
Hiru egunetarako sarrera denak salduta zituztela iritsi dira En Tol Sarmiento taldekoak BECera gaurkoan, hiru saioetatik lehenengora. Ateak zabaldu orduko publikoa erruz joan da pilatzen Bizkaia Arenan, bidean Sugarri Fanfarre durangarraren doinuez gozatzeko aukera ere izan dute.
Sartu orduko lepoan jartzeko zapi bana eman diete bertaratutako guztiei «Zure eskutik XX» idatzita zuela. Taldeak hogei urte betetzen dituela ezin ahaztu gaurkoan. Bertaratu diren askori falta zitzaien osagarri bakarra zen, futbol taldeetako elastikoak, ikurriñak… soinean baitzituzten. Herriko festak izatea nahi zuten eta jendeak hala hartu du mezua. Edariaren prezioa, ordea, ez da txosnetakoa izan, BECen ginen. ‘Bihotzen konkista’ jartzen zuen Bizkaia Arenako oholtzaren albo banatako pantailetan eta azpian QR kode bat ere bazen. Disko berria ote dator? QRko formularioa bete dutenek jakingo dute hori lehendabizi.
Andoni Ollokiegi 18:30ean agertu da oholtzan, bazkalosteetan egiten duen gisako saioa eskainiz, David Escudero biolin-jotzailea lagun zuela. Publikoa bero eta poltsikoan lehen unetik. Ollokiegiri berdin dio Zuberoako auzo batean dagoen edota BECen, mundu guztia dantzan eta kantari jartzen du, umore berarekin, zirtolari, hasi eta bukatu barruan duen dena ematen du. Berriz ere maiteko du Euskal Herriak Pasaiako musikaria.
Euskal musikaren errepertorio zabalari errepaso ederra eman diete. Gurean bukaera emateko klasikoa den ‘‘Xalbadorren heriotzean’’ kantuarekin eta «Gora Euskal Herria Askatuta!» oihukatuz eman dio hiru ordu laurdeneko emanaldiari akabera. Segidan, Gozategi taldea igo da oholtzara.
‘Afrika ungumama’ intro moduan erabili eta ‘Korrika’ kantuarekin eman dio hasiera bere ordubeteko saioari Gozategik. Beste klasiko bat segidan, ‘Pakia beyau’, Bizkaia Arenako pista bete samar zela dagoeneko. Denak dantzan eta saltoka jarri dituzte lehen notatik gozategitarrek. Kalejirak, helduta dantzatzeko kantuak, sueltoan aritzekoak… plaza taldeak bogan dauden honetan, Gozategi bada horren ikur nagusietako bat gaur egun.
Une ederrenetako bat ‘Don Jose’ kantua jo dutenekoa izan da. Pistan zein harmailan kate luzeak osatu dira kalejira ederra eginaz. Askotan esan izan du Iñigo Goikoetxeak magia izaten dela Euskal Herrian kalejirarekin gertatzen dena, «ondokoa zein den axolarik gabe eskutik hartu eta saltoka eta dantzan jartzen baita». Eta arrazoi osoa du Urdiaindarrak. Dantzatzen eta abesten duen herria ez da hilko, eta gureak gaurkoan erakutsi du abesten eta dantzatzen badakiela. Eta herri honen beharretako bati egindako kantuarekin, ‘Euskal selekzioa’ abestiarekin, segi dute ehunka lagunek harmailetan atzera-eta aurrera saltoka. «Egia bihotzean, ahoan euskara, galdutakoan ere irabazle gara» idatzi zuen Andoni Egañak, beraz, badakigu, garaipena gure esku dago.
ETSren bi ordu eta erdiko ospakizuna
40tik gora kantu eskaini ditu Iekorako taldeak gaurkoan. Gonbidatuak ere ziento bat izan dira oholtzan. Lehen zati luzean txarangak lagundu ditu, eta Iekorako dantzariak, Iñaki Ortiz de Villalba, Joselu Anayakekoak, Duplakoak, Idoia Asurmendi, Josune Arakistain ‘Süne’ eta Uxue Amonarriz izan dira gonbidatuak.
Beren kantuez gainera, Betagarrirenak, Joselu Anayakenak, ZETAkenak, Huntzarenak eta elektronikako klasikoren bat ere entzun da. Baita arin-arina eta Jon Maia eta Maddalen Arzallusek abestutako bertsoak ere. Oso herriko plazako erromeria giroa bilatu du ezbairik gabe ETSk.
