
Aurten otsailaren azkenera arte itxaron behar izan dute tolosarrek Inauteriez gozaten hasteko. Baina itxaronaldiak pena merezí izan du eta ostegun eguerdiko txupinazoaren ondoren, zorameneko sei egunetan murgilduko da beste urte batez Tolosa.
Ohikoa den bezala, txupinazoa antolatzearen ardura Kabi Alai elkarte gastronomikoarena da eta aurten “Artxiboko neskak” konpartsari eskaini dio suziria botatzeko ohorea, bi hamarkadatan estereotipoak apurtzen eta jai parekideagoak bultzatzen zituen parodia sorta egiteagatik. Suziria lehertzen den unetik aurrera, Tolosa bete-betean murgilduko da inauteri giroan. Hori bai, mozorrotzeko unea ez da igande goizeko diana arte iritsiko.
Egitaraurik behar ez duten jaiak izan arren, urtero proposamen berriak izan ohi dira eta aurten, nobedade nagusiena “Isabelita gunea” izango da, haur eta nerabeei zuzendutako ekitaldiak jasoko dituen espazioa edo karpa. Alondegi plazan kokatuko da, Beotibar pilotalekuaren atzekaldean eta, bertan, herriko gazteekin batera martxan jarritako parte hartze prozesuan jaso eta landutako ideiak biltzen saiatu da Udala.
Gainerakoan, egitarauak urteroko dinamika jarraituko du. Ehundaka inauterizalerekin batera, 25 txaranga, 17 karroza, lau danborrada, 55 konpartsa eta 5 aisialdi-talde ibiliko dira kalez kale. Txistulariak, erraldoi eta buruhandien konpartsa, akordeoi taldea eta musika bandak ere ez dira faltako. Talde horien artean, bada nobedade bat: Jabetze Eskolako emakumeen txarangaren estreineko kalejira izango baita ostiral arratsaldean.
Txoznak eta herri sagardotegia
Bizilagunei atsedena emateko helburuarekin, aurreko bi urteetan jaietako txoznak Plaza Berrian eta Trainguloan kokatu ziren, eta aurten berriro Euskal Herria plazara itzuli dira. Txozna Batzordeko kideak pozik agertu dira, beste plazetan baino hobeto egokitzen delako txoznagunearen karpa.
Egitarauari dagokionez, musika talde eta DJekin osatua egongo da nagusiki, baina aurten hemen ere izango da berritasun nagusi bat. Izan ere, ostiral gauean (otsailak 28) gazte afaria antolatu dute, herriko gazteak elkartzeko espazioa izatea ere nahi baitute.
Horrekin batera, egunean zehar kontzertu gehiago eskaintzeko ahalegina ere egin dute (eguerdietan eta arratsadeetan), gaueko parrandaz gain, egunez ere gozatzeko espazioa izan dadin.
Azkenik, aurten ere zabalik egongo da herri sagardotegia. Tolosaldeko preso eta iheslarien lagunek bultzatutako elkartasun ekimena, urtero bezala, Lapurdi plazan egongo da, Udalak utzitako karpa erraldoi baten babesean.
Herri sagardotegia erreferente bilakatu da azken urteotan Tolosako inauterietan, aukera eskaintzen baitu herritik mugitu gabe bazkaltzeko edo afaltzeko. Sagardotegiko menu tradizionalarekin, afariak ostegun, ostiral eta asteartean emango dituzte, gaueko 21.00etatik aurrera, eta bazkariak igandean eta astelehenean, 14.00etatik 17.00etara.
«Erokeriarik gabeko eromena»
Inauteriak araurik gabeko jaiak direla esan ohi da, eta hori hala izan arren, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako jaiak ere badirela aldarrikatu du Andu Martinez de Rituerto alkateak. «Erokeriarik gabeko eromena nahi dugu», adierazi zuen egitarauaren aurkezpenean, hortaz «zentzuz jokatzeko deia» egin zien Inauteriak Tolosan pasako dituztenei.
Iaz izandako gertakari larriak ere gogoratu zituen alkateak eta, horren aurrean, argi utzi nahi izan zuen «ondo pasa eta festaz gozatu besterik ez dugula egin nahi, beste inork hori oztopatu behar izan gabe».
Emakumeen aurkako erasoei aurre egiteko, bestalde, aurten puntu moreak egun bat gehiagoz egongo dira zabalik, igande eta astelehenaz gain, ostegunean ere zabalik egongo baitira, eta lehenbiziko aldiz erasoen aurkako protokolo bat landu da hiru ostalaritza establezimendurekin, lehen arreta egokia eman eta espazio seguruak sustatzeko.
Tolosako inauterietako establezimendu laguntzaileak: Desacristal, Iurre Taberna, Zabala Kafeak, Tolosako Herri Sagardotegia, Egoki Taberna.

Euskorpora elkartera batu da EHU
.jpg)
Alaitz eta Maider ere egonen dira Latzen, Skatu eta Afu taldeak itzuliko diren Hatortxu Rocken

Realizadas 49 de las 74 solicitudes de eutanasia en la CAV, con una edad media de 74 años

Confirman la presencia de una microalga potencialmente tóxica en La Concha
