0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

NAIZek kanal berri bat abiatu du astearte honetan, NAIZ: MUSIKA. Bere sorreratik egin du NAIZek gure musikaren aldeko apustua eta bide hori indartzera dator kanal berria. Besteak beste, izen bereko irrati berri bat ere izango du.

Mugarria izan da Donostiako Dabadaban zuzenean izan den NAIZ Irratiko Musikharia saioaren 1.000.a. Iker Gurrutxagak gidatutako saio honen bide emankorra ospatzeko bide eman duelako eta lerro berri baten hasiera ere ekarri duelako. NAIZ: MUSIKA du izena apustu horrek, NAIZek abiatu duen kanal berria da, musika ardatz eta bere komunitateko berrienei begira eraikitakoa.

Abian da webgunea (musika.naiz.eus) eta NAIZ MUSIKA irrati berria (online HEMEN eta FMz, oraingoz, Gasteizen 87.7 eta 90.4en eta Bilbon 101.1-n). «Pixkanaka egiten joango garen bide berri bat da, urratsez urrats, baina anbizio handiz», nabarmendu du Ane Urkiri NAIZeko zuzendariak.

Kanal berriaren aurkezpenean azaldu du Urkirik «beti egin dugula gure musikaren alde» eta gogora ekarri ditu pandemia garaiko NAIZ Kontzertuak, «gure sortzaileak plaza gabe geratu ziren eta baldintza guztiak aurka bazeuden ere bi behar asetzeko bitartekari bihurtu ginen. Gure komunitateak kontzertuak nahi zituen, eta gure sortzaileek emanaldiak behar zituzten». NAIZeko zuzendariak nabarmendu du joan-etorriko harremana izan dela, «gehien behar izan ditugunean alboan izan ditugu euskal sortzaileak, eta bereziki musikariak», Ilunben espolioari aurre egiteko ekimena ekarri du gogora. «Ematen ere saiatu gara», berretsi du, Hatortxu Rock edo ZEID Festen hastapenetan NAIZek emandako babesa gogoratuz.

NAIZen musikak lehen mailako garrantzia duela azpimarratu du Urkirik. NAIZen, GARAn, 7Kan formatu sakonagoan, Gaur8n... egiten den lanketa etengabekoa gogoratu du, «eta, noski, NAIZ Irratian». MusikHariaren 1.000 saioak gogoratu ostean irratiak musikariei eta musika zaleei eskaintzen dien plaza zabala nabarmendu du. Orain NAIZ MUSIKA kanala «musikari eta musikazaleei etxe berri bat emateko bidea» izango dela nabarmendu du.

MusikHariak 1000... eta «beti gure musikaren alde»

MusikHariaren 1.000. atalaren zuzenekoan zirenen ongietorria jaso du proiektu berriak. Bertan ziren Maddi Arana Musika Bulegoko zuzendaria eta Sara Azurza Musikarien Elkarteko ordezkaria, besteak beste.

Festa giroa nagusitu da saio berezian. 1.000 saioetatik igaro diren protagonista nagusiak gogoratu ostean Judit Neddermannek ireki du zuzenekoen seta. Bertaratuek txalo gozoz hartu dute euskaraz abestu duen kataluniarra. Kantukide izan du Idoia Asurmendi. 

Beste hiru emanaldi ere izan dira, aski ezagunak diren euskal artisten gurutzatze bereziekin. Elkarrekin jardun dute Gartxot Unsain eta Izaro Andresek, Olaia Inziartek eta Olatz Salvadorrek eta Iker Lauroba eta Lide Hernandok.

Iker Gurrutxaga MusikHariko gidariak agurtu du saioa egindakoa eta datorrena aldarrikatuz, «hau da NAIZ MUSIKA, beti gure musikaren alde!».

Hemen ikus daiteke zuzeneko emanaldia: