Kazetaria / Periodista
Elkarrizketa
Luca Ricci
‘Erroman Euskaraz’ ekimeneko gida turistikoa

«Ez naiz ez romanista ez laziale, baina ondo ezagutzen ditut hemengo ultrak»

Athleticek Erroman jokatuko du Europa Leagueko joaneko partida. Luca Italiako hiriburuko gida turistikoa da, eta euskaraz ere lan egiten du, ‘Erroman euskaraz’ proiektuan: «Hemen izaten ditugun arazoak Donostian daudenen antzerakoak dira, eta horri buruz hitz egiten dut Euskal Herriko jendearekin».

Luca Ricci (erdian argazkian txanoa jantzita), Erromako kaleetan lanean.
Luca Ricci (erdian argazkian txanoa jantzita), Erromako kaleetan lanean. (NAIZ)

Erroma ez zen egun batean eraiki: horregatik gida turistikoak existitzen dira, Betiko Hirian, guri gogorarazteko. Italiako hiriburuan ehunka lagun daude turismo sektorean lanean. Kalez kale ikus ditzakezu, Colosseo-n zer egiten zen azaltzen, edota Aita Santua non bizi den... Zenbatezina da eguneroko turisten kopurua. Gainera, aurten, Urte Santua dela-eta, egoera narrastu egin da. Okerrik ezean, euskaraz aritzen den gida bakarra dago: Luca Ricci deitzen da eta Euskal Herritik etortzen diren turistei laguntzen die Erromako kaleetan. Bere moduan, noski, ‘Erroman euskaraz’ proiektuari esker.

Nongoa zara zu, goitik behera erromatarra?

Erromatarra eta trasteverinoa, Trasteveren jaioa, alegia. Erromako auzunerik turistikoenetako bat da, erabat turistikoa bihurtu den hirian. Familia ere erdigunekoa dut. Pantheon eta Piazza Navona artean bizi zen amama.

Lan asko duzu Euskal Herritik etorritako turistekin?

Futbolari esker, bai. Jende piloa etorri da aurten, hiru neurketa izan ditugu eta! Lazio-Reala eta osteguneko hau bigarren Roma-Athletic izango da. Orokorrean, ia egunero Euskal Herritik etorritako turistekin egon naiz, martxotik abendura bitarte.

Zenbat balio dute eskaintzen dituzun zerbitzuek? Zein da tarifa?

Ez dago. Parte hartzaileek ordaintzen dute nahieran. Proiektua ez zen jaio dirua poltsikoratzeko, baizik eta euskara bultzatzeko. Eskola batzuekin ere lan egiten dut. Horrez gain, ni gida turistikoa naiz egunerokoan, eta horretan, bai, tarifak eta prezioak badauzkat.

Ageriko galdera, nola ikasi zenuen euskara?

Erroman orain dela denbora piloa gaztetxe bat (centro sociale) zegoen euskara ikasteko. Erasmusen zeuden lagun batzuek klaseak ematen zituzten, eta ni apuntatu nintzen, jakina. Gero, 2014an, Bilbora joan nintzen, eta nire kabuz ikasi nuen. Hartu nuen erabakia guztiz politikoa zen, Euskal Herriko mundua beti interesatu zaidalako.

Noiz hasi zinen ‘Erroman euskaraz’ proiektu honekin?

Justu pandemia aurretik, baina ongi mantentzen da.

Eta nola sentitzen dira euskaldunak Erroman?

Primeran portatzen dira! Udan familiak etortzen dira, bai Hegoaldetik bai Iparraldetik. Betiko ibilbideak egiten ditugu: Colosseo, Vaticano, museoak eta, bukatzeko Trasteveren, nire auzunean. ‘Prest’ edo ohituta datoz.

Zer esan nahi duzu?

Turistak Erroma itotzen ari direla, Donostia bezala. Eta hona etortzen diren turistekin informazioa partekatzen dut. Euskal Herrian ere gero eta gehiago agertu dira azken urteetan hemen pairatzen ditugun arazoak. Donostiako erdigunea Trastevere bezalakoa bihurtu dela ikusten dut. Eta jatetxeak? Denak berdinak, denak garestiak, eta agian mafiak kontrolatuak.

«Euskal Herrian agertu dira azken urteetan hemen pairatzen ditugun arazoak, Donostiako erdigunea Trastevere bezala bihurtu da»

Eta zuk zer uste duzu horri buruz?

Saiatzen naiz Erroma ez mitifikatzen. Nire hiria ez da saltzeko produktu bat, turismo masiboari begira bakarrik. Jendez gainezka dago egunero, eta 50-60 pertsoneko multzo bat ikusten dudanean, erdiguneko kaleak oztopatzen, pentsatzen dut: ‘Baina ze kristo da hori? Zer ulertuko dute?’. Hala ere, euskaldunek kontzientzia gehiago dute. Eskerrak.

Zer gustatzen zaie gehien Euskal Herriko turistei?

Orokorrean, nirekin daudenean koadrilla moduan mugitzen gara. Koadrila txiki bat, noski: 5-6 pertsona. Taberna bitxiren batean sartu nahi dute, adibidez, trago bat hartzeko eta hitz egiteko. Trastevere zentzu horretan ezin hobea da. Inperioaren historia gustuko dute, eta kokapenaren arabera ziur aski Pantheon. Egia da bat-batean agertzen dela eta efektu ikaragarria duela. Aldiz, Fontana di Trevi ez zaie asko gustatzen, nire ustez jende gehiegi dagoelako.

Futbolari dagokionez nola moldatzen zara? Aholkuren bat ematen diezu turistei?

Lehenik eta behin, partidaren egunaren aurreko gauean Athletic edo Realaren kamiseta eta bufanda kentzeko gomendatzen diet. Behin baino gehiago salatu dut Erromako egoera tifosiekin nahiko korapilatsua dela. Egunean zehar, aldiz, ez dago arazorik erdigunean paseatzeko, ‘aske’ nolabait esateko. Ni ez naiz ez romanista ez laziale, Euskadiko estadioetan Italiakoetan baino gehiago egon naiz egia esateko; baina ondo ezagutzen dut nola ikusten dituzten aurkariak hemengo ultra horiek.

Bide batez, denboraldi honetan bai Athleticzaleek bai Realzaleek sekulako arazoak izan dituzte...

Irailean eta urtarrilean ni egon nintzen bertan, nolabait filtro egiten eta fisikoki laguntzen, Trasteveren. Azken istiluen ondorioz 14 egunez izan ziren ospitalean bi Realzale eta hor ere egon nintzen haien zain.    

Ezohiko auzo bat bisitatzeko, Erroman, zer gomendatzen duzu?

Esango nuke Testaccio [Romako entrenatzaile Claudio Ranierirena, hain zuzen ere]. Bere benetakotasunari eusten dio, oso ‘erromatarra’ da eta erdigunetik nahiko gertu dago. Bestela, Garbatella [hau Giorgia Melonirena].    

Bukatzeko, Erroma hitz gutxitan zer da zuretzat?

Une berean maite eta gorroto dudan hiria. Nire auzoa Trasteverek azken hamarkadan biztaleriaren %40a galdu du, jende asko (lagunak barne) kanpoalderantz mugitu da, baina domino efektu bat da. Gaur egungo kanpoaldea laster erdigune berria bihurtuko da eta. Atera kontuak: Erromako azalera Madrilgoaren bikoitza da, horrenbestez oraindik eraikitzeko leku asko dago.