«Zer garen edertasunetik eta emoziotik esan nahi izan dut»
2023an argitaratu zuen Jon Maiak ‘Kantu berri bat gara’ (Elkar) disko-liburua. Pello Ramirez, Gorka Hermosa eta Nerea Quincoces musikariekin batera euskal herrietan zehar euskal identitatearen sustraiak hedatu dituzte. Azken kontzertua maiatzean emango dute, ahal izatera Zumaiako hondartzan.

Bere baitatik, biluzik abesten du Jon Maiak. Zaurgarri izan zitekeen biluztasun horrek berak eraman du, baina, entzuleriaren bihotz-arimak konkistatzera. Bere hitzetan, bere bizitzaren puzzlea osatzen duten piezak dira bere kantuak. Ez da osatzen duten puzzle bakarra, ordea. Jon Maiak denok kantatzen, denok kontatzen gaitu. Eta hori egin du ‘Kantu berri bat gara’ proiektuarekin ere. ‘Kantu bat gara’-ren oinordeko naturala. Iraganeko esentziatik, euskal identitate berrietarainoko bidaia poetiko musikatua.
Proiektu bat abiatzea baino zailagoa den unea iritsi da, baina: amaiera noiz eta nola eman erabakitzekoa. Are nekezagoa, funtzionatzen duenean. Baina beharbada hori da dotorezia keinurik eta dotoreena. Goian amaitzea. Amaitua izan aurretik amaitzea. Eta ‘Kantu berri bat gara’ udaberri honetan amaituko da. Aurretik, larunbatean Elizondon ariko da, eta, apirilaren 24an, Iruñean.
Letragintzari egin diozun ekarpenari nolabaiteko itzulera batetik abiatu zinen ‘Kantu bat gara’ proiektuarekin, ezta?
Abiapuntua beharbada horixe izan zen, bai. Izan zen ospakizun bat. 30 urte betetzen ziren nire lehenengo kanta idatzi nuenetik. Maiz pentsatzen nuen nola egin nezakeen letragile bezala egindako ibilbide horri forma bat emateko. Ze azkenean idazten dituzu testu pilo bat eta, baina denak daude sakabanatuak, oso lan desberdinetan eta denbora askoan zehar. Nik sentitzen nuen hor lan bat eginda neukala, lan inportante bat, nire bizitzan hogeita hamar urteko lan bat azkenean, baina ez zegoela inon bisualizatuta.
Jende askok ere jakin ere ez, normala da, jendeak ez du begiratzen letrak zeinek idatzi dituen. Kantua da Ken Zazpiren-a edo kantua da Negu Gorriak-ena. Eta hala da, azkenean haiek zugana jo dute eta zuk zerbitzu bat eman diezu, beraientzat egiten duzu. Letragilea hor dago beraien zerbitzura. Uste dut letragintza badela diziplina berezi bat, ez da poemak idaztea, ez da literatura egitea, ez da bertsoak egitea. Baldintza gehigarri batzuk ditu, apartekoak, baldintzatzen dutenak bere sorkuntza, letragilearen sorkuntza. Pertsona edo talde jakin batentzat idatzia da, beraz, kontuan hartzen dut idatzi aurretik pertsona edo talde horren ezaugarriak, unibertsoa. Baita kantatzeko era, edota musikak, beraien musikak iradokitzen didana.
Eta nire letra da, baina berea izan behar du, berak sentitu behar du bere. Kontziente naiz beretzat dela. Orduan, idazten dut nigandik baina bere ahotik kantatuak izango denaren perspektibarekin. Baldintza asko ditu, hortaz, eta nahi nion horri inportantzia eman.
Orduan pandemia garaia zen eta hor aprobetxatu nuen denbora hori antologia moduko bat egiteko eta eta garbi neukan ez zuela izan behar CD bat bakarrik, baizik eta liburu bat behar zuela, garaia kontatzeko aitzakia ematen zidala. Kantugintza, garaia, testuingurua, anekdotak eta letragintza, hari buruz ere idazteko aukera ematen zidan zerbait. Pentsatu nuen talde bat osatzea, propioa, nire gustukoa. Eta animatu egin nintzen. Ospakizun bezala abiatu zena nire bizitzako proiektu pertsonalena bilakatu da, beharbada ehuneko ehunean nirea delako. Nire mundu ikuskeraren isla da.
Espero zenuen halako erantzuna izango zuenik?
‘Kantu bat gara’-rekin eman genituen 50 emanaldi inguru, asko eman genituen. Pixka bat mugatuak ere baginen, ze areto itxietan ematen ditugu eta tamaina batetik gora ez daude hainbeste areto Euskal Herrian. Proiektua handi jaio zen egia esan. Arriagan egin genuen lehenengoa eta bete egin zen. Gero Victoria Eugenian ere bi emanaldi egin genituen eta hortik abiatu ginen herrietako antzokietara. Niretzat jauzi bat izan da nire bizitzan, nire ibilbide artistikoan. Beharbada bertsoetako lehenengo finalarekin batera, nire salto handiena izan da ‘Kantu bat gara’- rekin egin dudana.
Eta ‘Kantu bat gara’, ‘Kantu berri bat gara’ bilakatu da edo bilakarazi duzue..
Hain ondo atera zen ‘Kantu gara’... Pena ematen zidan uztea, halako taldea, horrelako musikariak eta halako erantzuna joaten ginen leku guztietan. Nere baitan nioen hau ezin nuela horrela utzi. Eta pena ematen zidan gainera, uztea kantu berriak egin gabe. Aurrekoa bertsioak ziren, oso kantu ezagunen bertsioak, nire ibilbideko kantu ezagun askoren bertsioak. Baina pena ematen zidan guk ez sortzea gureak.
Eta egin genuen eta berdin-berdin jarraitu du. Erantzun berdina jaso dugu eta benetan hunkigarria da leku guztietan gertatzen dena. ‘Kantu berri bat gara’ esango nuke koherenteagoa dela, bai ikuskizuna eta liburua eta diskoa ere. Ze bestea potpourri bat zen, azkenean antologia bat. Baina honetan kontzeptu bat dago eta beraz intentzionalitate garbiago bat.
‘Bereterretxeren Kanthoria’-tik abiatzen da eta bukatzen da ‘Euskal Herria B’ izeneko kantuarekin. Iraganeko esentziatik, euskal identitate berrietaraino. Eta hori da nire intentzioa. Begirada historiko bat eskaintzea gure herriari: zer garen edertasunetik eta emoziotik adieraztea. Eta honetan oso interbentzio garbia da ‘Kantu berri bat gara’-n ere.

Proiektu honi esker entzun ahal izan dugu, besteak beste, Silvio Rodriguez euskaraz kantuan ere.
Nik uste dut jende askorentzat fantasia bat bezala izan dela Silvio euskaraz entzutea. Niretzat zer esanik ez. Pentsatu nuen nire amets guztien bila joan behar nuela eta horrela egin dut. Mugarik gabe pentsatzen dut jada. Eta zeinekin kantatu nahiko nuke abeslari bat hautatu beharko banu bizitzan? Bakarra hautatu ahal izango banu, norekin kantatzea hautatuko nuke munduan? Eta pentsatu nuen, Silvio Rodriguez-ekin. Saiatu egingo naiz. Eta horrelaxe hasi nintzen.
Lehenengo diskoan ere saiatu nintzen, baina ez nuen lortu, eta bigarrengoan, berriz saiatu nintzen eta baita lortu ere. Niretzat fantasia bat izan da. Eta jende askorentzat, ze nik uste dut euskaldun asko eta euskal hiztun asko garela Silvioren jarraitzaile bere historia guztiagatik. Euskal Herrian bere kontzertuak oso sinbolikoak eta magikoak izan dira historian zehar eta berak badu harreman bat Euskal Herriarekin. Diskoa atera berritan Durangoko Azokan jendea gerturatzen zitzaidan esaten kantua hastearekin batera negargura zetorkiela, sentimenduak gainezka egiten ziela.
Pieza ere halakoxea da...
Pieza oso sentimentala da, Gorka Hermosaren doinu eder horrekin. Nik uste dut euskararentzat ere opari bat dela horrelako ahots historiko eta unibertsal batek euskaraz kantatzea. Ahots planetario batek eta berak dituen baloreekin gainera: ez dela bakarrik abeslari bat, baizik balore batzuk denok ezagutzen ditugunak, dauzkan pertsona bat dela.
Ibilbide oparoa egin duzue ‘Kantu berri bat gara’-rekin, baina amaiera iragarri duzue. Ez da erraza amaiera ematea horren ondo funtzionatzen duen zerbaiti, ez?
Zuk esan duzu: gauza ondo doanean, amaitzea kosta egiten da. Nik asko gozatu dut lau urte hauetan. Izugarri hunkitu naiz eta nire mezua zabaltzeko aukera oso indartsua izan da, oso potentea da ikuskizun hau. Pena ematen dit, ze badakit sentituko dudala uzten dudanean hutsunea. Non da hurrengo kontzertua? Noiz da? Galdu egingo dut hori. Baina bertsotan jarraituko dut, oholtzan jarraituko dut, desberdina izan arren.
Maiatzean bukatu nahi dugu azken kontzertu berezi batekin. Laster iragartzea espero dut. Berezia izango da. Posible balitz, Zumaiako hondartzan egin nahiko genuke aurreko udaberrian eguraldia dela eta egin gabe utzi genuen hura. Eta hori ez bada ateratzen egun berean, beste leku batean egingo dugu.
Eta bitartean larunbatean Elizondoko frontoian, Baztanen dugu lehen hitzordua. Oso berezia izango da baita ere, ze harreman handia dut Baztanekin azken urteetan. Apirilaren 24ean Baluarten egingo duguna ere handia izango da. Gainera, GARA-ko harpidedunek deskontu bat daukate sarrera erosteko aukeran eta badakit dagoeneko asko saldu direla. Gero beste hitzordu bat dugu maiatzaren 10ean, Zegaman. Azkena, esan bezala Zumaian iragarriko dugun hori. Baina bai, bukatzera doa. Beraz, penaz baina baita ere disfrutatuko ditugu azkenengo hauek eta espero dut jendeak ere gozatzea.
«Oholtzan popstarraren figuratik ihes egin nahi dut, ez naiz eroso sentitzen»

«Queremos reventar todas las salas»

Un robot humanoide chino corre una «Behobia» en 2 horas y 40 minutos

Kontsumobide detecta granos parasitados y moho en un 23% de los análisis de legumbres
