Euskaldun eta fededun bai, baina zergatik?

Azken hamarkadetan, batez ere 1990etik goiti, Euskal Herriko zenbait pentsalari kosmopolita eta munduko hiritarrek halako arranpalo bat sortu dute “euskaldun fededun”-aren ideiarekin. Haien ustez, azken 200 urtetan euskalduntasuna hertsiki loturik egon da erlijio katolikoarekin, eta erlijio hori beti izan da atzeramenduaren eta fanatismoaren putzu sakon bat. Hortaz, euskaldunak halako esentzia erreakzionario eta intransigente baten pean bizi izan dira beti.
Pruden Gartzia (Oñati, 1964) historialari, liburuzain eta euskaltzain urgazleak “Euskaldun fededun” (Elkar, 2024) saiakeran dioenez, ideia horiek Frantziar Iraultzaren eta Ilustrazioaren, oro har Modernitatearen, ondorio zuzena dira. Gurean, ordea, iraultza horrek suposatu zuen sarraski eta odolustearen eta eredu sozio-ekonomiko eta mundu ikuskera partikular baten deuseztapenaren aurrean, tradizioaren, erlijioaren eta hizkuntzaren banderak hartu bertzerik ez zuten izan ipar eta hego.
XIX. mendeko garai “argitsu” horretan hasita, Gartziak irakurketa iradokizunez, batzuetan zalantzaz eta bertzeetan tesi original eta ongi oinarritutakoez beteriko hainbat saiakeren bidez, euskalduntasunaren eta erlijioaren arteko hartu-emanen segida bat eskaintzen digu. Euskal Herriko herrialde guziak kontuan hartzen ditu horretarako, eta historia, literatura, filosofia edota erlijioa bezalako diziplin anitzak uztartu, “barandiaranismoa” deritzon mitologiaren XX. mendeko gorakada ere jorratuz. Zenbait pasarte hagitz gogoangarri ditu liburuak, hala nola “Peru Abarka” eleberriaren eta Joan Antonio Mogel bere idazlearen berrirakurketa historiko-literarioa; karlismoa, liberalismo foruzalea eta liberalismo espainol ez hain liberalaren inguruko hausnarketa; ezkerreko kosmopolitek ahantzi ohi duten Errepublika garaiko euskalduntasun kristau demokratikoaren eta garaikide izan zuen Nafarroako katolikotasun amorratuaren arteko aldea; edo Arantzazuko eta 57ko belaunaldiaren antifaxismoa, abertzaletasuna eta espiritualtasunaren uztarketa, baita ondorengo fedearen krisia ere.
«Historia herriak egiten du eta kontrabandistek idazten dute», dio Fermin Balentziak eta «Historia ez da ikusten, asmatu egiten da», Joxe Azurmendik. Hagitzetan kanpotik asmatu zaizkigun erantzun erraz, dikotomiko eta topikoen aurrean, egungo laikotasun edo antiklerikalismotik landa, gure herriaren iragana ulertzeko “Euskaldun fededun”-ek ezinbertzeko galderak plazaratzen dizkigu: Zer bilatu zuen euskal gizarteak kristautasunaren bidez garai bakoitzean? Zer galdu genuen haren gainbeherarekin?

Radiografía «rapada» de un tiempo y un lugar

«El amor existe, el amor se acaba y no hay culpables»

Los seis microestados independientes europeos que sobreviven como la Galia

«Si no se imparte genocidio en las escuelas, los repetiremos»
