
Gorputzeko organo guztietan aurkitu da plastikoa; ama-esnean, plazentan, odolean. Jan egiten dugu, baina momentuz ez dago argi zein neurritaraino den kaltegarria gure organismoarentzat. Ikerlariek uste dute gakoa dosian dagoela, eta plastiko kontzentrazioa txikia bada ez dagoela arazorik, baina kantitatea handitzen badoa, orduan bai. Adibidez, plazentaren kasuan, horren lana jaiotzear dagoen haurrari nutrienteak eramatea denez, plastiko asko badago lana oztopatu dezake eta jaioberriek garunaren garapenean arazoak izan ditzakete.
Hori dela eta, jakinda gaur egun mikroplastikoen arazoa globala dela eta horiek ez irenstea ia ezinezkoa dela, gure esku dagoena egin dezakegu ahalik eta gutxien jateko. Hala, badaude elikagai batzuk mikroplastiko gehiago dituztenak beste batzuk baino.
Plastikoak beraiek baino, kezkagarriak dira ftalatoak, plastikoak malguagoak izatea eragiten duten substantzia kimikoak. Itsasoan plastikoekin dagoen arazoa ikusita –dagoen zaborraren %80 baino gehiago plastikoa da–, lehentasuna eman zaio ekosistema horietan bizi diren animaliak aztertzeari. Plastiko gehien jaten dituzten arrainak ur ez oso sakonetan bizi direnak dira; bakailaoa, sardina zein antxoak, adibidez, material hori ez delako erraz hondoratzen.
Arrain handiak jan ahal izateko tripak kentzen zaizkienez, irentsi dituzten mikroplastiko gehienak ez ditugu guk jango –orain arte ez da aurkitu plastikorik arrainen haragian–, baina ez dizkiegu tripak kentzen muskuilu, txirla, ostra, bibalbio, izkira edo ganbei. Adibidez, kalkulatzen da 225 gramo muskuilu janez gero, 7 gramo mikroplastiko irentsiko genituzkeela.
Baina arrain eta itsaskietan soilik ez dago arazoa, prozesatutako janarietan ere aurkitu izan dituztelako ftalatoak –plastikoak malguagoak izatea eragiten duten substantzia kimikoak–, prestatzerakoan edo gordetzerakoan plastikoa erabiltzen delako. Esnekietan ere aurkitu dute substantzia hori, batez ere hezetasun gutxiko produktuetan eta ez hainbeste esnean.
Plastikozko botila edo edukiontzietan saltzen dituzten produktuek ere, urak edo bestelako edariek, adibidez, mikroplastikoak dituzte; hobe da kristalezko botilak edo latak dituzten produktuak erostea.
Pentsa dezakegu frutak eta barazkiak jatea dela konponbidea, baina lurzoruak aztertuta konturatu dira plastikoen eraginez nutriente gutxiago jasotzen dituztela landareek, eta substantzia kimikoak sustraietatik sartu eta landarea kutsatzen dutela. Sagarretan ere nanoplastikoak aurkitu dituzte. Arnasten dugun airean ere molekula plastikoak daude.
Elikagai organikoak kontsumitzea ere ez da berme bat, plastikoen arazoa edonon dagoelako eta ez delako produzitzeko modu batera soilik mugatzen soilik.
Astero kreditu txartel bat jaten dugu
WWFk argitaratutako ikerketa baten arabera, astero 5 gramo plastiko irensten ditugu; alegia, kreditu txartel bati dagokiona. Beste ikerketa batzuen arabera, hormonetan alterazioak eman daitezke eta horrek obesitatea, antzutasuna edo diabetesa izateko arriskua dakar. Hala ere, ikerketak ez dira bateratuak eta ez dira adostasun batera iritsi oraindik, eta horregatik ezinezkoa da gizakion osasunean plastikoek izan ditzaketen eraginak aztertzea eta zerbait ontzat ematea.
Mikroplastikoak, kaltegarriak edo ez, gure gorputzean ditugula errealitate bat da, eta hori naturala ez denez, mugak jartzen saiatzen ari dira erakunde publikoetan. Adibidez, Europar Batasunak kilo bat plastikotik zenbat miligramo askatu daitezkeen mugatzen du, gizakiek horrekin kontaktua izatean ahalik eta gutxien jaso dezaten.
