Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Elkarrizketa
Iratxe Etxebarria
Kazetaria, ‘7.300 miligramo eszitalopram’ liburuaren egilea

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Kazetaritzan ibilbide luzea egin du Iratxe Etxebarriak, eta bide horretan ardura handiak egokitu zaizkio, EiTBko Irratietako zuzendariorde eta Kiroletako zuzendariorde izatea. Horretan zebilen, estresak jota baja hartu zuen arte. Bizipen hori jorratu du ‘7.300 miligramo eszitalopram’ liburuan.

(Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

«Lanak gaixotu nau». Baieztapen gogorra, zorrotza da...

Lana berez ez da txarra, lanarekin neukan harremana izan da. Batetik, berez lanarekin izan dudan harreman txarra dago. Gu baserritik gatoz eta baserrian lan egin behar da bizirauteko, etxea jausi ez dadin. Bestetik, langileen seme-alabak gara, lana gure identitatearekin oso estu identifikatu dugu, eta askotan horrelaxe aurkeztu gara. Ni neu ere, «Iratxe, kazetaria» bezala aurkeztu naiz, beste ezaugarri eta kualitate asko ditudan arren. Lanean, anbizioak askotan ez dauka toperik, eta gauza batzuk egin edo lortutakoan beste zerbait behar duzu, ardurak hartu behar dituzu, onena izan behar... Gainera, kontsumoaren gizartean bizi gara, eta horrek ez du laguntzen, kontsumitzeko dirua behar duzulako, dirua egiteko lanpostu batzuetan egon behar duzulako, eta horrek exijentzia bat eskatzen du. Berez nekarren hori, arduratsua izate hori, eta horrek gaixotu nau.

Nola, noiz, jabetu zinen gaixo zeundela?

Konturatu nintzenean ez nintzela gai neure burua gorputza zegoen tokian mantentzeko. Gu oporretan geunden, baina neure burua mila kilometrora zegoen, nire lantokian, laneko gauzetan. Nik uste nuen hori normala zela, ardura postu bat nuelako, ezin nuen lantaldea utzi, arduratu egin behar nintzen. Eta ez nintzen konturatu buruak atsedena behar duela, haize freskoa hartzea, beste elkarrizketa batzuk izatea, lanetik apartekoak. Niretzat egunean 24 ordu ziren, astean zazpi egun, lana, lana, lana. Zorionez lan baldintza onak izan ditut, soldata oso ona, eta hori ere bazen tranpa bat: «Tira, lan baldintza hauek ditut eta, beraz, dena eman behar dut. Pribilegiatua naiz eta horregatik ardura eta inplikazio guztiarekin egin behar dut lan». Hori nire tranpa izan zen. Segur aski, nahiz orduan ez jabetu, askoz lehenago gaixotu nintzen.

Zeure buruari presio handiegia jarri zeniola uste duzu?

Bai, bai. Esan bezala, pribilegiatu bat sentitzen nintzelako. Lanarekin neukan harremana toxikoa zen. Beste era batera esanda, nik nire bizitzan lana gaindimentsionatu dut, bizitzako beste arlo batzuei baino askoz pisu handiagoa eman diot lanari, denbora eta energia gehiago bideratu diot, eta horrek gaixotu nau. Badaudelako bizitzako beste arlo batzuk ez ditudanak hainbeste zaindu.

Gaixotu zinenean sentitu zenuen jende batek ez zintuela ulertzen, ez zuela ulertzen zer gertatzen zitzaizun?

Ez dakit jendeak ez nauen ulertu, ez dudalako asko azaldu. Niretzat oso zaila zelako azaltzea zergatik egun batean esnatu eta topera nengoen, indartsu, gogotsu, eta beste egun batean esnatzen nintzen, gosaltzen nuen eta ez nintzen gai dutxara sartzeko edo ohea egiteko ere. Niretzat hori ez da erraza izan. Nik beti eman dut irudi bat euskal emakume indartsuarena, denarekin ahal duena. Eta baja hartuko nuela iragarritakoan, lankideek eta inguruko jende batek esaten zidan, «zu gaixorik?». Ba, noski, horrelakoa nintzelako gaixotu naiz, horrelakoa ez banintz, ez nintzateke gaixotuko.

Gero eta ohikoagoa da lan esparruan halako kasuak ikustea; normalizatu egin dugu gure indarren mugan lan egitea?

Nik ikusten dudana da nire inguruan normala dela nik eduki dudan mentalitate hori. «Lan ona daukat, lanpostu ona, ba horrela izan behar du, hau guztia soldatarekin batera doa». Oso ohikoa da. Ni, orain, coach edo entrenatzaile emozional moduan, azaltzen ari naiz bizitza gurpil bat bada arlo bakoitzak antzeko dimentsioa izan behar duela. Hau da, lanari eskaintzen diozun energia eta ilusioa familiari edo harreman sozialei eskaini behar dizkiozula. Eta baita gorputzari ere, zure osasunari, zure aisiari. Hori delako bizitzea. Bestela, lanak bakarrik betetzen bagaitu, helduko gara momentu batera, erretiroa hartzen dugunean edo baja bat dugunean, hutsik sentituko garena. Muga horretan bizitzea zoroa da. Laneko zurrunbilo horretan, muga-mugan gaudenean, denbora hartu behar dugu geratzeko. Ni, enpresa handi batean lan egiten nuelako eta baja hori hartzen ausartu nintzelako, 18 hilabete egon naiz geldi, baina hortzak garbitzean ere egon zaitezke geldi, edo gosaria prestatzean, geldi pentsatzeko, hausnartzeko: «Ondo nabil, ez nabil ondo?». Atera denbora hausnarketa hori egiteko.

Kazetariak gara; ogibide zaila da lanetik deskonektatzeko?

Eguneroko kazetaritzan bazabiltza, bai. Kazetariak bere profesioa pasioz bizi du, ez dut inor ezagutzen urteetako ibilbidea izan duena kazetaritzan pasiorik gabe. Eta bai, 24 ordu dira egunean. Kazetaritza, ofizio bat baino, izateko era bat da. Nik burnout delakoari buruz hitz egiten dut orain; kazetarioi eragiten digun gaitza ote den galdetzen didate, eta esaten dut lana pasioz bizi dugunoi eragiten digula, izan daiteke kazetaria, medikua, arlo sozialean lan egiten duena... Lana bulegoan uztea ezinezkoa egiten duten ogibideak.

Liburuari “7.300 miligramo eszitalopram” deitu diozu. Zergatik izenburu hori?

Gaixotu nintzenean, etiketa bat jarri zidaten: «Antsietatea». Segur aski, horra heldu baino lehen liburuan kontatzen ditudan gauza batzuk jakin izan banitu, ez nintzateke helduko. Negu luze, ilun eta hotz batean sartu nintzela esaten dut, eta 7.300 miligramo eszitalopram dira negu horren ostean udaberria helduko zela ikusteko behar izan nituenak. Hori baino gehiago hartu dut, baina 7.300 miligramo behar izan nituen neguaren ostean udaberria datorrela ikusteko.

Botikak ezinbestekoak izan ziren horri buelta emateko. Baina ez botikak bakarrik.

Nik esaten dut botikak neguari eusteko beroki bat izan direla, eta psikoterapiari esker, negu hori zeharkatzeko bidea marraztu dudala. Baina gero norberak zeharkatu behar du. Norberak bere aldetik jarri behar du, bere osasunaren arduradun egin behar da. Nire formula I+I+I izan da: irakurri, idatzi eta ibili. Asko irakurri dut, asko idatzi dut eta kilometro asko egin ditut. Irakurtzen nuen burua gauza batean enfokatzeko modu bakarra zelako; idatzi dut, ez nintzelako gai gertatzen zitzaidana azaltzeko; eta asko ibili naiz, konturatu nintzelako ibiltzean neure burua ordenatu egiten zela, eta barruan nituen korapilo asko kilometroak eginez askatzen hasten zirela. Botikak beharrezkoak izan dira; izan ere, psikiatrak zera zidan: «Hemen su bat dago eta itzali egin behar da». Baina landa erretzen denean ez da ezer geratzen, berriro landatu behar da.

Noiz erabaki zenuen liburua argitaratzea? Zergatik?

Konturatu nintzenean nire errelatoa emakume askoren istorioa izan daitekeela, asko garela antzera gaudenak; baina nik baja hartzeko, psikoterapia egiteko eta psikiatra batek artatzeko zortea izan dut. Eta uste dut hau kontatu be- har dela ez bakarrik gaixo daudenak hortik atera daitezkeela ikus dezaten, horretarako ere bai, baina batez ere jendea ez dadin lanagatik gaixotu.

Liburua idaztea biluzte ariketa bat ere izan da, nolabait. Zaila egin zaizu ariketa hori?

Osaba batek esan zidan: «Ez da lotsatu behar zarena erakusteagatik, lotsatu behar da ez zarena erakusten duzunean». Niretzat gogorrena nire ingurua nigatik kezkatuta ikustea izan da, hori izan da gogorra.

Zure ingurua aipatu duzu. Ze garrantzi izan du gertuko jendeak, senideek, lagunek... aurrera egiteko?

Handia. Ingurua da heltzen zaituena. Niri gertatu zaidanak barrura begiratzea eta gelditzea eskatzen zuen, eta hori bakarkako lan bat da, norberak bere buruarekin egin behar duena, baina gero inguruak eusten zaitu. Eta babes hori garrantzitsua da, epaitu barik ondoan duzuna. Horrek ez du esan nahi beraiei beti nire penak kontatzen egon naizenik, baina beraiek hor egon dira, eta beraiek hor daudela jakitea sostengu handia da.