Espazio handiko bizitegi txikia
Espazio txikiek dudarik gabeko xarma eta erabilgarritasuna izan dezakete. Hau da Small House-ren kasua, Kazuyo Sejima arkitektoaren lana. Duela 20 urte Aoyama auzoan kokatutako etxe hau diseinatu zuen eta Tokio bezalako hiri batean espazioa aprobetxatzeko beharra kontuan hartu zuen.
Tokioko etxebizitza lursailen metro karratu orori probetxua atera beharrak sormen arkitektoniko handiko etxebizitza bertikalen ereduak ematen dizkigu. Hiriburu handiko Aoyama auzoan dagoen lau solairuko bizitegia, Small House deiturikoa, Kazuyo Sejima (SANAA) arkitektoaren lana da, eta, uda honetan, Tokioko trama trinkoan topaturiko arkitektura domestiko apartekoaren beste eredu bat da. Haren eraikuntzatik 20 urte igaro diren arren, bere horretan jarraitzen du, irteerarik gabeko kale labur baten amaieran kamuflaturik. Ez da besteen aldean gailentzen, baina diseinu zaindua eta berezitasuna ertz bakoitzean nabari zaizkio.
Eraikinaren partzelak dituen 60 metro karratuetatik 36 erabiltzen dira, dorre baten gisako bolumen geometrikoa eratzeko. Hiru kideko familia baten neurrira eginda dagoen etxebizitza 4 solairuko -erdisotoa gehi beste 3 solairu- eskema bertikal argian oinarritzen da. Maila bakoitza autonomoa eta, beraz, funtzio propiokoa da. Hori dela eta, eskailera etxearen funtsezko elementua da; ez bakarrik horien arteko konexioa ahalbidetzen duelako, baizik eta solairu bakoitzean banatzaile papera daukalako, espazioari bere malgutasuna urratu gabe. Etxea behetik goraino zeharkatzen du, espazioak antolatuz eta trantsizio sekuentzia logikoa sortuz. Gaueko estantziak bolumenaren beheko aldean daude, erdisotoan logela nagusia, eta lehen solairua, berriz, gonbidatuen logela. Garaieran gorantz egin ahala irabazten den argitasunean kokatzen dira eguneko estantziak (sukaldea, jangela eta egongela), eta horregatik da maila honen azalera handiagoa, eraikinaren kanpoko geometrian zuzenki islatuz. Azken solairuan higienearekin eta erlaxazioarekin (bainugela eta komunak) loturikoak daude, terraza eta haren begetazioaren konpainiaz norbere buruarekin konektatzeko.
Alabaina, eraikinak goranzko antolaketa izatea ez da kontu formal hutsa, horren atzean erabaki klimatikoak ezkutatzen dira. Eskailerek, egitura rola ez ezik, tximinia termikoaren funtzioa ere betetzen dute Tokioko negu hotzetan eta uda hezeetan. Aire beroa eskailera zulotik igotzen da, eta aire freskoa beheko aldetik kanporantz joaten da, etxea neguan bero eta uda fresko mantentzen da, gainerako baliabideen mende egon beharrik gabe. Fatxadek pribatutasun baldintzei eta hiriarekiko harremanei erantzuten diete. Ekialdera eta hegoaldera beste eraikin batzuek mugatzen dutenez, alde hauek zinkezko panel opakoekin estalita daude, pribatutasuna emateaz gain, eguzkiaren eragin zuzena ekidinez. Gainerako itxiturak beirazkoak dira. Materialen eta testuren bereizketa horrek helburu estetikoei erantzuten die, baita orientazioarekin eta ingurunearekin lotutako funtzio espezifikoei ere.
Etxebizitzaren kanpoaldeak agerian uzten du formaren diseinuarekiko interesa. Tamaina eta posizio desberdinetako hormigoizko lauzak beirazko eta zinkezko panelekin ixten dira, emaitza gisa itxitura inklinatuak lortuz. Barneko espazioak nola handitzen eta txikitzen doazen bisualki jarraitu daiteke. Aldakortasun horiei esker, etxebizitzaren tamaina trinkoa izanik ere, moldakorra eta dinamikoa da. Solairuen neurrietan dauden desberdintasunek funtzio bakoitza lekura egokitzen dute, espazioa eskalatzen dute erosoa izan dadin. Egitura moldagarria eta iraunkorra izateko pentsatuta dago, eraldatzen ari den familia, gizartean nahiz hiri sarean integratzeko.
Etxebizitzak egokitze beharrari zein Tokio bezalako hiri populatu eta aldakorrean 60 metro karratuko partzela estu batean bizimodu duina diseinatzeko gaitasunari erantzuten dio. Etxebizitzaren izenak berak ‘txikia’ bezala kalifikatu arren, espazioen malgutasunak eta moldagarritasunak handia egiten du, bizitzeko beharrei modu eraginkorrean erantzuten dien arkitektura baitarama. Hiri eremu mugatuari balioa ematen dion eredua da, testuingurua edonolakoa izanik ere bizitzaz eta erosotasunez betetako espazioak egin daitezkeela azaltzen duena.
Argazkia 2024ko abuztuan ateratakoa da. Proiektu originala sarean arakatzera gonbidatzen zaituztet, urteen bilakaera ikusteaz gain, eraikinaren geometria hobeto erakusten duten irudiak ikusi ahal izateko.