
Ernairen ekimenez, Berriozargo antzokian aurkeztu dute gaur Naxker taldeak eta Flako Fonkik apirilaren 17tik aurrera Berriozarren bertan egingo den Gazteon Eskutik ekimenerako sortutako ‘Zein lore’ kantua eta haren bideoklipa eta bihar eguerditik aurrera sarean izango da, baita abestia plataformetan entzuteko aukera ere.
Goizane Vegasek gidatutako ekitaldian, NAIZ Irratiko MusikHaria saioko gidari Iker Gurrutxagak solasaldi bat izan du sortzaileekin bertaratu direnen gozagarri.
Kantuaren ekoizpenean Kiliki aritu da eta bideoa Maitane Camposek zuzendu du, «dena oso denbora gutxian, urtarrilaren erdialdean jaso baigenuen abestia egiteko enkargua», kontatu du Karmele Gurbindo Naxkerreko abeslari eta kantuaren sortzaileak. «Enkargua jaso aurretik, gainera, jendea ari zitzaigun abestia egin behar ote genuen galdezka, eta guk ezetz esaten genuen. Baina, begira nola diren gauzak, azkenean guk egin dugula», aipatu du Nerea Arrasate Naxker taldeko kideak.
Sortze prozesu nahikoa kaotikoa izan dela kontatu digute guztiek eta izenburua jartzerakoan ere izan zutela zalantzarik. «Hasieran ‘Horregatik txanogorritxu’ izan zen ideia, baina kantuari bueltak ematen joan ginen heinean ‘Zein lore’ jarri genion. Kostata, baina horrela geratu zen», esplikatu du Flako Fonkik.
Bertaratu direnek abestiaren bideoklipa ikusteko eta lehendabizikoz abestia zuzenean eta sortzaileen ahotsean entzuteko aukera izan dute. Gainerakoek, bihar eguerdian izango dute Maitane Camposek egindako bideoklip dotorea ikusteko aukera. Bitartean, goizeko ekitaldia entzuteko aukera ere bada albistearen goiko aldean.
Gogoratu, Berriozarren apirilaren 17tik 20ra izango dela aurtengo Gazteon Eskutik ekimena eta bonoak eskuratzeko moduan daudela haien webgunean. Baina, Goizane Vegasek ongi esan moduan, gazteek ez dute «militatzen lau egun horietan ongi pasatzeko soilik. Pausoz pauso independentziarako bidea lantzea da helburua». Gaurkoa, beraz, bide horretan pauso bat baino ez da izan. Pauso ederra.

«La sílice juega un rol fundamental en la creación de la vida»

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETSk Madrilgo Movistar Arena betetzeko erronka hartu du 2026ko apirilaren 25ean

Gatiburen ‘Azken Zoramena’ kontzertua Gernikako San Kristobaleko aparkalekura lekualdatu dute
