
Iazko uzta korapilatsua izan zen Bizkaiko txakolin ekoizleentzat. Fruitua heltzeko sasoian ez zen eguzki ordu askorik izan eta euri zapar handiek ere ez zioten mesede handirik egin. Ondorioz, Jatorri Deiturak emandako datuen arabera, aurtengo uzta %18 jaitsi da, aurreko urtean izandako jaitsierari gehituz. Guztira, 1.815 tona mahats bildu ziren, hiru hamarkadan izandako hektareako errendimendu eskasena.
Hala eta guztiz ere, upategietan egindako lan profesionalari esker, kalitate bikaineko ardoak egin direla adierazi du Jatorri Deiturak, «berezitasun handikoak, freskoak, garraztasun onekoak eta nortasun atlantiko handikoak».
Freskotasun horrek, gainera, edanerrazak bihurtzen ditu ardo hauek, gaur egun merkatuak eskatzen duenarekin bat eginez. Horregatik kontsumitzen da ardo zuri gehiago, eta beltzen artean ere gazteak eta freskoak dira kontsumitzaileek gehien eskatzen dituztenak.
Azken urteetan, hala ere, urteko ardoez gain, beste txakolin mota batzuk ere ekoizten hasi dira, hala nola lia finen gainean ondutakoak edota egurrezko barriketan hartzitutakoa. Izan ere, ekoizleak konturatzen hasi dira botilan eboluzio interesgarria izan dezaketela, ardo horiek duten azidotasun naturalari esker.
Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitura Babestuan 36 upategi daude gaur egun, 172 mahats-ekoizle, eta guztira 435 hektarea lantzen dituzte.
BAKIOKO AZOKA
Aurtengo txakolin berrien lehen aurkezpena joan den martxoaren 15ean egin zen Bakion, bertako San Jose azoka baliatuz. Aurten, Lur Errekondo kirolari eta aurkezle gipuzkoarra izan da Bakioko txakolinaren amabitxia.
Azoka horretan, Bizkaiko herri honetako upeltegietako txakolin-uzta aurkeztu zuten, baina ez hori bakarrik: tokiko abeltzainen, nekazarien eta artisauen ekoizpenak ere ezagutarazi ziren.
Txakolin produkzioari dagokionez, eskualde honetan ere 2024koa ez da urte erraza izan klimatologia aldetik, eta euriek mahatsaren begetazio-zikloa baldintzatu dute. Hala ere, eta Bakioko Udalak jakitera eman duenez, ekoizleek asmatu dute egoerara egokitzen eta lan bikain horri esker 65.650 litro txakolin ekoitzi eta merkaturatuko dira, beltzak, gorriak eta zuriak batuta.
Beltzaren kasuan, ardo atlantikoen korrontean sailkatu dute adituek. Horregatik, aurtengo azoka ardo atlantikoen erakusleiho bihurtu zen eta, herriko produkzioaz gainera, ardo atlantiko gisa definitzen diren Euskal Herriko beste zenbait eskualdetako ardoak erakutsi ziren, tartean Irulegiko ardoak.
Doniene Gorrondona upategiko Itziar Insaustik adierazi zuenez, «Errioxakoekin eta bestelako ardo kontinentalekin alderatuta, hauek oso ardo desberdinak dira eta, ardo atlantikorik badago, hori Bakiokoa da, itsasoaren hurbiltasunagatik».
Bakioko azokak hasiera eman dio aurtengo txakolinen egunen egitarauari. Apirilean bertan, 13an, Larrabetzuk Txorierriko txakolin dastaketa egingo da, eta urrunera joan gabe, ekainaren 1ean, Lezamaren txanda iritsiko da. Gernikara jauzi eginez, Urdaibaiko txakolinaren eguna ospatuko dute ekainaren 7an, eta egun berean Portugaleten Txakolina Fest jaialdia izango da. Abuztuaren 31n, azkenik, Alonsotegin egingo dute bertako txakolin eguna.
BIZKAIKO TXAKOLIN EGUNAK:
LARRABETZU:
Apirilak 13
LEZAMA:
Ekainak 1
GERNIKA-LUMO:
Ekainak 7
PORTUGALETE:
Ekainak 7-8
ALONSOTEGI:
Abuztuak 31

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Rafa Berrio; inéditos tesoros escondidos de un aberrante rockero bohemio
