
Jon Esnaola Agirre (Tolosa, 2000) konpositorearen ‘LUUR, Nestor Basterretxearen oroimenez’ musika-proiektuak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2025. Epaimahaiaren iritziz, obra sinfoniko hau «euskal kultur ondarea biziberritzeko ekarpen interesgarria da, folklore autoktonoaren elementuak berrinterpretatuz, ikuspegi eraldatzaile eta berritu batetik».
Sariak, 2019tik aurrera, babesa ematen dio 35 urtetik beherako gazteei Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien arloetan sormen-lanak, ikerketa-lanak edo egonaldiak egiteko. Epaimahaiak, bere erabakian, «LUURen bikaintasun artistiko eta teknikoa, euskal kulturarekin eta ondarearekin duen konpromiso garrantzitsua eta, aldi berean, erreferente artistiko handiekin hitz egiteko gaitasun nabarmena» azpimarratu ditu. Gaineratu duenez, horri gehitu behar zaio kanpoko proiekzioa duten euskal sortzaileen belaunaldi berriaren begirada garaikidea eta pertsonala.
Eusko Ikaskuntzatik nabarmendu dute Nestor Basterretxea eskultorearen omenez sortu zela, «kultura garaikidearen oinarrizko figura gisa, eta euskal nortasunean sakonki errotutako artearen bilaketan inspiratuta, ‘LUUR’-ek folklore autoktonoaren elementuak jaso eta berrinterpretatzen ditu, ikuspegi abangoardista eta berritu batetik. Horrela, konpositoreak egungo lengoaia artistikoek kultur ondarearekin modu bizian, eguneratuan eta eraldatzailean hitz egin dezaketela agertu nahi du».
Gogora ekarri dute aurretik Jon Esnaola Agirrek hainbat lan konposatu dituela euskal eskultoreen irakurketetatik abiatuta: Eduardo Chillidaren ‘Idazkiak’ eta Jorge Oteizaren ‘Quousque tandem…!’, edo ‘Gravitaciones’, ‘Euskal Ahaide Kosmogonikoak’, ‘Luz Oscura’ eta ‘Atauts’, besteak beste. «‘LUUR’, gainera, natura defendatzeko eta babesteko kantua eta deia da, eta, alde horretatik, obrak oinarri ekologista nabarmena du», aipatu dute.
76 interpreterentzat idatzia eta hamar minutu inguruko iraupenarekin, ‘LUUR’ datorren udan estreinatuko du Euskadiko Gazte Orkestrak (EGO), Unai Urrechoren zuzendaritzapean. Donostiako, Bilboko eta Gasteizko entzunaretoetan, besteak beste, entzun ahal izango da lana.
Jon Esnaola Agirre Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, azken konposizio-urtea egiten ari da. Aurretik, bi aldiz jaso du Euskadiko Musikari Gazteen Lehen Saria, Italy Percussive Arts Society saria eta Madrilgo Zarzuela Antzokiaren Konposizio Saria. Era berean, Musikagileak, Euskal Herriko Musikagileen Elkarteko zuzendaritza batzordean parte hartzeak «euskal kultura eta musikarekiko konpromiso aktiboa» erakusten duela nabarmendu dute.

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte

Europan fabrikatu eta erabilitako motrailurik zaharrena aurkitu dute Trebiñun

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari
