Gaualdi luzea antolatu zuen Chill Mafiak agur esateko.
Gaualdi luzea antolatu zuen Chill Mafiak agur esateko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Kiliki Frexko, Ben Yart eta Flako Fonki izan dira Chill Mafiaren ahots eta irudi nagusiak lau urte hauetan. Kiliki Frexko, Ben Yart eta Flako Fonki izan dira Chill Mafiaren ahots eta irudi nagusiak lau urte hauetan.
Kiliki Frexko, Ben Yart eta Flako Fonki izan dira Chill Mafiaren ahots eta irudi nagusiak lau urte hauetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Beñat Rodrigo, Kiliki Frexko.
Beñat Rodrigo, Kiliki Frexko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Julen Goldarazena, Flakofonki.
Julen Goldarazena, Flako Fonki. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Kiliki Frexko eta Ben Yart.
Kiliki Frexko eta Ben Yart. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Bi ordu pasako emanaldia eskaini zuen taldeak.
Bi ordu pasako emanaldia eskaini zuen taldeak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Milaka lagun elkartu zituen Chill Mafiak BECeko agurrean.
Milaka lagun elkartu zituen Chill Mafiak BECeko agurrean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Gozatu ederra hartu zuten BECera gerturatu ziren jarraitzaileek.
Gozatu ederra hartu zuten BECera gerturatu ziren jarraitzaileek. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Gaualdi luzea antolatu zuen Chill Mafiak agur esateko.
Gaualdi luzea antolatu zuen Chill Mafiak agur esateko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Kiliki Frexko, Ben Yart eta Flako Fonki izan dira Chill Mafiaren ahots eta irudi nagusiak lau urte hauetan. Kiliki Frexko, Ben Yart eta Flako Fonki izan dira Chill Mafiaren ahots eta irudi nagusiak lau urte hauetan.
Kiliki Frexko, Ben Yart eta Flako Fonki izan dira Chill Mafiaren ahots eta irudi nagusiak lau urte hauetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Bide laburrari agur ederra eman dio Chill Mafiak BECen

Bere bidea abiatu eta lau urtera, agur esan du Chill Mafiak gogoangarria izango den gaualdi batean. Bi ordu pasata iraun duen emanaldi bat, festa erraldoi bat, kontzertuaren ostean luzaz jarraitu duena, gainera. Gauzak egiteko modu berri baten adibide izan ostean, ea zer datorren orain.

Kiliki Frexko eta Ben Yart.
Kiliki Frexko eta Ben Yart. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ateak garaiz zabaldu dituzte gaurkoan ere BECen. 20.30ean ‘ateak zabaldu ditzagun’ entzun da langileen barne-komunikazioan eta barrura sartu gara. DJak oholtzan motorrak berotzeko intentzioan, baina pistan jenderik ez apenas. Mirua taldeko hiruak, Juanjo Berasain, Igotz Mendez ‘Hofe’ eta Julen Goldarazena ‘Flako Fonki’ bertan ikusi ditugu dena dela. Elektronika doinuak protagonista, hiru emakume musika selektore lanetan (iluntasunak ez zigun nortzuk ziren ikusten uzten), tarteka ‘Ongi etorri’ esanaz bertaratuei. Baina hautaketa nahikoa apal entzun da; club giroko kantuak, baina dezibelio gutxi aukeran. Ohikoa halako kontzertuetan, musika ekipoaren potentzia guztia protagonista nagusientzat gordetzen delako. Entzun diren kantuen artean David Guettaren ‘Stereo love’ klasikoa, Don Omarren ‘Dale’ edota Spice Girlsen ‘Wannabe’, guztiak ere gaur egungo tendentzietara ekarritako remixetan. Brazilian funketik, housera edota ia-ia hardstylera iritsita.

ETSren azken kontzertuetan familia giroa bazen nagusi, hemen bataz besteko adina dezente jaitsi da gaurkoan. Estetika ere oso desberdina, Chill Mafiaren bideoklip erraldoi baten figuraziorako aproposa guztiena ere. Tartean bandera nafarrak edota Iruñeko posta kode desberdinak margotuta zituzten kamisetadunak ere ikusi ditugu. Baita estetika punkiagoa zutenak ere, ezin zuten hutsik egin halakoek ere gaurkoan. Ederra da aniztasun honekin topo egitea. Kontrasteen Euskal Herria.

