NAIZ

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada

Lakuntzan uztailaren 24tik 27ra biziko den zita berezi honen bideoklipa astearte honetan sareratu dute, NAIZek astelehen gauean esklusiban aurreratu eta gero. Asteburuan iragarri zuten Zetak taldeko Pello Reparazen sinadura daraman ‘Bi t'erdi’ abestia.

Grabaketaren une bat.
Grabaketaren une bat. (HATORTXU ROCK)

Uztailean, 24tik 27ra, Hatortxu Rock-en agurra ospatuko dute Lakuntzan. Dagoeneko agur-jaialdirako 30 taldetik gora ezagutarazi dituzten arren, oraindik ere izen, xehetasun eta sorpresa asko gordeta dituzte. Horietako bat asteburuan iragarri zuten ‘Bi t'erdi’ abestia da. Astearte honetan estreinatu da abesti zein honen bideoklip ofiziala, eta dagoeneko sarean ikusgai da, baina NAIZen esklusiban ikusteko aukera izan zen astelehen gauean.

Auzolanean sortutako abestia da ‘Bi'terdi’. Mattin Zeberio, Malentxo Zeberio, Maitane Iruiñ, Pello Reparaz, Juantxo Arakama, Betti Albor eta Battitt Etchart dira letraren sorkuntzan aritu diren musikariak. Mauleko Txingili’K taldearen eta Patxi Cazenave Maskakeko abeslariaren ahotsak gehitu zaizkie egitasmoari.

Gero eta gutxiago falta da euskal presoen eskubideen aldeko azken jaialdirako eta antolakuntzak auzolanaren garrantzia azpimarratu du, 26 urtetan zehar Hatortxu ezaugarritu duen ondare nagusietako bat hori baita.

Azken edizioan ere auzolan hori ezinbestekoa izanen dela azpimarratu asmoz, iragan larunbatean agerraldia egin zuten, Hatortxuko kideek, Lakuntzako herritarrekin batera, agerraldia egin zuten horretarako. Zehazki, erronka jarri zioten euskal gizarteari: elkartasun jaialdiaren agur festa posible egingo duten 7.049 boluntario biltzea.

‘Bi t'erdi’ abestiaren letra

Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ abestia

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 


Zuk heldu bat, nik beste bat,

orain abiatzeko bagara lau.

Nahi beste gau.

Nahi beste gau.

 

Zuk ardoa, nik zilarra,

elkar helduta bi t’erdi gara.

Batera bi t’erdi gara.

 

Argi printza bateko puntu urdin zurbil batean

milaka milioi txiki dituzte handi gutxik jaten.

Posible da beste mundu bat baina ez da esaten.

Ez dago bakerik baldin badago gerra klaseen artean.

 

Ezpainetan kolore falta,

dardarka hezurrak.

Piztia beti da piztia

nahiz eta aldatu ikurrak.

Bi t’erdi gara.

 

Zuk heldu bat, nik beste bat…

 

Bat, bi, lau, zortzi. Bat, bi, lau, zortzi… (x)

 

Bat, bi, lau, zortzi, hamasei, hogeita hamabi.

Bakoitzari bere beharren arabera,

bakoitzak daukana jarri.

Denak gara eta bakarrak,

inor ez da bat bakarrik.

Zure askatasunak askatzen nau ni.

 

Zure berdina ez da zure etsaia,

Lakuntzan gaude ahizpa eta anaiak.

Inor bidean ez uzteko bide bakarra.

Hator, auzolanaren indarra.

 

Badator hotza.

Bi t'erdi gara.

 

Zuk heldu bat, nik beste bat...

Bat, bi, lau, zortzi. Bat, bi, lau, zortzi…

 

Bi t’erdi gara.