20:57an erloju bat jarri dute martxan, hamar minutuko atzera kontaketa eta erlojuan gauerdia helmuga. Festari hasiera emateko ahots batek hala zion: «Milaka eta milaka kulturaren artean berezia gara. Gure kultura bizirik dago belaunaldiz-belaunaldi arabasoek transmisioa landu dutelako. ETS hemen sortu zen eta zuei esker jarraitzen du bizirik sugarrak, jai guztietan pizten duzuen sugarrak. Gaur su bihurtuko dugu sugarra. Hemen badago zerbait batzen gaituena, familia gara, komunitatea. ETS zuek zaretelako. Gaurkoa ahaztezina egin dezagun». Harmailan agertu da Iñigo Etxezarreta, bizkarrean Yekora jartzen zion blusa soinean duela. Zapia eskuetan hartzeko eskatu die bertaratuei eta txupinazioa jaurti ostean, zapia leporatu eta festari hasiera eman zaio. Txaranga sartu da, ‘Lesakako ihauteriak’ jo eta segidan taldearekin batera ‘Aukera berriak’ abestia etorri da.
Lehen konfetiak eta ‘Egingo dugu eztanda’ segidan. Bi arrakasta esanguratsu lehen uneetarako, jendea goian jartzeko nahia argia izan da. Ikus-entzuneko show baten aurrean izan gara eta hala izango dira datozenak ere. Oholtzaren disposizioan pasarela bat ere bazen, kamera zenital batekin. Argi-joku ederra antolatu dute eta pantailetako proiekzioak ere oso koloretsuak ezbairik gabe. Festa izan da ardatz nagusia eta festa hori irudikatu da uneoro.
Etenik gabe etorri dira ‘Zure mundua’ eta ’Zein erraza’ abestiak. Lehen bloke nahikoa rockeroa, haizeen presentzia esanguratsuarekin. 2014-2020 tartean sortutako abestiak guztiak ere. «ETS plazetatik sortu den taldea da eta gure herriko plaza ekarri dizuegu gaur. Hau da Iekora eta hau da gure jendea» esan du Etxezarretak abestiak bukatu orduko eta ‘Bercijana’ bertako dantza tradizionala eskainiko dute Iekorako dantzariek.
Guztiak oholtzatik jaitsi eta azken diskoari izena ematen dion ‘Guretzat’ etorri da. Reggaetoi erritmo nabarmena duen abestia. Publikoak pozik abestu du eta mugikorren argiak piztuta alde batera eta bestera mugitu dituzte geratu gabe kantuak iraun duen bitartean. Doinu eta erritmo latinoetan segi dute oholtzan ‘Zerura begira’ kantuarekin eta hor agertu da saxoa joz Pirata, eta hura aurkezteko baliatu dute.
Reggae kantua atzetik, ‘Logela honetan’ beste arabar batekin batera abestua izan zena bere garaian, ‘Green Valley’ taldeko Ander Valverdek hartu baitzuen parte abestian. Gaurkoan, ordea, ez da oholtzara igo. Reggae estiloan hasi eta Iñaki Ortiz de Villalba aurkeztu ostean, Betagarriren ‘Euri tanta bakoitzean’ abestu dute elkarrekin. Publikoak berriz ere ozen abestu duen une horietakoa izan da. Atzetik ‘La chica del batzoki’ ere abestu dute eta «Gora Euskal Herria askatuta!» oihukatuz agurtu da gasteiztarra.
Pianoaren goxotasuna
Nahikoa da piano goxo bat bere bakardadean kantuaren sarrena dena lasaitzeko. Goxotasun hori kontrastean egon da bateriaren tinbalen hotsarekin ‘Berriro has gaitezen’ abestian. Ereserki kutsua duen horietakoa, epikotasuna bilatzen duen abestia. Atzeko irudian itsasoko irudiak agertzen ziren, «urak dakarrena urak daroa» zionari erreferentzia egin nahian edo. Izan ere, harreman bat zerotik hasteari buruz hitz egiten du abestiak. Erritmo aldaketa eta berriz ere denak saltoka ska-rock giroko ‘Gelditu denbora’ abestiarekin. «Tik-tak, tik-tak» abesten zuen bitartean publikoarekin hartu-emana bilatu du Etxezarretak. Antzera jarraitu du kontzertuak ‘Itxura’ abestiarekin. Diskotik diskora saltoka ibili gara kontzertu guztian. Baina, bapatean, ‘Katedral bat’ jo dute abesti horren baitan, medley moduan. Plaza taldeen joera gogorarazi dute honekin ETSkoek.