22.00etan puntuan hasi da Metrikaren emanaldia. Herrialde Katalanetatik, Castellótik, etorri da artista urbanoa. Bere biografiak dio «hezkuntza kristaua jaso arren, satanismoarekin lotura» duela gaur egun. Beltzez jantzita agertu da eta irudietan exorzismoari erreferentziak ikusten ziren oholtzan. Letra esplizituak, asko sexualitatearekin lotutakoak, horren aldarri ere egiten baitu Metrikak bisexualitatetik. Dantzariek lagunduta tarteka, pista betez joan den heinean 47 minutuko emanaldia eskaini du, Euskoprincessen kolaborazio eta guzti. Genero urbanoen aniztasuna agerian utzi du Metrikak: dancehalla, hyperpopa, hardstylea, 90etako technoa, reggaeton doinuak… denetarik. Emanaldiak iraun duen denboran harmailetan Zea Mayseko Piti eta Aiora ere ikusi ditugu iristen.

Chill Mafiaren agurraren hasiera

23.00etan zen hitzordua, baina minutu batzuk atzeratu da hasiera, pista eta harmailak guztiz bete arte itxaron dute eta emanaldia 27 minutu berandutu da. Bideo bat eman dute pantailetan, gaztelera hutsean, Karlistak baliran istorio bat sortuz. Abesteko unea etorri da segidan. Jota bat lehendabizi, Hedoi Etxartek idatzitako hitzak dituen ‘La del perro’ izan da emanaldia irekitzeko aukeratu duten kantua, BEC guztiak abestu duena. Kiliki, Flako eta Sara Goxua dena ematen. ‘Agur eta ohore x alla va la despedida’ beren azken diskoa horrekin zabaltzen da eta segidan etorri diren ‘Puta Ripagaña’ (Ben Yart eszenara eta «Gora gu ta gutarrak oihuka denak») eta ‘Txintxo’-k (marihuana protagonista izan duten proiekzioek lagunduta) itxi dute lehen blokea, denak ere azken lanetik ateratakoak. Hitz batzuk eta aurrera.

‘Marmitako’ etorri da segidan, ‘Ezorregatik x berpizkundea’ diskoko dub kantu bat. «Pon música de marihuanas» esan du Flakok abestiaren sarreran. Estetika mantendu da beraz aurreko kantaren eta honen artean. Reggae eragina duen musikarekin publikoarekin berriz ere konektatzea lortu dute Chill Mafiakoek. Break bat eta ‘La Gaztea’ etorri da segidan, publikoak hau ere gogotik abestu du, eta Gazteako zuzendaria abestia erritmoa jarraitzen ere ikusi ahal izan dugu zeharka.

Jatorrietara joan eta etorkizunera salto

‘Tabako’ ezezaguna zitzaigun abestia etorri da atzetik, 2020ko abestia. Kilikik horrela aurkeztu du: «Esta es mi mejor canción, la primera y la mejor». Bazen Chill Mafiarik ‘Zure kebapa’ kaleratu aurretik. «La más impresentable de Iruñea ekarri dugu, zein uste duzue dela?», galdetu du Kilikik eta Arepas taldekoak agertu dira. Bat marihuanaz betetako poltsaz, bestea marihuana zigarroz eta hirugarrena landarez mozorrotuta. «Nafarroa gorria!», oihu egin eta ‘Hey Babilon’ kantua eskaini dute. Kolektiboaren zera hori oholtzan ere ikusi da emanaldiak iraun duen denboran, Elias managerra kamiseta hori bat soinean presente zegoen uneoro eta oholtzan hogeitik pertsona izan dira kontzertuaz gozatzen, batzuk horretarako propio jarritako sofatan ohikoa denez, tartean Brava DJa. Lagunekin partekatu duten festa izan da abestu dutenez harago.

Ben Yartek bere kantu propioak eskaini ditu segidan. ‘Congelador’, ‘Xk me habré metido tanto spiz?’ eta berriagoa den ‘Ceros’ etorri baitira segidan. Beste giro batekin kantuak dira Ben Yartenak, bakoitzak bai baitu bere estiloa eta hori argi geratu da bai Ben Yarten lanean zein oraintsu atera den Kilikirenean.

Bigarren gonbidatuak oholtzara, Oso Politaren zigilua partekatzen duten Miruakoak igo dira, ‘Basakabi’ beren kantua eskaini dute, Kilikik kolaboratzen duena. ‘Happy flower’ estetika hori guztia eman diote uneari pantailetan, kantuak hori eskatzen die itxuraz. Disneyko estetika, haurren telesail bati erreferentzia, baina letrek bestelako kontuak aipatzen dituzte. Antzerako kontua ‘Animal crossing’ kantuarekin (publikoak hasi eta buka abestu duenen zerrendara sartu dena), atzetik etorri da, maitasun erromantikoari eskainitako blokea itxiz. Beno, maitasun erromantikoa Chill Mafiakoen prismatik, jakina.

Hirugarren gonbidatuarekin Marseille estilora (hau ere ikasi genuen MusikHarian sortzaileen eskutik) egin dugu salto, Bengo igo baita oholtzara, beren lehen albumeko ‘Hemengatxik’ abestera. «Chavales, gaur soilik klasikoa, pa'l pueblo» esan eta ‘Zure kebapa’ etorri da segidan. Bizkaia Arena ahobatez abesten, eta ezohikoa dirudien arren, mugikor gutxi unea grabatzen.

Villarobledotik Bizkaia Arenara

Nerve Agent Albaceteko taldeak azken diskoan kolaboratu du ‘Hombre Clavo’ kantua sortzen, hura eta ‘Coche Bomba’ eskaini dituzte elkarrekin. Bigarren hori Albacetekoena da, baina Kilikik kolaboratu zuen kaleratze horretan. Taldeko baten urtebetetzea zela ere esan dute eta ‘Zorionak zuri’ abestu diote BECera bertaratu direnek. Bi kantu indartsu, elektronika gogorrena, punk izpiritu nabarmena dutenak.

‘Atzerrian’ kantua oso berezia da Flako Fonkirentzat, Erramun Martikorenari omenaldi bat lehen diskoan jasoa, eta aspaldian eskaini ez badute ere gaurkoan ez du hutsik egin. Beste bi nafar igo dira oholtzara, gaurko gonbidatuetan akaso jendeak gutxien espero zitzakeenak, baina musikak harreman asko sortzen ditu eta aniztasun hori ere badu Chill Mafiak bere baitan jasoa. Amets Aranguren eta Olaia Inziarte lagun zituztela kantu bat abestu dute, Flako Fonkirekin. Une oso ederra eskaini dute hiruek hamabiko gitarra lagun.

Inprobisazio bideo bat

BECen bertan grabatu duten bideo bat etorri da segidan, oholtzara bateria sartu eta halakoak egiteko, hurrengo blokea markatzen zuena nolabait ere. Bideoan bertan azaldu dute berez halakorik ez zela egin behar, baina Kilikiren iritziaren kontrara egitea erabaki dutela. Hala ere lehen abestia ‘Kolakao’ izan da, hip-hop klasikotik gertu dagoen kantu zirtolaria. Bateriaren beharrik ez, beraz. Errepika mundu guztiak ozen abestu du. Beren klasikoetako bat bihurtu du denborak.

Une goren horietako bat etorri da, kolektiboko lagunak diren Hofe eta Markos sartu dira oholtzan eta haien izenak esan orduko oihu egin du Bizkaia Arenak.‘Barkhatu’ hasi eta «Guapos como Solano, leyendas como Tapia» unearekin bat eztanda berri bat gertatu da BECen. Ireneren lehen agerraldia izan da kantu honetan, eta agertu bada agertu, bere «Muevo el culo y gora…» esaldiak berehalako erantzun ozena izan du.

Ben Yarten beste une horietako bat ‘Barriobajero’ kantu laburrarekin. Ez dakit atzetik etorri diren gonbidatuei zeharkako mezu bat eman nahi ote zieten edo ez… Izan ere TOC taldeko kideak eta Juanjo Berasain igo dira oholtzara, Mungiako taldearen ‘Hutsa bezain hotza’ abestia elkarrekin jotzeko. Halako kantu ilun baten kontrapuntu gisara etorri da, berriz, ospea eman zien ‘Gazte arruntaren koplak’. Flako protagonista, publikotik bota dioten Nafarroako bandera eskuan hartuta abestu ditu koplak hasi eta bukatuta. Bonus track moduan ’Agur Xiberua’-ren lehen bertsoa ere abestu dute berak eta Kilikik.

