Memoria bisualaren gordailua
Memorian atzera egiteak badu bertute bat. Une bat hautatu eta nahi beste dasta dezakezu, zukutu, denbora geratu eta une horren xehetasunez jabetu. Behinola, argazkilaritza deitu zioten horri: denbora harrapa zezakeen zientzia, gerora artera ekarria. Orrialdeotan, 50 urte betetzen dituen Fototekaren eskutik, etenaren botoia sakatuko dugu hainbat bider, argazkilaritzak harrapatu dituen historia zatiak zukutzeko.
Fototekara egin dugu bisita. Donostiako Tabakalerako laugarren solairuan du egoitza. Erakusketa aretoa zeharkatu eta ia ezkutuan dagoen ate batetik du sarbidea. «Egia da, askok ez dakite hemen dagoenik ere», baieztatu digu Ane Abaldek. Zazpi urte joan dira Kutxa Fundazioaren erakusketa-aretoen ardura hartu zuenetik, eta Abalderena da ere Fototeka gobernatzeko ardura. Kutxa Fundazioaren argazki-funts erraldoi honek 50 urte betetzen dituela-eta erreportaje bat egiteko asmoa agertu genionean, berehala ireki zizkigun etxeko ateak, eta sukalderaino, funtsak gordetzen diren biltegiraino, sartzeko aukera eskaini zigun: gutxik dute gune hau bisitatzeko aukera. Horrela, sekretupeko eremu batera sartzen ari garen sentipenarekin barneratu gara Fototekaren instalazioetan.
1973an sortu zen Fototeka, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipala –egungo Kutxabanken aurrekaria– Foto Marin eta Photo Carte –Foto Car izenez ere ezaguna– argazki-denden funtsez jabetu zenean. Azken hau denda lekuz aldatzeko erabakia hartu zuenean konturatu zen bertan pilatuta zeukan materialaren neurriaz –milaka positibo eta negatibo– eta artxibo horiekin guztiekin zer egin ez zekitela geratu ziren. Foto Marin-en kasuan, honen jabe Paco Marinen heriotzak ekarri zuen denda itxi beharra. Eta, bi kasuetan, Aurrezki Kutxak erosi zituen funtsak, etorkizunerako izan zezaketen balioaren jakitun. «Horretan aitzindariak izan ziren. Konturatu ziren ardura handiko gauza zela funts horiek gordetzea, gerora, era batera edo bestera, Gipuzkoari itzultzeko. Hasieratik dagoen hausnarketa da halako funtsak berreskuratu egin behar direla, artxiboak handitzen joan beharko lukeela», aipatu digu Abaldek.
Artxibo horiek eskuratzea izan zen lehen urratsa, eta haren eskutik etorriko ziren buruhausteak: bi funts horiek milioi bat argazki inguru batzen dituzte; 397.000, batak eta 790.000, besteak. Non eta nola mantendu material hauskor hori, etorkizunera ahalik egoera onenean iristeko? Abaldek azaldu digu hasierako urteetan zenbait lokaletan eduki zituztela gordeta, eta hogei urte behar izan zirela 90eko hamarkadan material horretan eskua sartu eta lehen sailkapenak egiten hasterako: gaika banatu zituzten, lehenik, eta sailkapen horren barruan kronologikoki, ostean. Orduan hasi ziren lehen ikerlariak materialarekiko interesa erakusten. «Jakin zuten material hori bazegoela eta argazkiak eskatzen hasi ziren. Horretarako pauso garrantzitsua izan zen 1986an “Argazkiak” izeneko bilduma argitaratzen hasi izana: hamarkadaka hartua, 1910, 1920… argazkiak atera eta horrekin batera funts hau Gipuzkoara plazaratzen hasi zen. Esku artean zer zuten erakutsi nahi izan zuten».
Izan ere, inork gutxik ukatuko du Fototekaren balio antropologiko eta etnologikoa. «Funtsaren muina Gipuzkoaren memoria bisuala gordetzea da. Askotan esaten dugu argazkigintzak eta gure funtsak bi alderdi dituela: bata, dokumentala, beti dagoena, eta beste bat, patrimoniala edo ondarearena. Beti daude biak, baina batzuetan batek du garrantzi handiagoa, eta besteetan, besteak. Dokumentalak diren funts asko ditugu, argazki-denden eta fotokazetarien funtsak, eta horiek gehienbat Gipuzkoaz hitz egiten digute. Baina baditugu argazkilaritzaren historia eta teknikari buruzko bildumak ere, eta horiek badute nazioarteko izaera, patrimonialagoa». Egun 1.800.000 argazki-objektu biltzen ditu, 30 funtsetan banatuta, tartean zenbait fotokazetari ezagunenak –Arturo Delgado, Javier Gallego...–, nagusiki XIX. mende amaiera eta XX. hasierakoak.
