NAIZ

Mikel Urdangarinek ‘Mundua eder’ kantaren bideoklipa aurkeztu eta bira berriari ekin dio

‘Mundua eder’ diskoari izena ematen dion kantaren bideoklipa aurkeztu du Mikel Urdangarinek, bira berriari ekiteaz batera. Kantan Izaro Andres eta Kirmen Uribek hartu dute parte, eta bideoklipean Josu Veneno eta Juan Carlos Rodriguezek.

2024ko abenduan argitaratu zuen Mikel Urdangarinek ‘Mundua eder’ diskoa eta, orain, diskoari izena ematen dion kantaren bideoklipa sareratu berri du, bira berriari ekiteaz batera.

Kantan Izaro Andres abeslari mallabiarraren ahotsa entzun daiteke eta letra, aldiz, Kirmen Uribe idazle eta poetak egina da. Bideoklipa, berriz, Josu Venenoren zinema zuzendaritzapean egin da eta leku berezia betetzen dute Juan Carlos Rodriguezen argazkiek.

Abestiak mundu gizatiarraren edertasunaren ikuspegi ezberdinak eta harremanen alderdi emozionala aztertzen ditu, existentziari buruzko hausnarketak eginez.

Gainera, Mikel Urdangarin da Araba Euskarazen aurtengo jaiaren abestiaren egilea. Abesti honen letra ere Kirmen Uribek idatzi du, eta Urdangarinekin batera, beste hainbat artistak ere parte hartu dute ahotsa jarriz. Abesti hau martxoaren 28an aurkeztuko da ofizialki, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian izango den kontzertu berezian. Kontzertu honetan, Urdangarinek bere lan berriaren abestiak zuzenean aurkeztuko ditu, eta horien artean, Araba Euskarazen kanta ere lehen aldiz jendaurrean abestuko du.

Kontzerturako sarrerak salgai daude arabaeuskaraz.eus webgunean, 20 euroko prezioan. Egunean bertan ere erosgai egongo dira, 24 euroan.