
Kulturaren Euskal Behatokiak eta Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak (EHMBE) elkarlanean ‘Musikaren sektorearen egoera, premiak eta erronkak Euskal Herrian’ txostena osatu dute musika sektoreak Euskal Herrian duen lekua eta eragina neurtzeko. Azaldu dutenez, 39,5 milioi euroko negozio bolumenarekin eta 646 langile baino gehiagorekin, euskal musika industriak «bere dinamismoari eusten dio», baina nabarmendu nahi izan dute sektoreak «erronka garrantzitsuak» dituela aurrez aurre.
Txostena sektoreko 93 eragileri (%58 artistak eta %42 industria) egindako inkesta batean oinarritzen da. Datuek agerian uzten dute zuzeneko ekoizpenaren garrantzia, industria jardueraren %47,8 hartzen baitu, eta sektorea askotarikoa dela ere nabarmentzen da: agenteen %30,4 zerbitzu tekniko eta laguntzaileetan aritzen da, eta %21,7 kontzertu aretoetan.
Behatokiak eta Musika Bulegoak sektorearen «egonkortasun ekonomikoa» ere aipatzen dute txostenean, enpresen %20,2k urtean 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen badute ere, beste 23,1ek milioi bat euro baino gehiago fakturatzen baitute, «eta horrek erakusten du ekimen txikiak eta proiektu finkatuak batera daudela», jarri dute azpimarra.
Prestakuntza eta prekarietatea
Sektorearen erronka nagusietako bat zuzeneko ikuskizuneko teknikariak kontratatzea dela ere nabarmenduy dute galdekatuek, industriak gehien eskatzen duen profila baita (%70,9). Gainera, agenteen %51,3k adierazi dute zailtasun handiak dituela langile kualifikatuak aurkitzeko. Hala, agerian geratzen da prestakuntza funtsezko faktorea dela sektorearen etorkizunerako.
Artisten ikuspuntutik, aldiz, prekarietateak errealitate izaten jarraitzen du: %30 ezin da musikatik soilik bizi, eta diru-sarrerak beste jarduera batzuekin osatu behar ditu, batez ere irakaskuntzarekin. Genero ikuspegia ere puntu kritikoa da: emakumeak sektorearen %39,7 dira eta gehiengoa dira diru-sarrera txikienetan (%43k 10.000 euro baino gutxiago irabazten du urtean).
Digitalizazioa eta jasagarritasuna ere izan dituzte hizpide txostenean. Bildutako datuen arabera, artisten %61,1ek oraindik ez dute erronka digitalen eta adimen artifizialaren aurrean neurririk hartu, «nahiz eta industria norabide horretan mugitzen hasi den», ohartarazi dute txostenaren egileek.
Era berean, finantzaketak erronka izaten jarraitzen duela ere erakusten du azterlanak, kredituak eta babesleak eskuratzeko zailtasunak aipatu baitituzte galdekatuek. Hala ere, Euskal Herriko musikaren sektoreak «euskal kulturaren funtsezko zutabea» izaten jarraitzen duela nabarmendu dute, baita «tradizioa eta berrikuntza» uztartzen dituela ere.

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Egunean Behin arrakastatsuaren ildotik, tokiak identifikatzeko jokoa plazaratu dute: Tagzania