Nor da Clara Campoamor? Artxiboan badira euren kabuz mintzatzeko gaitasuna duten argazkiak. Harribitxi horien berri emateko eskatu diogu Abalderi. Fototekaren egoitzan, berari jarraitzeko keinua egin digu teknikariak. Bulegoak eta laborategia bera pasata dagoen ate handi baten ondora eraman gaitu: beste aldean dago Fototekaren artxiboa, une oro 18 graduan eta %48ko hezetasunarekin mantendu behar duen gelaxka batean. «Bizitza mugatua dute materialok, eta egoera onenetan mantendu nahi ditugu, ahal beste iraun dezaten», esan digu. Materiala ateratzen hasi da. Ume jaioberriak balira bezala hartzen ditu kutxak apalategietatik, eta kontu handiz irekitzen gure aurrean, barnean gordetzen duten altxorra erakusteko. «Negatiboak ditugu gehienbat, beirazko plakak eta negatibo flexibleak, positiboak baino gehiago. Baina batzuetan halako hauzak agertzen dira», esan du irribarrez Abaldek, laborategiko teknikariak irudi batzuk erakusten dizkigula: Irunen 1936ko irailaren 4an hartutako 12 irudiko sorta bat da, Beorlegui koronelak gidatutako tropa frankistek hiria suntsitu ostean egindakoak. Irudiak lazgarriak dira, baina atentzioa ematen duena atzealdean dituzten oin-oharretan dago. Zentsuraren zigilua dute, eta azpian baimendutako testua zehazten da. Hau dio batek: ‘‘La horda roja, impotente para detener al arrollador avance del glorioso ejército nacional, destruye por el incendio y la dinamita la ciudad, causando pérdidas por más de treinta millones de pesetas’’. Hotzikara batek zeharkatu digu gorputza. «Testuak oso interesgarriak dira, zentsura pasatakoak, suposatzen dugu prentsara zuzendutako zerbait zela. Harribitxiak dira, garai baten lekukoak», ziurtatu digu.
Horiez gain, teknika aldetik balio handiko materiala dute; esaterako, irudi estereoskopiko –3Daren aurrekaria– ikusgarriak, dagerrotipoak –Louis Daguerrek 1939an garatutako teknika, lehen argazkitzat hartuak–, ferrotipoak –metalezko xafla baten gainean positibatzen ziren irudiak, nagusiki 1860-1880. urteen artean erabiliak–, autokromoak –1903. urtean Lumiere anaiek sortua, 1935. urtera arte koloretako argazkiak lortzeko teknika bakarra izan zen– edota albuminak –irudien kopiak egiteko teknika; kontuan hartu argazkilaritzaren hastapenetan argazkia bakarra zela, ez zegoen kopiarik egiteko aukerarik–, eta, alde dokumentalari begira, harribitxi identifikagarrienen artean daude Charles Chaplinek Txofreko (Donostia) zezen-plazara egindako bisitaren irudia, Hitchcockek Zinemaldian “Vértigo” filma aurkeztu zueneko argazki enblematikoa edota bertatik bertara ikusi dugunean inpaktu gehien eragin diguna, Clara Campoamor idazle, politikari eta emakumeon eskubideen defendatzaile handiaren argazki ezagunena. «Bai, bai, guk daukagu jatorrizkoa!», aipatu digu teknikariak.
Abaldek eman dizkigu xehetasunak: «Clara Campoamorri buruz hitz egiten denean askotan erabiltzen da argazki hau. Ricardo Marin argazkilariarena da; gustatzen zaigu bere autoria erreibindikatzea, askotan ez delako aipatzen norena den argazkia; eta guretzat ohore bat da gure funtsetan egotea, gauza askogatik; batetik, Clara Campoamorren figuragatik, adierazten duen guztiagatik, eta, bestetik, atzean duen historiagatik». Argazkia Campoamorrek 1931ko urriaren 1ean Gorte espainoletan emakumezkoen boto eskubidearen alde emandako diskurtso esanguratsuan hartutakoa zela pentsatu izan da maiz –«nik neuk ere hala uste nuen!», aitortu digu Abaldek–, baina ez: «Donostiako mitin batean hartutakoa da irudia, Urumea frontoian, eta hor eskuinaldean ikusten dena Unamuno da», argitu digu.
