
Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaz geroztik, EHUren ikerketa batek agerian utzi duenez. Farmazia Fakultateko ikertzaileek hartu dute parte azterlanean eta ondorioztatu dute pandemian preskripzioek gora egin bazuten, hazkundea askoz ere nabarmenagoa izan dela ondoren. Halaber, gorakada handiagoa izan da emakumeen artean gizonen artean baino. Horrez gain, ikusi dute pandemiak iraun bitartean 20 urtetik beherakoen artean sumatu zela gorakada bereziki, baina, gero adin talde guztiei berdintsu eragin diela.
‘Healthcare’ aldizkarian argitaratutako ikerketak, zeharka bada ere, modu erretrospektibo batean ondorioztatu du depresio kasu berrien intzidentzia, agente antidepresiboen preskripzio berriak aztertuz sei urteko epean, bi urteko hiru alditan banatuta: pandemia aurrea, pandemia eta pandemia ostea, 2018ko martxotik 2024ko otsailera. Ikerketa Euskal Autonomia Erkidegoko arreta mediku esparru batean egin dute, 130.000 pertsona artatzen dituena.
Ikusi dute pandemiaren bi urteek eragin nabarmena izan zutela antidepresiboen preskripzioan: osasun sistema publikoan gorakada bereziki nabaria izan zen 40 urtetik beherako emakumeen artean. Datuok bat datoz 2020ko irailetik abendura bitartean egindako ikerketa batekin, zeinaren arabera pandemian emakumeek osasun mentalaren pertzepzio okerragoa izan zuten gizonek baino.
Azterlanaren egileek nabarmendu dutenez, «pandemian emakume gazteek ongizate emozionalean pairatutako inpaktu handiagoa zaintzailearen rolaren ondorio izan liteke, prebalenteagoa andrazkoen artean, eta osasun sektoreko zaintza zereginen feminizazioaren ondorio, karga emozional handiagoa dakartelako».
Dena dela, pandemia atzean utzi ondoren, antidepresiboen preskripzio berriak aztertuta, ikusi da adin talde guztietako gizonek eta emakumeek (20 urtetik beherako gizonek izan ezik) sintoma depresibo berrien intzidentzia handiagoa izan dutela. Gainera, pandemiaren inpaktu ekonomikoak pertsona askoren osasun mentalean eragiten jarraitzen duela ondorioztatu dute.
Bestetik, ikertzaileek gaineratu dutenez, «pandemian etengabeko estres egoeran egon izana izan liteke epe luzera biztanleriak nozitutako sintoma depresiboen intzidentzia handiago horren arrazoi nagusietako bat».
Beraz, kontuan izanik pandemian metatutako esperientzia, uste dute terapia farmakologikoak eta ez-farmakologikoak jarri behar direla herritar guztien eskura, depresioaren intzidentzia handitzea prebenitzeko, etorkizunean antzeko egoera bat izanez gero. Gainera, egoera horietan, arreta handiagoa eskaini behar zaie adin talde jakin batzuei, batez ere 40 urtetik beherako emakumeei, ikusi delako talde bereziki sentikorra dela, ikertzaileen aburuz.

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Rafa Berrio; inéditos tesoros escondidos de un aberrante rockero bohemio