Etena etorri da trikitilari bat bi dantzariz lagunduta ‘Neska zaharrak’ arin-arina eskaintzera igo denean. Publikoan aprobetxatu duenik ere izan da. ‘Itzalizazu argia’ kantua etorri da atzetik, Duplakoek lagunduta, Beñat Oribe baterian eta Gari Uriarte abesten eta Iñigo Etxezarretarekin dantzan, koreografia prestatu dute okasiorako beste sei dantzarirekin batera. Abestia bukatu, pasarelan atzera egin eta oholtzako eskilarak igo eta Joselu Anayakekoak agertu dira. Gasteizko Txosnentzat egindako ‘Etorri gugana!’ abestia kantatu dute elkarrekin. «Heldu ondokoari sorbaldatik eta salto egin ezkerrera eta gero eskuinera, pertsona bakarrak ez badu parte hartzen, honek ez du funtzionatzen», esan die bertaratuei Gari Uriartek eta denak elkarrekin salto eta dantza egin dute. Publiko eta oholtzakoak bat eginda.
Segidan erromeriak jarraitu du, txarangakoak oholtzara eta Joselu Anayak akordei eta guzti ‘Marina’, ‘Ay, Anselma!’, ‘Furra furra’, ‘Hau dek umoria’, ‘Ikusi mendizaleak’ eta xxxx eskaini dituzte. «Ea zapi horiek!» oihu egin eta zapiak astinduz jarri du Iñigo Etxezarretak BEC guztia. Argazki ederra utzi du momentuak. Atzetik balkoitik balkoira ariko balira bezala bina bertso abestu dituzte Jon Maiak eta Maddalen Arzallusek. Euskarari eta Euskal Herriari egin dizkie erreferentziak, En Tol Sarmientoren abestiei aipamenak ere eginaz.
Araba, Iekoratik Aramaiora
«Araba, zazpigarren alaba» abestu zuen garaian Gorka Knörrek eta askotan ahazten zaigu Arabaren mugak non hasi eta bukatzen diren. Bada, Iekora eta Aramaio elkartu dira oholtzan Idoia Asurmendi agertu denean. Jende artetik ‘Bagare’ abesten hasi da eta publikoak berarekin batera abestu du. Oholtzaren kontrako aldeko armailan beste oholtza bat zuten jarrita, pareteko piano eta guzti.
«Momentu honetan isiltasun pixka bat eskatuko dizuet. Niretzako bereziak izan dira kantu hauek eta ziur askorentzat ere hala izan zirela. Barneko munduan askotan galduta gaude eta horri irtenbidea eman nahi izaten diegu. Duela gutxi galdu nuen lagun Oierrentzat eta duela 22 urte galdu nuen anaiari eskaini nahi diot bestea. Ez dago hemen, baina ziur gurekin dela. Eman diezaiogun osasun mentalari behar den lekua munduan», esan du erabat hunkituta Iñigo Etxezarretak. Pianoan eseri da Idoia eta elkarrekin abestu dute ‘Zaindu nazazu‘. Idoia oholtzatik irten eta modu intimoan segi du ‘Aurkitu genituen’ kantuarekin. Jendartetik gurutzatu du pista Etxezarretak, ilargi bete erraldoi bat hondoan zuen oholtzara iristeko, bi dantzariren konpainian.
Atseden kamuflatua eta elektronika
Elektronika baliatuz egindako intro bat erabili dute taldekideek oholtzatik irten eta minutu batez atseden hartzeko. Gitarra elektrikoa soinean hartu eta berriz ere oholtzara agertu dira Iñigo Etxezarreta buru zutela taldekideak. ‘Beste behin’ kantu arrakastatsua izan zen etorri zen abestia, 2019ko ‘Aukera berriak’ diskoan aurkitzen dena. ‘Beldurrik ez’, ‘Sexuarekin’ eta ‘Zure eskutik’ kantuekin osatu dute blokea.
Theremina, zutikako txalaparta eta sekuentziadorearekin agertu da Pello Reparaz oholtzan bapatean. Intro bat egin eta batukada moduko bat inguruan zutela haiengana hurbildu da arbizuarra. Haietako bati aurpegiko zapia kendu dio eta Iñigo Etxezarreta zen, elkar besarkatu eta ‘Itzulera’ abestu dute batera. BECen bildu diren asko eta askorentzat une magikoa ezbairik gabe. Ez dugu ahaztu behar Reparazek berak ETSren sorkuntzan ekoizle papera ere hartu duela inoiz. Harremana aspalditik dator, beraz.
Elektronika doinuekin jarraitu dugu atzetik, eta pistan halako laser batzuk ere egin dute efektu berezi bat diskoteka baten pistaren itxura hartuz BECeko Bizkaia Arenak. Süne igo da oholtzara eta ‘Gu geu garena’ abestu dute elkarrekin. Proiekzioetan neon itxura hartzen zuren argi urdin eta arrosak ikusten ziren. Giroak eta musikak bat egin dute ezbairik gabe. Eiffel 65en ‘Blue’ mitikoa etorri da atzetik Aviciiren ‘Levels’ kantuarekin medley bat osatuz.