Baina argazki honek atzean gordetzen duen historia ez da ‘‘akats’’ horretara mugatzen. «Guk bagenekien argazki hau gure artxiboetan zegoela, baina katalogaziora joanda, ‘Clara Campoamor’ gisa bilaketa eginda ez genuen aurkitzen. Baina bagenekien Unamuno ere agertzen zela argazkian, eta, hara non, ‘Unamuno’ sartuta, aurkitu egin genuen. Unamuno, garraio ministroa… agertzen diren gizonezkoak identifikatuta daude, baina Clara Campoamor ez», gaitzetsi du. Horregatik, artxiboetan perspektiba feminista sartzen hasteko ordua dela uste du Abaldek, «irakurketa berri horiek ere egin behar direlako. Aire freskoa behar dute gure artxiboek, egungo ikuspuntuetatik landu behar dira», berretsi du.
Ildo horretan, aipagarria da Fototekako funtsen artean ez dagoela emakumezko argazkilarien lanik. «Gabezia handi bat daukagu hor. Baditugu emakume argazkilarien objektuak, baina funtsik ez, eta hor hausnarketa bat egin behar da: zergatik ez daukagu halakorik? Non daude funts horiek? Ze baldintzetan egiten zuten lan argazkilari hauek?», galdetu du Abaldek. Eta iragarpen bat ere egin digu: «Oraintxe sinatzekotan gauden funts bat –ezin dizut izenik aurreratu– izango da emakumezko argazkilari baten gure lehenengo funtsa, eta, gainera, 1980 osteko garai bat irudikatzen duena. Gabezien jakitun gara, eta horiek gainditzen ahalegindu nahi dugu», esan digu.
OMA hirukoa. Euren bildumara batu diren azken funtsen artean daude Toribio Noain argazkilari amateur eta “Novedades” aldizkariko kolaboratzailearen 32 plaka eta Fototekarentzat «oso-oso garrantzitsua» den OMA funtsa: Donostian finkatu ziren Hermenegildo Otero, Valentin Marin eta Miguel Aguirre Aristiguieta argazkilarien XX. mende hasierako beirazko plakek osatzen dute funtsa eta horien bidez «oso ondo ikusten da Donostia nola handitu zen, nola aldatu zen guztiz bere konfigurazioa».
Funts hau Rafael Munoaren bilduma osatzera dator, jada Fototekan zegoena: bitxigile donostiar honek hiriaren gaineko positiboen bilduma osatu zuen, eta hiriaren zabalkundea erakusten duena. Eta, kasualitatea zer den, OMA funtsaren inbentarioarekin hasi zirenean konturatu ziren Munoaren bildumako positiboen jatorrizko plakak bertan zeudela: «Kopiak eta originalak ikustea izugarria izan zen guretzat, konturatzen garelako balio handiko zerbait dela. Ilusio handia egin zigun», ziurtatu du.
Artxibo bizidunak. Irudi hauen bidez iraganera bidaiatzeko aukera dago, gure lur berean beste era batera bizi ziren haien bizimoldea ezagutzekoa, ohiturak, janzkerak, orrazkerak, jakiak, familia ereduak… «Ihespuntu ezberdinak daude. Historiari buruz asko ikas dezakegu, baita era antropologiko batean ere; hiriak nola aldatzen diren, adibidez; era askotariko jakintzak sor ditzakete», aipatu du, baina aldi berean artxibo bat ez dela «iraganeko zerbait» berretsi nahi izan du, Abalderen hitzetan, horiek orainera ekarri eta ikerketa eta azterketak sustatuz «etorkizunerako jakintzak» ere sortzen baitira. Eta hori ere bada, ziurtatu duenez, euren zeregina: «Ikerketa akademiko eta artistikoak sustatu nahi ditugu, horregatik sortu genuen Kutxateka.eus webgunea: jendeari argazki hauek erabiltzeko aukera emateko, hortik jakintza berriak sor daitezkeelako».
