Jaio. Bizi. HIL
Zenbat urtetaraino bizitzea gustatuko litzaizuke? Sekula ez dut jakin galdera horri erantzuten. Sasoi batean, 100 urtetaraino bizi nahiko nukeela esaten nuen, baina orain ez daukat horren argi. Noiz arte bizi garen baino garrantzitsuagoa da nola bizi garen.
Duela gutxi hil zen Oloten 117 urteko emakumea. Munduko pertsonarik zaharrena zen Maria Branyas. Bi mundu gerraren lekuko izan zen. 1918ko gripea eta covidaren pandemia gainditu zituen. Memoria bikaina zeukan eta buru argia. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlariak bere geneak aztertzen ari dira bizitza luzatzea lortzeko. Ez dira bakarrak, ordea. Mundu osoan gero eta ikerketa gehiago egiten ari dira denboraren kontrako lasterketa irabazteko. David Sinclair Harvardeko irakasleak, adibidez, bere gorputzean frogatzen ditu formulak. 52 urterekin, ez dauka zimurrik, ez ile zuririk. Egunean hiru pilula hartzen ditu eta bere adin biologikoa 31 urteetan mantentzea lortu du. Hau da, 21 urte gaztetu du bere gorputza. Adibide gehiago ere badaude. Bryan Johnson enpresariak, gaztetzeko asmoz, 17 urteko semearen plasma sartzen du bere gorputzean. Berak esana da, urtean 2 milioi dolar gastatzen dituela gaztetasuna bilatzen, eta iruditzen zait, obsesio ere bihurtu dela adinaren kontrako borroka hau.
Gero eta luzaroago bizi gara. 10 urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan 2,5 urte luzatu da bizi itxaropena. 2023an, batez beste, 78,3 urterekin hil ziren gizonak eta 84,7 urterekin emakumeak. Eta estatistika hauek ikusten ditudanean, pentsatu ohi dut: noiz arte biziko naiz ni? Heriotzak izua ematen dit. Inoiz ez dut inork tarota egitea edo eskuko lerroak irakurtzea nahi izan. Ez dut jakin nahi noiz hilko naizen, baina ez dut bizitza luzatu nahi, burua galtzen badut edo nire kabuz moldatzeko gai ez banaiz. Ez dut inguruko guztiak hiltzen ari direla ikusi nahi. Ez dut bakardadean hil nahi. Ez dut bizitzeko gogoa galdu nahi. Nahiago dut urte gutxiago bizi baina urte horiek %100ean gozatu. Horretan ari naiz.