NAIZ

Euskarazko diktaketa-sistema berria, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako

Euskara ulertzeko eta idazteko gai den eta umeen ahotsetara egokitu daitekeen diktaketa-sistema berria garatu dute, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteek ikasketa prozesuan erabili dezaten. Orain arte ez dute horrelako tresnarik izan eskuragarri, euskaraz funtzionatu dezakeenik.

Gaur aurkeztu dute sistema berria.
Gaur aurkeztu dute sistema berria. (IKASTOLEN ELKARTEA)

Haurren ahotsekin ongi dabilen euskarazko diktaketa-sistema berria garatu du Orai NLP adimen artifizialeko zentroak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta, Languneren aholkularitzarekin eta ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiko diru-laguntzari eta SPRIren diru-laguntzari esker.

Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunaren arabera, sistema berria «oso baliagarria» izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa-prozesuan, euskarazko idazlanak egiteko aukera emango baitie, tekleatzeko beharrik gabe, testua hizketa bidez diktatuta. Hain zuzen ere, horiek dira sistemak dakartzan berrikuntzak, euskara ondo ulertzen eta idazten duela, eta haurren ahotsetara egokituta dagoela.

Azaldu dutenez, hizkuntza eta hizketa teknologiak «oso baliagarriak dira hezkuntzaren munduan ikasle guztien inklusibitatea lortzeko bidean». Izan ere, ikastetxeetako egunerokoan erabiltzen diren sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek integratuta dauzkate hizketaren sorkuntzako, itzulpen automatikoko eta hizketaren ezagutza automatikoko sistemak, baina, horietako gehienak ez daude euskaraz erabilgarri, eta ez daude haurren ahotsetarako prestatuta.

Hain zuzen ere, Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen, Languneren, helburua da «hizkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta teknologiaren inklusibitatea lortzea; besteak beste, kontuan hartzen dugu behar bereziak dituzten haurrek teknologia erabiltzeko zer zailtasun dituzten», azaldu du Lohitzune Txarola Languneko zuzendariak. Hortik abiatuta, Orairekin elkarlanean ezarri ziren AskHezi proiektuaren oinarriak duela hiru urte.

Proiektuaren sustatzaileek, halaber, garrantzi handia eman diete euskarazko diktaketa-sistema hau garatu ahal izateko jaso diren dirulaguntzei: Euroeskualdearen Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa programak bi urtez lagundu du proiektua, eta Lakuako Gobernuak ere diruz lagundu du SPRIren Adimen Artifizial Aplikatua deialdiaren bidez.

Euskarazko hizketa testu bihurtzeko Oraik orain arte garatutako tresnak haurren ahotsetara egokitzeko eta eredu neuronalak entrenatzeko, Euskal Herri osoko zenbait ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak grabatu dituzte, hots, 70.000 ahots.

Abian jartzea

Sistema martxan jartzea izango da hurrengo erronka. Izan ere, «plataforma garatuta dago, baina ez da ordenagailuan instalatuta soilik dabilen zerbait», azaldu dutenez. Azpiegitura bat behar du hainbat haurrek aldi berean erabili dezaten, hori da egin beharreko hurrengo pausoa.