
Donostiako Igara auzoko etxe zaharrenetakoa da Portuetxe baserria. Gaur egun enpresa eta bulegoz inguratuta badago ere, orain dela 400 urte paduraz inguratuta zegoen eta txalupak bertaraino iristen ziren; hortik bere izena.
Jatetxe gisa, ordea, 1982an zabaldu zituen ateak, Javier Bereziartua eta Josetxo Perurenaren ekimenez. Ordura arte ukuilu bezala erabiltzen zen beheko solairua txukundu eta hiru upel jarri zituzten, sagardotegi moduan lanean hasteko. Baina laster konturatu ziren sagardoa edatera baino, jendeak nahiago zuela bazkaltzera edo afaltzera joan, bertan prestatzen zituzten plater tradizionalek erakarrita.
Horrela, pixkanaka, gaur ezagutzen dugun erretegia bilakatzen joan zen eta halaxe mantendu da gaur arte, euskal sukaldaritza tradizionala eskainiz, artifiziorik gabe eta lehengaien freskotasunari eta kalitateari garrantzia emanez.
Duela ia hamar urtez geroztik bigarren belaunaldiak zuzentzen du jatetxea. Ekintzaile haien seme Borja Bereziartua eta Aritz Perurena dira negozioa aurrera eramaten dutenak eta, beren aurrekoek bezala, asteko zazpi egunetan mantentzen dute txingarra bizirik, igande gauak eta Gabonak kenduta.
Eskaintzari dagokionez, Javierrek eta Josetxok zabaldutako bideari eusten diote eta ez dute berrikuntzaren zurrunbiloan sartzeko tentaziorik. «Jendearen gustuetara egokitzen saiatzen gara eta konturatu gara gauza tradizionalen bila etortzen dela jendea hona», esan du Borja Bereziartuak.
Horrela, hasierako plateren artean, sasoiko berdurak, arrainak eta perretxikoak aurkituko ditugu: Nafarroako zainzuriak, alkatxofak, ilarrak, pikillo piperrak eta entsaladak; kokotxa-nahaskia, arrain-zopa, angulak, pelaio txipiroia eta antxoa gazituak; baita onddo-nahaskia, zizak, jabugo urdaiazpiko eta solomoa edo endibiak izokin eta txangurruarekin ere. Itsaskien artean, estimazio handiko platerak dira ganbak plantxan, ostrak, txirlak limoiarekin, abakandoa eta zigalak.
ARRAKASTAREN SEKRETUA
Baina, zalantzarik gabe, Portuetxeko izarra txingarretan erretako arraina da, eta Borja Bereziartuak horren sekretua azaldu digu: sukaldari asko dira parrillarekin lan egiten dutenak, baina oso gutxi egunero merkatura buelta egin eta arrain piezarik onenak aukeratzen dituztenak. Eta Portuetxeren kasuan, Borja eta Aritzen gurasoek ohitura horri eusten diote, goizean goiz Bretxa eta San Martin merkatuetako arrandegiak bisitatuz.
Horrela, eguerdirako, prest izaten dira erretegiko sukaldean zapoa, bisigua, mihi-arraina edo erreboiloa. Horiekin batera, Igarako jatetxe honetan ez dira falta izaten bakailaoa, kokotxak, txirlak marinel erara eta legatza (frijitua, saltsan edo parrillan).
Eta bazkariari erremate bikaina emateko, etxeko postre tradizionalak dastatzea besterik ez da geratzen: petixuak txokolatearekin, pantxineta, gazta-tarta, arroz-esnea...
Jatetxeko bodegari ere garrantzi berezia eman nahi izan diote Borjak eta Aritzek eta, horrela, ohikoak diren Errioxa eta Ribera jatorri izendapeneko ardoei penintsula osoko zein nazioarteko erreferentzia berriagoak gehitu dizkiete.

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Rafa Berrio; inéditos tesoros escondidos de un aberrante rockero bohemio