Aipatu webgunean edozein erabiltzailek doan deskargatu eta libreki erabil ditzake Fototekako artxiboko argazkiak. Orotara Gipuzkoako historiaz mintzatzen diren milioi bat argazki dira, mimo handiarekin gordeak gehienak, eta zainketa eta zaharberritze lan sakona eskatu dutenak beste asko.
Izan ere, normalean esku artera iristen zaizkien funtsak «maitasun handiarekin» gordeta egon badira ere, kontserbazio aldetik izan dituzten baldintzak ez direla onenak izaten aipatu digu teknikariak. «Etxeko ganbaran-edo izaten dituzte, kaxetan eta ondo bilduta, baina tenperatura, hezetasuna… gauza askok baldintzatzen dute kontserbazioa», azaldu digu. Euren zeregina material horiek ondo garbitu eta gehienetan errestaurazio prozesu bat abiatzea da: «Batzuetan apurtuta daude eta erabaki behar dugu integratu ala bere horretan utzi, eta integratzea erabakiz gero, nola egin, ea bideragarria den...». Horrekin batera inbentarioa egin eta kontserbazioko materialean jartzen dute. Kateko azken-aurreko pausoa digitalizazioa da, eta ondoren dator katalogazioa –elementuaren informazioa zehaztea– eta sareratzearekin ixten da prozesua: «Horrekin lortzen dugu sarera eraman eta jende gehiagorengana iristea, baina baita kontsulta fisikoak ekiditea ere, eta hori ere bada kontserbazio sistema bat», nabarmendu du Abaldek.
Eta, katearen beste aldean, erabiltzaileak daude. Urtean 25.000 argazki deskargatzen dira Fototekaren webgunetik. Eta, horiez gain, kontsulta zehatz ugari izaten dituzte urtero: profil ezberdinetako adituak dira, asko historialariak, baina baita dokumental baterako argazki jakin batzuen bila ari diren zinemagileak edota etxaurre bati hastapeneko itxura itzultzeko lanetan ari diren arkitektoak ere, esaterako. Feedback-a kontrakoa ere bada: «Webgunearen bidez katalogazioan laguntzeko aukera dago, jendeak mezuak bidal ditzake, eta nahiko aktiboak izaten dira. Adibidez, Lasarteko automobilismoko lasterketen gainean asko dakien jendea dago eta aurreko batean argazki batean ageri zen gidari danimarkar bat identifikatu zuten. Edo dantzaren inguruan: dantzaren inguruko argazki sorta bat dugu eta historialari batek informazio pila bat eman digu. Jendeak bere aportazioa egiten du eta hori oso polita da».
Geruzak eta geruzak. Irudi baten atzean nahi beste geruza egon daitezke. Begiratzen duten begiak sortzeko gauza diren bezainbeste. Argazki bat hartu eta batek itsasontzi bat ikusiko du, hurrenak Ternua, hurrenak ekaitza, hurrenak ontzian emakumezkorik ez zegoela… eta, azkenak, nolakoak ziren soinean zeramatzaten jantziak. Hain justu alor horri, modari, helduta etorriko da Fototekaren hurrengo proiektua: udan, 1900 eta 1936. urteen arteko modaren gaineko ‘‘Moda-Eszena’’ erakusketa hartuko du Donostiako Kubo aretoak, Miren Arzallusek, Galliera museoko arduradunak, komisariatuta. «Erakusketa prestatzen ari garela, ‘jantzi hau ez dakit norena den’ edo ‘begira, garai honetan emakume honek daraman canotier-a [txapel mota bat], gizonezkoek eramaten zuten! Garai horretan eramatea aitzindaria izatea da!’ esaten digute. Ikerlariek ikuspuntu ezberdinak ematen dizkigute, eta hor geruzak eta geruzak agertzen dira», azaldu du.
