
Iñigo Alberdik, gaur egun Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusia denak, hartuko du Ibon Aranbarriren lekukoa Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritzan. Izendapena ostiral honetan onartu da Patronatuaren bileran eta maiatzaren 7an izango da eraginkorra.
Horrela, Aranbarrik erretiroa hartuko du aurten, 20 urte baino gehiago Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izan eta BOSen «Bizkaiko kulturaren eta musikaren panoraman arrastoa utzi duen ibilbide luze eta emankorra egin ondoren», zehaztu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak osatutzen duten Patronatutik.
Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, azpimarratu duenez, «oso eskertuta gaude urte hauetan guztietan gure orkestran Ibon Aranbarriren talentua izan dugulako. Bere inplikazioa, dedikazioa eta profesionaltasuna funtsezkoak izan dira BOS bezala gure lurraldeko kultura-erreferente baten ibilbide oparorako».
Bere aldetik, Iñigo Alberdi Amasorrain (Soraluze 1973) Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusia da 2016tik, eta irakasle laguntzailea Musikenen eta Nafarroako Unibertsitatean.
Prestakuntzari dagokionez Zuzenbidean lizentziaduna da EHUn, eta goi-mailako tituluduna Musika Pedagogian eta Klabezinean Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, MBA masterra Mondragon Unibertsitatean eta Musikologian masterra Errioxako Unibertsitatean.
Urteak daramatza lanean musikaren kudeaketan eta Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izan zen 2006tik 2014ra, eta Lizarrako Antzinako Musikaren Asteko zuzendari artistikoa 2017tik 2019ra. Maila profesionalean irakaskuntzan hasi zen Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolan eta banku-kudeaketan Kutxabanken.
Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkarteko kidea eta lehendakariordea izan da. Eusko Ikaskuntzako batzordekide izan da, baita Musikene, Musika Hamabostaldiko eta ROCEko (Hezkuntza-Kontzertuen Antolatzaileen Sarea) patronatuetako kide ere. Hainbat erakunderekin kolaboratzen du aholkulari, laguntzaile edo komisario gisa: Euskaltzaindia, Real Academia de España en Roma, Bilboko Arte Ederren Museoa edo Espainiako Orkestra Nazionala.
Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluko kide izan da, eta 2024ko abendura arte Kultura Ministerioko Arte Eszenikoen eta Musikaren Estatuko Kontseiluko kide izan da. Aipatu diren musika-erakundeen buru gisa arreta berezia eskaini dio jarduera pedagogikoari eta musika-ondarea berreskuratzeari. Musika-kritikaria izan da ‘Egunkaria’-n eta ‘Berria’-n eta ohiko kolaboratzailea Radio Euskadin eta Euskadi Irratian. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea da.
Alberdik maiatzaren 7tik aurrera hartuko du kargua eta, ordura arte, trantsizio-aldi batean, orkestran eta koralean egingo du lan.

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Rafa Berrio; inéditos tesoros escondidos de un aberrante rockero bohemio

«Hurrengo geltokiaren bila» doa Nøgen, hamarkada ospatzeko Kursaalen kontzertua eskainita

Pantallas y menores, acompañar y educar para evitar caer en la prohibición