Bi horien atzetik ‘Sumendiak’ kantua eskaini dute, «Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko zubi bat da hau» esan du sarreran Etxezarretak. Izan ere abestia izatez Herrialde Katalanetako Buhós taldearen ‘Volcans’ da. Piroteknia pixka bat eta publiko guztia abestuz, hori da kantuarekin gertatu dena. «Eskuak goian mesedez» eskatu die abeslariak bertaratuei eta publikoak txaloekin erantzun. Badaki hartu-eman hori bikain bilatzen arabarrak.
Momentu hunkigarria
Amarekin Iñigo Etxezarretak izandako telefono dei bat eta atzetik amonarekin izandako beste bat jarri zuten segidan. Gero amonarekin bideoklipean ikusi genuen bideoaren pasarte osoa. Flamenko girora eramaten gaituen ‘Abuela maitea’ etorri da orduan. Bi gitarra akustiko, baxua eta kaxa flamenkoa lagun, pasarelaren amaieran u forman kokatu dira taldekideak. Jendeak gogotik abestu du kantua, izan ere abesti hau entzun eta nori etzaio etortzen bere amona gogora? Abestia bukatu ostean, amonari kantua jo zioneko zatia ere agertu da. Txalo zaparrada ederra jaso dute.
‘Barkaidazu’ kantua etorri da atzetik oholtzako eskaileretan eseri da Etxezarreta. ‘Guretzat’ diskorako egin zutenean Etxezarretak esan zigun pop ereserki bat zela eta horretan erreferente garbia zela berarentzat Elorrieta. Bada gaur ez da elkarketarik eman, ea hurrengoetan.
Alboka doinuak oholtzan, Maurizia Aldeiturriaga gogora ekarriz eta berriz ere Josune Arakistain oholtzara agertu da, kasu honetan Uxue Amonarrizekin batera, ‘Aldapan gora’ jotzeko ETSkoen konpainian.
Txaranga eta azken txanpa
Berriz ere jendartera jaitsita, Iekorako estandartea eskuan zuela, ‘Kabila’ joz ari zen txarangak lagunduta sartu da Iñigo Etxezarreta Bizkaia Arenako pistara. Azken txanparen sarrera izan da ‘Zuengatik topa’ kantuarekin egin dutena. Gazteleraz abestu duten bakarra izan da ‘Hacia la luna’, beren kontzertuetan hutsik ez duena egiten ia inoiz. Publikoak pozarren hartu duen abesti horietakoa. Zati txarangero ederra batu diete Piratak eta konpainiak abestiari. ‘Musikaren doinua’ eta ‘Ametsetan’ klasikoekin goia jo du BECeko publikoak. Denak saltoka, abesten, erotuta… «Egingo dugu eztanda» esanaz hasi bada kontzertua, hauxe izan da detonazio unea. Hogei urte hauetan kontzertuetan bizi izandako momentuak jarri dituzte pantailetan une horretarako.
Konfetiak jaurti eta agur esan duten arren, BISak ezin zuen hutsik egin; kantu bateko bi izan diren arren, bien aurretik publikoak «Beste bat!» eskatzen zuen bitartean. Baretik eta goxotik eman diete bukaera gaurkoari, azken kantuak elkar hartu eta abestekoak izan baitira. Erretiratzera bideratzen duten kantuak, baina erretiro goxora, lagunekin eta ingurukoekin hunkitu ostean, ‘Heldu da garaia’ eta ‘Zurekin batera’ aproposak dira horretarako, eta hala izan da. Etxezarreta bera negar malkotan, abestu ezinda geratu da azken abestian. Bera eta gitarra baino ez abesterakoan, isildu den arte. Publikoak bukatu du abestia, ETSko gainerakoak oholtzan agertu diren bitartean. Txalo zaparrada eta agurra.
‘Zure eskutik’ zioen zapiak, eta elkarrekin bete dituztela 20 urte ETSk eta publikoak nabarmendu du behin eta berriz taldeko abeslari Iñigo Etxezarretak. Datorren asteburuan beste bi hitzordu izango dituzte, beste bi ospakizun handi, lozorroan sartu aurretik. Edo ez. Hori laster jakingo dugu, 2026an izango baita ‘Bihotzen konkista’, datorren astean jakingo duguna zer den.

Un estudio genético prueba que María Branyas, de 117 años, «tenía una microbiota como una niña»

«La juventud necesita espacios para respirar y poder desconectar»

«Pequeña y con algo de caña, ron y música, ¿el peligro es que Cuba no se arrodilla?»

Más de 40.000 resonancias magnéticas se acumulan en las listas de espera de Osakidetza
