
Donostiako Gros auzoan, Okendo kultur etxearen ondoan, eraikitzen ari diren Basque Culinary Centerren zentro berria, GOe izenekoa, Gastronomy Open Ecosystem, obren azken etapan sartu da. «Prestakuntza espezializatua, ikerketa eta berrikuntza gastronomikoa, ekintzaileentzako laguntza programak eta herritarrentzako jarduera programa zabal bat» eskainiko ditu, BCCk eta hiru erakunde sustatzaileek –Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua– adierazi dutenez.
Astelehen honetan bisita gidatua eskaini digute hedabideoi, eta han sartu gara auzoko berdegune bakarrean altxatu duten eraikin handira, Amenabarren kaskoa eta txaleko horia jantzita, agintariekin batera.
Goiko solairutik hasi gara, itsasoari begira. Joxe Mari Aizega BCCeko zuzendariak nabarmendu du lanak «aurreikusitako exekuzio planaren arabera» doazela eta beren helburua irailerako amaitzea dela. «Egitura bukatua dago eta barrualdean dabiltza orain: instalazioak ixten, barne banaketa eta bukaerak egiten... Kanpoaldean, estalki berdeak eta fatxada egiten ari dira», zehaztu du.
Zortzi sukalde eta auditorioa
Espazioak ezagutzen joan gara gero. Zortzi sukalde egonen dira eta horietako handiena eta ikusgarriena goiko pisukoa da. 16 sukaldarirentzako leku irekia izanen da eta itsasoa zein eliza ikusiko dira bertatik.
Solairu bat beherago 200 lagunentzako auditorioa kokatuko da, eta eskailera pila bat jaitsita, zerogarren solairuan, sarrera nagusia, kafetegia eta, eskuin aldera, «hiritarrentzako espazioak». Nafarroako Hiribidera irekia egonen dela azaldu du Aizegak, eraikinaren «izaera gardenaren» isla.
Jakinarazi duenez, gastronomia osasunarekin jasangarritasunarekin eta ongizatearekin lotzen da, eta erlazio honetan, arreta berezia jarriko diete populazioaren bi sektoreri: haurrak eta hirugarren adinekoak. Asmoa, BCCeko zuzendariaren hitzetan, «elikadura zaporetsu eta osasungarria» sustatzea izanen da.
Talentuaren lurreratze pista
Lehendabiziko solairura joan gara handik, eta irudimen ariketa bat egiteko eskatu digu Aizegak, bertan kokatuko den zentro teknologikoa, GOe Tech Center, imajinatzeko. «Sukaldaritza eta zientzia uztartuko ditu, ikuspegi holistiko batetik berrikuntza bultzatuz», agertu du. Zentzumen eta analisi gela izanen du, baita hamar laborategi ere.
Bigarren pisuan, mila metro karratuko coworking gunea prestatuko dute ekintzaileentzat. BCCko zuzendariak oroitu duenez, GOek elikadura eta gastronomia bultzatu nahi ditu, etorkizuneko sektore ekonomiko garrantzitsu bat direla ulertzen duelako, eta horretarako talentua erakarri behar da, ikertzailea zein ekintzailea. Coworking hau «mundu osoko talentua ekartzeko lurreratze pista bat» bezala irudikatu du.
Herriaren proiektu handi, baina zer herri?
Aizegak «herrialderako proiektu estrategiko handi» bezala defendatu du GOe. Erakundeen arteko elkarlanaren eredu ere badela goraipatu du, eta ildo beretik mintzatu dira agintariak ere. Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du hiriaren «erreferente arkitektoniko berri bat» izanen dela olatu formako eraikin hau.
Inguru egoki batean dagoela azpimarratu du. «Kursaaletik gertu dago eta eragin handia edukiko du. Inguru osoa birgaitzeko aukera ere emango digu. Okendo kultur etxea zaharberritzea izango da Udalaren hurrengo esku-hartzea Zemoriako parkearen goiko aldearen altuera gaindituko duen igogailu bat erantsiko dugu», jakinarazi du.
Alkatearen ustez, horrek mesede eginen dio Grosi, «kalitate handiagoko ekipamendu eta gune urbanistiko hobeak» izango baititu.
Bertzetik, erran du Donostia gastronomian erreferente dela baina hori «ez dela mantentzen ekimen berririk gabe». Ekimen berri horietako bat da GOe, «munduari begira» egina.
«Bisio estrategikoa, aurrera jarraitzeko»
Amaia Barredo Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Gobernua garatzen ari den «nekazaritzako elikagaien ekosistema globalaren» baitan kokatu du GOe, Gasteiz eta Guardiako EDA Drinks&Wine Campusekin batera. «Elkarrekin osatuko dugu proiektu handi hau, gastronomia eta lehen sektorea bultzatzeko asmoz», baieztatu du.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, atzera jo du, duela kasik 50 urte sortu zen euskal sukaldaritza berriaren mugimendua gogora ekartzeko. «Jakinda zertan garen onak, ez gara konformatu eta bisio estrategikoa izan dugu aurrera egiten jarraitzeko». Hori da berarentzat egitasmo honen balio nagusia.
SOS Manteo
Aurkezpeneko hitz politek badute, ordea, B aldea. Duela zenbait urte eraikin hau egiteko asmoa zegoela jakin zutenean, Gros eta Uliako bizilagunak mugitzen hasi ziren eta elkarretaratzeak eta manifestazioak egin zituzten auzoko berdegune bakarra ezabatu ez zezaten. «Auzoaren aurkako azken zapalkuntza urbanistiko» gisa definitu zuen SOS Manteok BCCren egoitza berria Nafarroa Hiribidean egitea.
Manteo eta Zemoria parkeetan 60 urte inguruko 100 zuhaitz zeuden, eta horiek denak galdu dira GOe eraikitzerakoan. Gainera, salatu izan dutenez, «ez dute bizilagunen iritzia kontuan hartu» eta Manteoko zoru publikoa eman diote fundazio pribatu bati.
Auzoaren bizi kalitatea «berreskuratu» nahi lukete eta horretarako biztanleek erabakietan parte hartu behar dutela defendatu izan dute.
Profesionalen manifestua
Bizilagunak ez dira proiektuaren aurka azaldu diren bakarrak. 2024ko martxoan, 114 profesionalek agiri bat aurkeztu zuten. Tartean ziren UPV/EHUko, BC3ko eta bertze ikerketa zentroetako 58 ikertzaile, baita arkitektoak, paisajistak, ingurugiro teknikariak, geografoak eta ingeniariak ere.
GOeren proiektua bertan behera uzteko eskatu zuten guztiek, eta prozesu parte-hartzaile bat abiatzeko, Gros auzorako nahi eta behar den parke ederra denen artean erabakitzeko. «GOek Gros auzoak sufritzen dituen gentrifikazio eta turistifikazio arazoak handitu baino ez dituela eginen» ere ohartarazi zuten eta bertze kokaleku bat eskatu zuten BBCren zentro berrirako.

‘Putos Nazis’, adelanto del nuevo álbum de los siempre combativos RadioCrimen

«‘La llama de Arratia’ es la suma de un montón de detalles»

Bizkaia pedalea para alcanzar los 365 kilómetros de bidegorris en 2035

OCU pide mejorar el decreto de comedores escolares: más verduras y cocinas en el propio centro
