Ganbarako gaia
Edozein erritual, urte batzuetan errepikatzen bada, laster bihurtzen da ohitura. Gero, denbora askoren beharrik ez da izaten ohitura baten jatorria ahazteko. Belaunaldi baten jauzia gaindituta, inor ez da gogoratzen nondik datozen ohitura horiek eta, gauzak ez konplikatzeko-edo, betikotzat hartzen ditugu. “Betiko ohitura” izatera pasatzen dira. «Beti horrela egin izan da», «betiko ohitura da» eta antzeko esaldiak ere ahoz aho erabiltzen ditugunez, dena da betiko gure artean, betikorik eta betirakorik ezer ez dagoen arren mundu honetan, eta beste mundu posibleetan ere ez, seguru asko.
Baina maiteak ditugu ohiturak, eta eskandalagarria baino okerragoa iruditzen zaigu horietakoren bat aldatzen hastea. Denboraren zuloan itzaliz joan eta bertan galtzea nahiago, ohitura santu bat aldatzera ausartzea baino. Digestio txarrak arintzea baino gehiago kostatzen zaigu geure buruak berritzea.
Betiko ohitura horietako bat da, edo izan da, bertso saioetan, txapelketetan batik bat, “kartzelako lana” esaten zaiona, “kartzelako gaia” ipinita bertsolari bakoitzak banaka egin behar izaten duena. Betikotasunak bere mugak izaten ditu, ordea, eta “kartzelako lana” deritzana 1960ko hamarkadan asmatua ei da. Ez hain betikoa, beraz. Eta betirakoa ere ez.
Bertsolariek denek gai berberari baina besteek egindako lanaren erreferentziarik gabe kantatzeko asmatutako sistema da nonbait. Bakarkako ariketa honetan, lehiakideek kantatzen zutena entzutearen abantailarik izan ez zezaten isolatu egin behar ziren bertsolariak, eta horretarako “kartzelara” eramatea bururatu zitzaien; handik atera ahala jendaurrean banan-banan aritu behar zuten. Doinua pentsatu eta puntuak prestatzeko aukera emango zien kartzelaldiak, kontzentratzeko parada beharbada. Bere gauzak baditu kartzelak.
Aurten erabaki dute aurrerantzean “Ganbarako lana” izango dela orain arte “Kartzelako lana” izan den hori. Ez dakit aldaketara erraz moldatuko diren bertsolari eta bertsozale guztiak, eta ez dakit ganbarakoak iraungo ote duen kartzelakoak bezainbeste. Baina, hasteko, sinetsita nago prestaketarako kartzela baino leku hobea dela ganbara. Beste zentzu bat dauka, gutxienez, pentsaketari emanagoa isolatzeari baino.
Izena aldatzea ez da beti nahikoa izaten, Iurgi; baina kartzelakoaren arrastoa atzera uzteko adina bide egin behar luke ganbarakoak.