Itzea Urkizu
estropadak

Kontxako estropadak 10 paladatan

Kontxako Banderak kirol probatik bezainbeste du erritu eta ohitura zaharretatik, eta ezinbestekoa da iraileko lehen bi igandeak gorriz margotzen dituen ekitaldiaren inguruan zenbait gako ezagutzea. Baina, zeintzuk dira gako horiek? 

Iraila» esatea nahikoa da, arraun munduan gauza bakarra ulertzeko: Kontxa. Tostaz tostako kirolean tontor gorena da, oraindik ere, Donostiako badiako lehia; arraunaren historian nor izateko txartela eskaintzen duen hitzordu preziatua, Kantauriko olinpiada. Traineru izarren ligak taldeei egonkortasuna ematen die ur gainean, baina ez da zalantzarik: Kontxa da estropaden gailurra, bestelako lehia eta tituluen gainetik.


1. Bizkaiko golkoko estropadarik zaharrena. Donostiako euskal jaietako egitaraua osatzeko antolatu zuten, lehenengoz, 1879an, eta arrantzarako traineruak erabili zituzten estreinako estropada hartan. Hitzorduak mendea pasatxoko historia izanda ere, argazki gris zaharretako arraunlariek eta gaur egungoek lan bertsuak egin behar izaten dituzte saioa biribiltzeko: 3 itsas milia, ziaboga bakarra emanda eta, emakumezkoek, 1,5 itsas milia. Gainerako ia estropada guztietan hiru izaten dira egin beharreko maniobrak, eta horrek taldearen prestakuntza baldintzatzen duela diote adituek. Pantailaz bestalde, ez dirudi noranzkoz aldatzea baino askoz ere gehiago denik, baina lanaren arrakasta edo porrota ekar dezake ziaboga bakar batek.
Neurri batzuk tradizio zaharrenei eutsiz mantentzen badituzte ere, 1879az geroztik, kirol probak edan du teknologiaren garapenetik. Orduan egurrezko ontziek koloreztatzen zuten ur azala, gaur egun, zuntzezko traineru eta arraun arinekin zeharkatzen dute kirolariek. Estropaden eta istiluen arteko lotura betierekoa zertxobait baretzeko, ontzien denborak ere zehatz-mehatz neurtzen dituzte orain, hainbat gailuren laguntzaz: dena den, ez du horrek kalapitarik saihesten, giroa bero-bero dagoenean. 138 urte igarota ere, Kontxan zaharrak berri.


2. Etxekoen altzoa, kanpotarren gudu-zelai. Berezitasun oro desiragarri den heinean, Kontxako Banderak hamaika eta bat zirrikitu zabaltzen dizkio bitxikeriari, arraunlari, zale, senide nahiz kazetarien gozamenerako; urtean behin baino gertatzen ez den hura ikusi eta kontatzeak, badu zirrararik. Estropada pribatua da irail hasierakoa, eta hiru jardunaldiri aurre egin behar izaten diete banderaren makilari heldu nahi diotenek, sailkapen estropada eta bi jardunaldiak kontuan hartuz gero. Bandera bakarra eta hiru estropada.
Eta polemikari lehen atea zabaltzeko parada, traineru donostiarrak osteguneko sailkapenean uretaratu beharrik izan gabe jokatzen baititu bi igandeetako saioak. Noski, horrek arraun-olinpiadaren erreinuan sartzeko aukera murrizten die gainerakoei. Etxekoentzat altzo gozoa den postua, gudu-zelai bilakatzen da gainerako traineruen lehia estuan. Batzuek, herriko ontziaren ordezkaritza bermatzeko erabaki tinkoa dela; besteek, punta-puntako traineruei denboraldiko altxorra nolabait lapurtzea dela. Kontuak kontu, erabakiari bueltarik eman ez eta, datorren urtetik aurrera, gainera, Donostiako emakumezkoen traineru sortu berriak ere ziurtatua izango du badian aritzeko ohorezko txartela.


3. «Telonero»aren kondena. ‘Ohitura’ eta ‘tradizioa’ bezalako hitzek ez dute bat egiten emakumezkoen arraunarekin eta, hasiera gehienetan bezala, olatu bizien artean aritzea egokitu zaie tostetako neskei. Traineruak osatu eta liga sortze hutsa garaipen txiki bat izan zen emakumezkoen arraunarentzat, baina, egoerari minutu pare batez arretaz begiratuta, ez da zalantzarik: arrauna baztertzailea da emakumeekin. Euskotren Ligan, lau ontziren muga ezarri zuten, hasiera-hasieratik, maila “desorekatuegia” izan ez zedin. Zaplazteko galanta, negu osoa udari begira daramaten taldeentzat. Eta zaplaztekoaren azkura areagotu egiten da, gizonezkoen ligan, asteburuero-asteburuero, talde batzuen eta besteen artean pilatzen diren segundo zakuei erreparatuta.
Argi dago askorentzat teloneroen kontzertua dela emakumezkoen arrauna; benetako lehia hasi aurretik, oliba batzuk eta bermuta hartzeko ordu erdiko tartea. Ligatik kanpo ere, Kontxako estropadako sariek oihuka diote hori: bandera preziatuarekin batera, 24.000 euroko saria jasoko du gizonezkoen talde irabazleak.
Emakumezkoen bandera irabazten duen traineruak, berriz, 12.000 euroko saria eskuratuko du. Bide batez esanda, gizonezkoen estropadan hirugarren sailkatuak jasoko duen ordainsari berbera da.
Hastapenak aitzakiatzat hartuta, emakumezkoei baga gainean aritzea dagokie, bai, baina estropuak toletetan ederki sartuta daramatzate, eta joaldi honek ez du ziabogarik; etenik gabeko luzea da.


4. Bandera edo utopia. Baliteke askok ezkutatu nahi izatea, baina Kontxako estropada urte osoan buruan bueltaka ibiltzen den mandeulia da arraun mundua inguratzen dutenentzat. