NAIZ

Egunean Behin arrakastatsuaren ildotik, tokiak identifikatzeko jokoa plazaratu dute: Tagzania

Sei urte bete dituen Egunean Behin arrakastatsuaren ildotik, Tagzania aurkezu dute. Euskal Herriko zein munduko tokiak argazkietan ikusi eta ahalik eta mapan ahalik eta azkarren eta zehatzen identifikatzean datza eguneroko erronka berriak.

Tagzania, eguneroko joko berria.
Tagzania, eguneroko joko berria. (CODESYNTAX)

Astelehenarekin batera, Tagzania jokoa aktibatu du CodeSyntax enpresak, sei urte bete dituen Egunean Behin galdera-erantzunen joko ospetsuaren arrakastaren gako batzuekin garatutakoa: erabiltzaile euskaldunentzako euskal eduki interesgarriak, ariketa arin batean; sailkapenak eta talde pertsonalizatuak.

Dagoeneko eskuragarri dagoen joko berri honen funtsa da Euskal Herriko eta munduko tokiak, irudi panoramikoz erakutsiak, mapa batean identifikatzea. Gertutasunaren eta azkartasunaren arabera banatzen dira puntuak, eta horiekin sailkapenak osatzen dira (egunekoa, astekoa eta hilabetekoa), orokorki zein taldeka.

Geoguessr edo Openguessr bezalako mapa-jokoekin antza du Tagzaniak, baina, CodeSyntaxetik nabarmendu dutenez, «edukia zaindu egin da, errepide galduak izan beharrean, Euskal Herriko eta munduko toki esanguratsuak dira Tagzanian erakusten direnak».

«Wikipediako datu libreak berrerabili dira tokiak identifikatzeko, eta emaitza ikustean, erabiltzaileak eskura izango du euskarazko Wikipediako esteka, toki bakoitzaz gehiago jakiteko», gaineratu dute.

Android zein iOs sistema eragileetarako dago prest Tagzania.

Aplikazioaren garapena Lakuak eta Gipuzkoako Aldundiak lagundu egin dute.

Egunean Behin-i dagokionez, martxa betean jarraitzen du jokoak 6 urte bete berritan (martxo honetan hain zuzen). 17. denboraldian dago lehia, Euskaraldiak eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza sailak babestutako sasoi bat, zeinean dagoeneko 52.000 lagunek baino gehiagok jokatu duten.