Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Auzotegi klimatikoa

Hiriaren eta naturaren gaia jorratzen duen bigarren artikulu honetan, egileak Kopenhagen jarri du arreta. Danimarkako hiriburuan izandako uholdeek St Kjelds auzoa birmoldatzeko balio izan zuten, bioerretentzio eremu diren berdeguneekin.

Aparkaleku ziren lur txatalak bioerretentzio eremu bihurtuta, bestelakoa egiten dute auzunea.
Aparkaleku ziren lur txatalak bioerretentzio eremu bihurtuta, bestelakoa egiten dute auzunea. (Mikkel Eye)

Hiriaren eta naturaren arteko muga lausotzea helburu duen artikulu multzoko bigarren ale honetan, Danimarkako hiriburura egingo dugu salto, St Kjelds auzoa ezagutzera. 2011. urtean ekaitz bortitz batek eragindako uholde larrien ondorioz, ohiko hirigintza-sistemaren eraginkortasuna kolokan geratu zen. Hala, Kopenhageko Klima Planaren bitartez klima aldaketaren efektu negatiboei beste modu batera erantzun behar zitzaiela adostu zuten, hiriaren itxuraldaketarekin batera.

Abiapuntu horretatik sortu zen St Kjelds eremuko espazio publikoaren birmoldaketa, etxe multzoaren inguruneak behin eta berriz pairatzen zituen uholdeei irtenbidea emateko asmoz. Landaredia oparoa duelako da berezia auzotegia; izan ere, azaleko auto aparkalekuen desagerpena sustatu dute eta azalera horiek eta beste hainbeste lur txatal eskala desberdinetako berdeguneak hazteko erabili dituzte. Alabaina, ez dira edonolako berdeguneak, ez dira askok usteko duten moduko apaingarri hutsak, baizik eta bioerretentzio guneak dira: euri-urak filtratzen laguntzen duten gainazal iragazkorrak.

Eremu horiek oso erabilgarriak dira ohiko estolderia-sistemaren euskarri gisa, batez ere bat-bateko euri-jasa handiak izanez gero uholdeak ekidin ditzaketelako, eta diseinu egoki batekin lagunduta, kaleak urak hartuta egonik ere, jendearen zirkulazioa berma daiteke. Hori gutxi balitz, funtzio hori betetzen duten lorategietako landareek euri-uretan doan kutsadura garbitzen dute; zorupera igaro aurretik gai kutsatzaileak ezabatzen dituzte. Beste behin baiezta dezakegu beste espezieekin -kasu honetan landareekin- harremandu beharra daukagula, elkarlanean oinarrituriko diseinuak hirian integratzeko, ingurune osasuntsuetan eta atseginetan bizikidetzan bizitzeko. Ez al dira hobeak espazio publikoan kutsadura ezabatzeko eta airearen kalitatea hobetzeko funtsezkoak diren landareak, kutsatzen duten eta bero-uharte efektua areagotzen duten autoak baino?

Kopenhagen jarraibide horietatik jaio diren proiektuak aurki ditzakegu. Horietako bat da Sant Kjelds & Bryggervangen plaza, gaurdaino klimaren erronkei aurre egiteko ezarri den proiektu ekologikorik handiena, natura prozesuetan oinarrituriko diseinuetan espezializaturiko SLA arkitektura bulegoak zuzendua. Birmoldaketa “Climate District” ekimenaren parte da, eta euri-jasa handiek eragiten dituzten uholdeetatik babestu gaitezkeela erakusten digu, hirietako diseinuen ohiko norabidea desbideratuz; hots, aipatu bezala, trafikoa gutxituz eta berdeguneak ugarituz. Oinarrian bi aldagai horiekin ziurtatuta dago leku horretako bizidunen nahiz bioaniztasunaren osasuna, baita airearena ere. Espazioak berdeagoak bihurtzen dira eta horrek bizilagunak aisialdiaz gozatzera irtetera bultzatzen ditu.

Hiri grisa berdez zipriztintzen duten irla bizidunak. SLA

Esku-hartzeak biribilgune baten inguruan hartzen du indarra eta hori zeharkatzen duen kale baten ardatzean zehar hedatzen da, zona hori klima berri eta aldakorren egokitzapen erreferentzia puntu bilakatuz. Proiektuak orain arte Kopenhageko hirian ikusi gabeko natura urbanoa txertatzen du; paisaiaren prozesuak ulertuz, Utterslev Mose eta Kongelunden bezalako biotopoen ezaugarriak integratu dituzte hiri-ingurunean, bizikidetza erresilientearen alde apustu eginez. Landatu dituzten bertako 48 espezieetako 586 zuhaitzek naturaren eta hiriaren arteko muga apurtzea lortu dute, bizilagunei etxeko ate pareraino eramanez landarediak eskainitako onurak. Emaitza natura urbanoaren estetika berriak eskainitako komunitate sentsazioa da, bioaniztasuna duena, jasangarria, klima aldakorrei egokitua eta berdea dena.

Proiektuko berdeguneek auzoa uholdeetatik babesten dute, euri-ura irentsiz. Ura azkar betetzen diren estolda-zuloetara eraman ordez iragazkorrak diren azalera berde handietara bideratutzen dute, aldi berean zuhaitzei eta landareei bizia emanez. Horiek forma desberdinak hartzen dituzte, funtzioa dagokion testuinguruko beharretara egokituz: bide-zoru iragazkorrak, biomantenu-arroak, landaredia duten ubideak, euri-lorategiak, atxikitze-urmaelak eta iragazketa-zangak dira sistema horien eredu batzuk. Alabaina, zaparraden aurrean babesa emateaz gain, Danimarkako hiriburuko ardatz berdeak baditu beste hainbeste onura, eta nabaria da bizilagunen osasunean eta bioaniztasunean daukan eragina. Haurrentzako jolas-eremu berri bilakatu dira arbolak eta topografia berriak ere, eta naturaren prozesuekin eta ekologia berriekin lehen harremanak lantzen hasteko modua zein errespetuzko hartu-emana eraikitzeko aukera bihurtu dira.

Kolore berdeko uharteen presentzia nabariarekin, hirietan bizitzea atsegin bilakatzen duen proiektu horietako bat da St Kjelds auzo berezia.

Euri-urak pilatu nahiz iragazi eta bero-uharte efektuari aurre egiteko oinarrizko irtenbideak. MIkkel Eye

Bioerretentzio eremuak. SLA