NAIZ

ETSk Madrilgo Movistar Arena betetzeko erronka hartu du 2026ko apirilaren 25ean

Hiru egunetan BEC bete ondoren, ETSk erronka are handiagoa iragarri du: ‘Bihotzen konkista’ kontzertu erraldoia eramango du Madrilgo Movistar Arenara, datorren urteko apirilaren 25ean. Aurre-salmenta astelehenean, martxoaren 24an, hasiko da, eta salmenta orokorra 26an.

Ostiralean taldeak eman zuen kontzertuko irudia.
Ostiralean taldeak eman zuen kontzertuko irudia. (MIkel Martínez de Trespuentes | FOKU)

Asteburu ahaztezina izan da hau En Tol Sarmiento edo ETS taldearentzat: Bizkaia Arena (BEC) aretoa mukuru bete dute 45.000 lagunek, hiru egunetan; horrekin aski ez, eta orain, beste koska bat gora egingo du dute, ‘Bihotzen Konkista’ iragarri baitute, kontzertu handi bat Madrilen, Movistar Arena aretoan, 2026ko apirilaren 25ean.

Plataforma digitaletan erreprodukzio gehien dituen eta komunitate gero eta handiagoa duen euskal taldea izanik, erronka kolektibo bat planteatzera dator orain ETS: euskal musikaren eta euskal kulturaren 16.000 zalerekin Movistar Arena betetzea.

Igandean ETBk emandako datuen arabera ez zaie zaila izango. BEC!en taldeak eskainitako 20. urtemugako hirugarren kontzertuak 336.000 ikus-entzulek jarraitu zuten ETB2n eta lider izan zen ordutegi nagusian. Halaber, Primeran eta Guau plataformentan eta eitb.eus-en 8.000 erabiltzailek ikusi zuten zuzenean

Kontzertu bat baino askoz gehiago

Taldeak berak iragarri duenez, ‘Bihotzen Konkista’ «kontzertu bat baino askoz gehiago izango da. ETSk herriko jaietako espiritua eraman nahi du Madrilera, bandaren ibilbidea definitu duen zuzeneko musikaren funtsa, hain zuzen –diotenez–. Horregatik, askotariko parte-hartzaileak igoko dira oholtza gainera, hala nola, bertsolariak, abesbatzak, txarangak, euskal dantza-taldeak eta kolaborazio bereziak, guztien artean euskal kulturaren eta nortasunaren ospakizun handia egiteko Estatuan».

«Euskararen presentzia agertoki berrietan indartzeko aukera historikoa ere bada, euskarazko musikak mugak gainditu eta areto handiak bete ditzakeela frogatuta», gehitu dute.

ETSkoen hitzetan: «Gure mugetatik haratago historia egiteko unea da. Gure herrietako jaiak Madrilera eramatea eta aretoa betetzea sekulako erronka da, baina badakigu gure publikoak harrituta utziko gaituela, beti bezala. Zorionekoak gara bihotzen konkista honetan aitzindari garelako. Garena ospatzeko eta etxean duguna are gehiago baloratzeko bidaia kolektiboa izango da. Ahaztezina izango da».

ETSren ‘Bihotzen konkista’ ikuskizuna 2026ko apirilaren 25ean izango da, beraz, Madrilgo Movistar Arena aretoan, eta ekitaldi horretarako sarreren aurre-salmenta bihar, martxoaren 24an hasiko da, astelehenarekin, 10.00etan. Aurre-salmentan izena emateko, erregistratu behar da kontzertuaren web orrialdean. Salmenta orokorra, berriz, martxoaren 26an hasiko da, asteazkenarekin, 10.00etan, lasttour.org webgunean