
«Agur esatea zaila izan daiteke. Baina errazago da zuekin batera», adierazi zuten Hatortxu Rockeko antolakuntzako kideek abenduan, Atarrabian azkenaurreko edizioa egitearekin batera. Uztailean, 24tik 27ra, elkartasun jaialdiaren agurra ospatuko dute Lakuntzan eta «elkarrekin» hori letra larriz idatziko dela nabarmendu dute. Sakanako herrian larunbat honetan egin duten agerraldian jakinarazi dutenez, 7.049 boluntario biltzea aurreikusten dute jaialdia aurrera atera ahal izateko.
Hatortxuko kide ugari eta Lakuntzako herritarrak bildu dira gaur goizean, Hatortxu eta Lakuntzaren artean dagoen ahizpatasuna erakutsiz. Musika, prentsaurrekoa eta auzatea izan da larunbat honetako menua.
Oraindik ere izen, xehetasun eta sorpresa asko maukan gordeta dituzten arren, dagoeneko 30 taldetik gora eman dituzte ezagutzera agur jaiadirako. Besteak beste, eszenatokietatik aldenduta zeuden zazpi talderen itzulera ere iragarri dute: Never Surrender, Autobus Magikoa, Buitraker, Latzen, Afu, Skatu eta berriz ere abesti batzuk taularatuko dituzten Alaitz eta Maider.
Guzti hau hartuko duen gune nagusi izango den Beriain belardian egin dute agerraldia. «Elkartasun jaialdi bat da Hatortxu, preso politikoen senide eta lagunen zama arintzea izan duena helburu. Erronka ekonomikoa zein politikoa da aldi berean; eta handia da lortu dena; jaialdiaren dimentsioa, kartelak, lortutako erreferentzialtasuna… Erronkaren tamainaren lekuko dira. Baina hemen ez dago misteriorik. Formula sekreturik ez duen errezeta da Hatortxurena. Auzolanari esker izan da posible halako egitasmo bat hainbeste urtetan zehar aurrera eraman ahal izatea», adierazi dute Nerea Eugik eta Oihan Ekizak, ekimeneko bozeramaileek.
Hatortxu urte guzti hauetan «norbanako ugariz osatutako talde bakar bat» izan dela ekarri dute gogora. «Bakoitzak bere bertuteak jarri ditu proiektuaren alde. Eta guztiok hiru gauza izan ditugu amankomunean: konpromisoa, ilusioa eta gogoa. Izan ere, bertuteak bertute eta gabeziak, gabezi, konpromiso, ilusio eta gogoari esker jaio zen Hatortxu, eta horiei esker egin du bi hamarkada eta erdiko bidea, haziz eta ikasiz, peto laranja soinean (edo gorria edo morea) gure aletxoa jarriz».

Ehunka, milaka petok osatutako puzzle bat izan da Hatortxuren edizio bakoitza. Eta Hatortxuk «agur» esango badu ere, bere ondarea mantendu egingo dela nabarmendu dute. «Behar-beharrezkotzat jotzen dugu auzolana bera balioan jartzeko baliatzea azken edizio hau. Lakuntzan lurrartuko duen jaialdia egikaritzeko ezinbestekoa izango delako. Eta ez dugu erronka makala».
Eta erronka bere gain hartzearekin batera, gizarteari bota diote. Izan ere, jaialdia aurrera ateratzeko 7.049 txanda bete behar dituzte. «Lakuntzatik dei egin nahi diogu mundu guztiari txanda bat egitera anima dadin, eta azken edizio hau modu berezian bizi dezan. Ezinbestekoa delako, bai. Baina bata Hatortxu ezagutzeko modu desberdin bat delako. Eta azken aukera izango da. Ez da edonolako jaialdi bat, elkartasunean eta elkarlanean eraikitzen da».
Honekin bat egin eta izena emateko jaialdiaren webgunean atal berezi bat sortu dute, herri eta auzoetan ere lanketa berezia egiten ari dira eta datozen asteetan Euskal Herriko hamaika txoko bisitatuko dituzte jaialdiko antolakuntzako kideek Hatortxu 30 aurkeztu eta auzolanerako gonbita egiteko. Webgune berean salgai daude jaialdiaren sarrerak. Lau eguneko bonoa 105 euroko prezioan eskuratu daiteke.
Bertaratutakoei sorpresa
Uztailaren amaieratik harago begira, «militantziaren eta auzolanaren kultura» elikatu nahi du ekimen honekin Hatortxuk. «Denon artean egiten dugun herri bat elikatu nahi dugu. Inor preso ez den herri aske bat amesten dugulako. Batera lan eginez izango baikara aske».
Mezu horrekin sortu dituzte, besteak beste, Barnizen ‘Txandalari’ kantua eta gaur Lakuntzara bertaratutakoek esklusiban ezagutu duten lan berri bat: ‘Bi t'erdi’. Maskak, Mirua, Juantxo Arakama eta Pello Reparazen artean auzolanean ondutako abestia. Gaur herriko kultur etxean plazaratu dute eta datorren astean zabalduko dute.
«Petoa izan da gure auzolanaren ikur eta peto laranja eramanen dugu soinean gaurtik hasita eta uztailaren 27ra arte. Eta baita haratago ere. Hatortxu Rockek behar eta merezi duen agurra emateko. Bakoitza bere eremuan, baina denon konpromiso, ilusio eta gogoa batuz. Auzolanaren herria gara. Auzolanaren indarra gara. Jantzi petoa eta egin txanda!», bukatu dute.

«Todo ha cambiado mucho, pero el capitalismo sigue siendo implacable»

Hatortxuk erronka jarri dio euskal gizarteari: 7.049 boluntario biltzea agur festarako

Absuelto el exguitarrista de Lendakaris Muertos que fue acusado de agresión sexual

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada
