
Basque Centre for Climate Change (BC3) euskal zentroa buru duen nazioarteko ikerketa batek Himalaiako K2 mendiaren oinetan Godwin-Austen glaziarraren gainean 2018tik 2019era bitartean erori zen urtaroko elur-geruzan karbono beltzaren kontzentrazioa aztertu du lehen aldiz.
Karbono beltza giza jarduerek eragin dezaketen kutsatzailea da eta substantzia horren isuri atmosferiko handiak dira Asiako mendikate handietan metatutako izotz eta elurraren aurkako mehatxu nagusietako bat. Horien artean dago Karakorum, glaziar handiak eta planeta osoko mendi garaienetako batzuk biltzen dituena, 8.611 metroko altuera duen K2 ezaguna kasu.
Karbono beltzaren partikulak elurraren edo izotzaren gainazalean pausatzen direnean, urtze prozesua azkartzen dute, glaziarren masaren galera erraztuz eta elurrak gainazalean irauten duen denbora murriztuz.
Hori hala, ikerketaren baitan azaleko elurraren laginak jaso ziren K2ko 1. eta 2. kanpamentuetan, baita glaziarraren gainean sortutako elur geruzan zulatutako bi putzutako hormetan ere.
Nicolas Gonzalez-Santacruz BC3ko aditua buru duen lantaldeak elur geruzaren analisi isotopikoa ere egin zuen, elur hori pilatzen hasi zen unea gutxi gorabehera zehaztearren, izan ere, BC3ko adituak nabarmendu duenez, «elur geruza zein unetan eratu zen zehaztea funtsezkoa da karbono beltzari buruzko datuak zehatz-mehatz interpretatu ahal izateko».
Emaitzek, urte osoan Godwin-Austenen lan egiten duten garraiolarien testigantzekin eta aldez aurreko ikerketen ondorioekin batera, glaziarraren gaineko elur geruza dagokion urtaroan sortzen dela iradoki dute: pilatuz joaten da urritik negua amaitu arte, eta erabat desagertzen da urteko hilabeterik beroenetan, udaberrian eta udan alegia. Honek elur geruzako karbono beltzaren kontzentrazioen behin-behinekotasuna definitzen lagundu zuen: 2018ko urritik 2019ko otsailaren amaierara arte.
Gainera, ‘Journal of Glaciology’ aldizkari zientifikoan argitaratutako lanak agerian utzi du nola aldatu ziren karbono beltzaren iturri nagusiak elurra pilatu zen sasoi osoan.
«2018ko udazkenean, karbono beltzaren ekarpenak Indo ibaiaren iparraldeko arrotik etorri ziren, eta 2018-2019ko neguan, Ekialde Ertaina, Asia erdialdea eta Ekialdeko Europaren eragina hazi zen», adierazi du ikertzaileak.
Elur putzuetan, kontzentrazio handiak
Era berean, ikertzaileek karbono beltzaren presentziak elur geruzaren portaera naturala zenbateraino aldatzen duen kuantifikatu zuten. Elur putzuetan eskuratutako laginetan, kontzentrazioak bereziki handiak izan ziren, urruneko eskualdea izan arren. Eta balio nabarmen altuak hauteman ziren K2ko 2. kanpamentuak, 6.000 metrotik gorako altueran.
Ikertzaileen esanetan, aurkikuntza horiek giltzarria diren bi alderdi utzi dituzte agerian: alde batetik, karbono beltzaren metaketak elurraren urtze prozesua bizkortu eta glaziarrean irauten duen denbora murrizten duela; eta, bestetik, aurkitutako kontzentrazioen zati handi bat zuzenean lotuta egon daitekeela inguru hurbileko giza jarduerekin, inguruko zortzimilakoetara antolatutako neguko kirol espedizio eta eragiketa militarrak kasu.
Hala ere, ikertzaileek zailtasunak izan dituzte lortutako emaitzak Asiako mendikate handien eskualdean egindako aurreko bete ikerketa batzuen emaitzekin alderatzerakoan, «laginketa metodologia ondo ezarrita ez dagoen heinean». Hortaz, karbono beltzaren inpaktuari buruzko ikuspegi egokia izateko, ikerlanak beren-beregi nabarmendu du laginak biltzeko irizpideak eta protokoloak estandarizatzearen garrantzia.
Hirugarren poloa
Eremu honi «hirugarren poloa» deritzo, izotz kontzentraziorik handiena duen eskualdea baita poloen inguruetatik kanpo. K2 mendia kokatuta dagoen Asiako mendikateen eremuak 3,8 milioi km2-ko guztizko azalera du, Afganistan, Pakistan, India, Nepal, Txina, Tibet, Butan, Kazakhstan, Uzbekistan, Kirgizistan eta Tayikistango hainbat eskualde barne hartuta.
Han dago Asia osoko ibai nagusietako batzuen sorburua (Indo, Ganges, Brahmaputra, Yangtse eta Ibai Horia, kasu), eta horiexetatik edaten dute mila milioi pertsonak baino gehiagok, hots, munduko biztanleriaren %20k baino gehiagok.
Eskualde honetako glaziarren eta elur geruzen urtze prozesuetan sortutako urtaroko urak udako edo sasoi lehorretako eurien murriztek ibai askoren emarietan eragindako beherakada arintzen du. Ondorioz, funtsezko eginkizuna dute populazio zabal horren segurtasun hidrikoan, nekazaritzako ureztatzea, energia hidroelektrikoaren sorkuntza edota edateko uraren hornidura ziurtatuz.

«Es un honor que nos comparen con Banda Bassotti, son únicos»

«Todo ha cambiado mucho, pero el capitalismo sigue siendo implacable»

Lekeitioko Udalak etxe turistikoen lizentziak eten ditu: EAEko ratio altuenetakoa dauka herriak

Hatortxuk erronka jarri dio euskal gizarteari: 7.049 boluntario biltzea agur festarako
