Gurutze Anduaga
MAHASTIEN ZAINTZA BEREZITUA

KOSHU-A, ARIMA JAPONIARRA DUEN ARDOAREN LORALDIA

Ohiko dituen eurite eta klima hezearekin, Japonia urrun dago ardoa ekoizteko paraje izatetik. Baina Koshu-a, hango ardo ezagunena, apurka bere ospea gehitzen ari da.

Argazkiak: Richard Brooks | AFP
Argazkiak: Richard Brooks | AFP

Euripean, Keiya Uchida arrosa grisaxka koloreko mahats sortak ikuskatzen ari da bere mahasti txikian, Yamanashi prefekturan, Japoniako mahastizaintzaren sorterrian. Bertan ekoizten da Koshu-a, ardo zuri lehor eta arina, bertako lurraldearen eta bere historiaren ikurretako bat, eta hango gastronomia delikatuarekin bat egiten duena. Tokiotik ehun bat kilometro mendebaldera dagoen arro emankor honetan, mendi garaiez inguratuta –Fuji mendi dotorea barne– mahatsondoak pergolan hazten dira batez ere, 1,70 m inguruko altueran. «Horrek lurzoruaren hezetasunetik babesten ditu eta mahatsa hobeto lehortzen du haizeak», aipatu du Uchidak.

Lorategi itxurako mahasti txikietan –sarritan hiriguneetan txertatuta daude espazio faltagatik– mahatsa normalean gomazko ‘aterki’ txikiekin estali ohi da, gehiegizko euritik babesteko.

Denbora luzez gutxietsitako barietatea. «Atzerriko bisitariak harri eta zur geratzen dira lan erraldoi hau ikustean», dio barrez Uchidaren aitak, Borgoñan mahastizaintza eta enologia ikasi zuenak. Baina ezinbestekoa omen da, eguraldi txarrak eta hezetasun handiak «mahatsa hauskor» bihurtzen duelako eta gaixotasunak hartzeko arriskua sortzen delako.

1870eko hamarkadan Yamanashi-n ekoizten hasi zirenean, Estatu frantsesean trebatutako lehen mahastizain japoniarrak bereziki interesatu ziren mahats honetan, eskualdean mendeetan landu izan zena eta bere azal gris lodiari esker gaixotasun askori aurre egiten diona.

Baina emaitzak kaskarrak izan ziren luzaroan. «Duela hogei urte jendeak esaten zuen ez zuela ez zaporerik, ez kolorerik», oroitzen du Takayuki Tamura-k, Yamanashiko Château Mercian-eko ardogile nagusiak.

Dioenez, inflexio puntua Bordeleko Unibertsitateko talde franko-japoniar batek Koshuaren hartzidura-probetan ukitu zitrikoak aurkitu zituenean gertatu zen, 2003an. Horrek «Koshu laborantza eta ardogintza metodoak birplanteatzea ekarri zuen», azaldu du Tamurak. Esportazioa da japoniar ardoek daukaten beste erronka nagusietako bat. Nahiko garestiak izaten dira eta ardoaren merkatu-bolumenaren %5 baino ez dute hartzen. Japoniar produktuen gainean dagoen interes kulturala izan daiteke kopuru hori hobetzeko gakoetako bat, badelako oraindik ardo kopa eder batek ematen duen plazeraz gozatzen duenik.