Bigarren honen unea etorri da segidan, ‘Doraemon’ abestuz. Beat antzekoko bi kantu segidan, ‘Doraemon’ eta ‘Bedeinkatua’, beef moduan sortu zuten kantua, Ion Celestinoren letra zuena 7Krako egin genuen elkarrizketan taldekideek kontatu zigutenez. Pena gaurkoan Kai Nakai gonbidatu ez izana zuzenean erantzun moduan sortutako ‘15K’ abestera.

Gonbidatu festarekin aurrera

Euskoprincess igo da segidan kantu parea eskaintzera. Reggaetoi kontuekin segi dugu une horietan, ‘Dick Pick’ eta ‘El Mota y la Mota’ kantuetan. Hondoko pantailako irudietan Pokemonak eta guzti agertu dira. Anime japoniarra behin eta berriz presente oholtzan.

Atzetik Chill Mafiako kidea den Tuliren banda berrikoekin elkarbanatu dute oholtza, La Txama taldearekin. Flako Fonkik kolaboratzen duen ‘Fusilaren hotsa’ eta taldearen sorreran ezagutu genuen ‘Musa13’ eskaini zituzten, azken honetan Kilikik ere parte hartzen du La Txamarekin. Kunbia bat eta korrido bat beraz.

Hoferen txanda izan da segidan, 80etako soinuak dituen ‘Gremlin’ abestu dute, Nueve Desconocidos taldekoak lagun. Gero Igotz Mendez ‘Hofe’ bakarrik geratu da publikoari ea bera oholtzan geratzerik nahi ote duen galdetu ostean eta bere ‘2 esku 2 laban’ eta ‘El Xokas’ (azken honen hasieran oihuren bat edo beste entzun da harmailan) abestiak kantatu ditu Kilirekin batera.

Spidermanen bideoa eta azken txanpa

«Bilbo cada vez está más jodido, cada vez hay más españoles» oihukatu du Kilikik eta ‘Hombre Araña’ kantua etorri da atzetik, azken diskoa ixten duen cumbia elektroniko bitxi hori, eta Jara izan da hori abesten lagundu dien artista, Spidermanen mozorro eta guzti. Segidan berriz ere korrido bat, La Txamakoekin, ‘Mus corrido’, taldearen sorrera ekarri zuen kantua, haiek oraindik ere elkartuko zirela ez zekiten garaian.

Brigada Criminal taldeari egindako omenaldia izan zen agurreko diskoan haien ‘Idolo caído’ bertsionatzea eta azken emanaldian ere ez du hutsik egin. Publikoak hau ere gogotik abestu du. Punk abesti gaurkotuaren atzetik, ‘Mañaneo’ etorri da, Ben Yart eta Bilboko La Joyeria ekoizleak elkarrekin egindakoa. Bi giro guztiz desberdin. Beñat Abarzuza ‘Ben Yart’ ‘No se k me pasa’ abesten ere entzun dugu, elektronika ilunari begira Chill Mafiak sortu duen kantutzarretako bat. Abesti honetan jendartera jaitsi da Ben Yart, publikoarekin nahastu da eta Kilikik lagundu du oholtzatik abestuz.

TOC taldeko Aitor Etxebarria gitarra-jotzailearen laguntzaz ‘Merezi ote’ (Gontzal Mendibil gabe, pena) eta ’Yosemite’ (2019) beren lehen kantua abestu dituzte, azken honen denboran pantailan kolektiboa osatu duten guztien argazkiak agertu dira. Elkar hartuta zirela «Agur» esan du Kilikik eta benetako agurra etorri da ‘31014’ kantuarekin, Rotxapeari omenaldia, auzoari omenaldia, taldearen sustraiei omenaldia. Taldearen ibilbideko hainbat argazki ikusi ditugu pantailan eta haiengan ere denbora ez dela alferrik pasatzen nabaritu da. Oholtza jendez beteta, hirurogei inguru lagun, eta konfeti euriarekin eskaini dute azkena. 

Txalo zaparrada, txistu eta oihu artean bukatu da emanaldia ‘Ay k emoción’ kantuaren remixa jarri eta bertaratuek abestu duten bitartean. Kantuak iraun duen denboran atzeko lanetan ibili diren kolektiboko kideak ere lehen lerroan agertu dira. Lau urteko ibilbide laburra izan du taldeak, baina belaunaldi berri bati egiteko modu berriak erakutsi ostean doaz. Ea zer dakarren etorkizunak.