&zeroWidthSpace;Abalde ikerlariez eta ikerkuntzaz ari zaigunean ez zaigu soilik alor akademikoaren inguruan ari. Kutxa Fundaziotik kultura eta artea sustatzearen aldeko apustua egina dute, eta baita sortzekoa ere. Eta, zeregin horretan, Fototeka ez da uharte isolatu bat: «Artegunean [Fundazioak Tabakaleran duen aretoa, argazkilaritzari eskainia] argazkigintza sorkuntzarekin lotzen dugu, artista garaikideekin egiten dugu lan eta, alde horretatik, oso interesgarria iruditzen zaigu artxiboa era artistiko batean arakatzea». Fototekaren eta artisten elkarlan horretatik sortu dira, esaterako, iaz GetxoPhoton aurkeztu zuen ‘‘Mercaderas’’ proiektua, Ainhoa Resano argazkilari iruindarrak artxiboa arakatzetik sortu zuena. Edota Sara Berasaluce Duque eta Tamara Garcia Iglesiasek osatzen duten Artxiboa kolektiboarekin egin zuten ‘‘Emakumea-Makina-Fabrika’’ proiektua –emakumeak fabriketan lanean ageri ziren artxiboko argazkien berrinterpretazioa egin zuten– eta honen ostetik etorri zen ‘‘Gainbalioa’’ instalazioa –kulturaren gainbalioaren gaineko hausnarketa bildu zuten, Fototekaren artxibotik abiatuta–.
Erakundeen arteko elkarlana ere badago: Zinemaldiak iaz aurkeztu zuen bere artxibo digitalean Fototekak utzitako 2.000 argazki inguru daude, esaterako –«eta hortik katalogazio bat ere etorri da, ze Hitchcock nor zen bagenekien, baina Zinemaldian parte hartu zuen lehen emakume zuzendaria...»– edota Oteiza Museoarekin argitaratu zen ‘‘GAUR taldea. Artea eta eraikuntza kolektiboa, 1965-1967’’ argitalpena ere Fototekako funtsei esker gauzatu ahal izan zen: «GAUR taldeak oso famatua egin zen erakusketa bat egin zuen 1966. urtean Barandiaran galerian, eta haren inaugurazioko erreportaje bakarrak guk ditugu (bi izan ziren). Orduan, beraiekin liburu bat koeditatu eta argazki guzti horiek atera genituen plazara. Horrelako lanak egin behar dira jendeak ezagutzeko zer dagoen».
Alor ezberdinetako adituek ikerketak egin ahal izateko eta aipatu ditugunak bezalako proiektuek argia ikusteko, baina, aurretik norbaitek ondarearen bilketa, zainketa eta sailkatze lan hori egina izan behar du. Fototekatik egiten den ezkutuko lan hau behar beste baloratzen den galdetu diogu Abalderi. «Askotan ez da ikusten atzean dagoen lana. Eta, askotan, ez diogu balioa ematen. Baina, azkenean, zu gordetzen ari zarena historia bera da, eta historiaren iturriak», erantzun digu. Hala ere, edozein artxibotan egiten den lana balioan «geroz eta gehiago» jartzen hasia dagoela uste du, «eta gure zeregina da hau guztia plazaratzea, gizarteari esku artean zer daukagun erakustea».
Baina ezer ez da betirako: argia-hezetasuna-tenperatura alkimiaren araberakoa da materialon biziraupena. «Badakigu desagertu egingo direla eta gure zeregina da ahalik eta gehien kontserba daitezela bideratzea, eta baita digitalizatzea ere, lekuko horiek izan ditzagun», aipatu du Abaldek.
Argazkilaritzaren historiako une zirarragarrienak, teknika aldetik bederen, hastapen urteetan bizi izan zirela ukaezina da. Hamarkadaz hamarkada agertu ziren teknika berriak, dagerrotipoak, fenotikoak eta kopia bakarreko bestelako euskarriak, kolorea, kopiak egiteko aukera, kamera mota ezberdinak, beirazko plakak, metalezkoak, plastikozkoak… argazkilaritza analogikoaren estandarizazioa etorri zen arte. Harik eta argazkilaritza digitala sortu zen arte eta, haren eskutik, paradigma aldaketa: «Horiei ere ‘argazki’ deitzen diegu, baina beren oinarria bestelakoa da: digitala da, ez da argiarekin sortzen dugun zerbait», nabarmendu du Abaldek –hizkuntza gehienetan grekerako “photos” (argia) eta “grafia” (idazkera) hitzen baturatik dator guk ‘argazki’ izendatzen duguna–.
Izan ala ez, agerikoa da argazkilaritza digitalaren kontserbazioak egiteko molde berriak ekarriko dituela. Baita “argazki”-en kontserbazioan ere. «Hor bada erronka bat. Kontserbazio digitala beharko dute eta guk jada egiten dugu lan digitalizazioarekin, baina ikusi beharko dira formatuak, migrazioak egin beharko dira desfasatuta geratzen direnean… horra ere iritsiko gara. Ze gure zeregina memoria kontserbatzea da, formatua dena delakoa izanda ere».