2023 MAR. 12 - 21:04h ‘Orainari’, Ernairen Gazte Topaguneko kanta, entzungai dagoeneko Kalean da Ernairen aurtengo Gazte Topagunerako egindako kantua, ‘Orainari’. Atzo aurkeztu zuten Elorrion eta gaur argitaratu dute bideoklipa. NAIZ Josune Arakistain ‘Süne’ eta Moonshine Wagon arduratu dira aurtengo Ernairen Gazte Topagunerako abestia sortzeaz, Leire Vargasen hitzekin. ‘Orainari’ kantua atzo aurkeztu zuten, Elorrion, hain zuzen ere, eta gaur zabaldu dute bideoklipa gazte antolakundearen sare sozialen bidez. Egun osoko egitaraua prestatu zuen atzo Ernaik Elorrion. 11.00etan ‘Hiru une hiru argi’ hitzaldiarekin hasi zuten goiza, kantaren aurkezpenarekin jarraitu eta herri bazkariarekin bukatzeko. Arratsalderako hainbat kontzertu antolatu zituzten. Apirilaren 6tik 9ra bitartean egingo dute Gazte Topagunea Elorrion. Hitzaldiak eta kontzertuak izango dira 10. urteurreneko hitzorduan eta, aurkezpenean azaldu zutenez, «Elorrio 3 egunez gurea egingo dugu, gazteon herria bilakatuko dugu, independentzia, sozialismoa eta feminismoaren herria». Besteak beste, honako hitzaldiak egongo dira: Jordi Borras eta Kattalin Miner, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia, Eraitz Saez de Egilaz eta Lur Albizu, Jule Goikoetxea, Garbiñe Aranburu... Jorratuko dituzten gaien artean daude gazte belaunaldiaren erronkak, ekologismoa, hezkuntza eta antifaxismoa, migrazioa, komunikazio politikoa, lodifobia edota euskal kultura Kontzertuak ere izango dira, Kilimak, Zetak, Merina Gris, Iheskide, Su ta Gar, Los Chikos del Maiz eta Dupla taldeenak, beste askoren artean, eta Süne bera ere arituko da. Bertaratzen direnek hainbat zerbitzu izango dituzte eskura, hala nola, jantokia, kanpalekua edota furgonetak uzteko aparkalekua. Oraindik badago bonoak Bibe plataformaren bidez lortzeko aukera.