JOKIN URAIN
IRITZIA

Ondoezak

Ez da zaila anbulatorio atarian zain zauden bitartean alboan zeu bezalaxe zain daudenen berriketa entzutea, halakoz eta holakoz kexaka, dena baitabil gaizki eta dena da zorigaitza. Autobusean isilxeago goaz agian, eta ordutegien arabera hizketarako gaiak aldatzen direla ematen du, ordu batzuetan ala besteetan jendea ere ezberdina delako izan liteke. Baina kexak eta haserreak mugak gaindi ditzakete eta sarritan azaleratzen dira nonahi. Trenean dabilen jendearen elkarrizketak ere gehienetan kexara lerratzen ote diren iruditu izan zait. Itsasoan dabiltzanen artean igual ez dute berriketarako barealdi handirik izaten eta kexak lehorrerako utziko dituzte, eta hegazkinetan kontu horiek nola diren ez dakit; lainoetatik gora, zerutik hurbilago, beharbada dena izango da zoriontsuago.

Baina hemen, lurgaineko asfaltoan konpondu behar dugunon murmurioari belarria ezarrita, ondoezean eta haserrean bizitzea gizakion egoera naturala dela ematen du, berezko izaera nolabait. Diosalean ohiko edo noizbehinkako adiskideari zer moduz dabilen galdetuta, ezinean edo hainbestean gabiltza ia egunero, gaizki samar gehiegitan, hala-hola onenera jota ere. Eta inguruak eta ingurukoak kalte egiten digu.

Batzuek kalte egiten digute zigarroa erretzen dutelako eta besteek erretzen uzten ez dutelako; batere beharrik gabe bi txakur dauzkan auzoak apropos zaunka eginarazten die siesta orduan; justu geu iristear garenean zebra-bidearen erdian telefonoari begira geratzen direnek ultzera eragiten digute; bizikletan doazen guztiak etxean arduragabe hutsak direlako eta ahal duten lekuan traba egitearren ateratzen dira errepidera; zarata egiten duenak min ematen digu belarrian; isilik dagoen hori susmagarri egiten zaigu, eta begira dagoen hark zergatik begiratzen digu horrela? Gure futbol taldeak ez digu poz handirik ematen, arbitroak aurka dauzkalako, eta albokoa hain zuzen hortxe min egiten saiatzen da.

Gerra sutu dute, gutxienez, urrutira gabe, eta tira, zerbaiten edo norbaiten kontra denok bat egiteko modua izan zitekeela zirudien, denok panpina berari harrika aritzeak ematen duen susperraldi eta emozioen apar horrekin. Baina ez, horretan ere ezin konpondu.

Dena da ondoeza, Xabier, eta ez dakit ondoez horretan ez ote duen bilatzen eta topatzen askok bere egonleku erosoa. Gaurkoa Zoriontasunaren Nazioarteko Eguna da, hala ere.