta hemen denok pasatu nahi dugula ondo eta besteak errespetatu behar ditugula».
Osteguna herrikoentzako eguna den arren, gaztetxoak betidanik joan izan dira Tolosara. «Eskualdeko gazteak dira, batzuk, jai baldin badute goizago etortzen dira, beste batzuk arratsaldean zezen plazara... kalean, helduxeagoak garenak, batez ere herrikoak gara, edo herriarekin harremana dutenak. Egun berezia izaten da, baita ere, kanpoan bizi diren tolosar asko bertaratzen direlako», aipatu du alkateak. Berak familiarekin du plana, baina bere kargua ezin du albo batera utzi. «Ea topatzen dudan burua arintzeko eta festan murgiltzeko tartetxo bat», desio du.

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Egunean Behin arrakastatsuaren ildotik, tokiak identifikatzeko jokoa plazaratu dute: Tagzania