Etorkizuneko erronka plastikoa ordezkatuko duen material eraginkor bat aurkitzea da, baina egun ez dago. Badaude material batzuk zenbait produktutan ordezkatzen ari direnak. Banbua (kotoi-zotzak, hortzetakoak, lastotxoak), kristala (botilak, tupperrak) eta kartoia (kaxak) erabilgarriak dira bakoitza bere kasuan, baina ez dute denetarako balio eta ez dituzte plastikoak dituen ezaugarri desiratuak: malgua, arina eta iraunkorra. Ekoplastikoak ekoizten hasiak dira, baina garestiagoak dira.
Plastikoak murriztearen alde eman zen pauso handia izan zen plastikozko poltsei prezioa jartzea. Ordutik, gutxi dira erostera euren poltsa berrerabilgarria edo orgatxoa eramaten ez dutenak. Soltean erosteko aukera ematen duten saltokiak ere badaude: saltoki berezituak denetik saltzen dutenak, esnea kristalezko botila berrerabilgarrietan saltzen duten makinak, baserritarren barazki saskiak, ohiko frutadendak...
Beste pauso bat kosmetika arloan izan zen. Defolianteen kasuan, orain abrikot hezurra bezalako materialak erabiltzen dira, eta plastikozko purpurina debekatu zenez, efektu distiratsu berdina lortzen duten material biodegragarriak ekoizten dituzte.
Eguneroko pauso txikiak
Erabilera bakarreko plastikoak baztertzeko guk geuk egin ditzakegun zenbait keinu badaude. Adibidez, harategi eta arraindegietara ere posible da gure ontzia eramatea, plastikozkoa bada ere, bertan banatzen duten plastikodun paper arraro hori alde batera uzteko; kafetegi batean eramateko kafea eskatu nahi badugu, gure edalontzi propioa eraman dezakegu (badaude tolesgarriak diren silikonazkoak eta guzti, poltsiko batean sartzen direnak); gurekin beti eraman dezakegu telazko poltsa bat, tolestuta, erosketaren bat eginez gero plastikozkoa erabili behar ez izateko (gogoratu noizean behin garbitu egin behar direla, batez ere janaria erosteko erabiltzen baditugu); hobe iturriko ura edaten badugu, botilakoa baino, Euskal Herriko ura oso ona baita, honek ere nanoplastikoak baditu ere; eta ura kalera eramaten badugu, badaude aluminiozko edo berrerabilgarria den plastikozko edo banbuzko botilak.
Era berean, komeni da etxean ditugun plastikozko ontzi, plater eta edalontziak aztertzea, denak ez baitira aproposak ontzi-garbigailu eta mikrouhin labean sartzeko; sartuz gero, nanoplastikoak edo substantzia kaltegarriak askatu daitezke. Normalean atzeko aldean adierazten da ea aproposa den edo ez, ikur batzuekin. Honi lotuta, hainbat produkturekin datozen plastikozko edukiontziak berrerabili ditzakegu, ez mikrouhin-labean sartu eta janaria berotzeko, baina bai agian parkera fruta eramateko edo gastatutako pilak gordetzeko. Izan ere, Europar Batzordeak adostu du 2030erako ekoizten diren plastikozko edukiontzien %55 berrerabilgarriak edo birziklagarriak izan beharko direla. Hau adierazgarria da zeren kontsumitzaileok edukiontzi horira botatzeko plastikoen zabor poltsa betetzen dugu, txukun-txukun birziklatzeko asmoz, baina errealitatea da plastiko mota asko ez direla birziklagarriak.
Hori dela eta, ondo dago guk, norbanako bezala, gure ingurugiro eta gure osasunaren alde ahal duguna egiteko konpromisoa hartzea, baina kendu dezagun erruaren zama, ez baitago gure esku arazoa konpontzea. Legeak alde izan behar ditugu eta lege horiek nork jarriko dituen martxan, hori erabakitzea bai dagoela gure esku.

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte

Europan fabrikatu eta erabilitako motrailurik zaharrena aurkitu dute Trebiñun

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari

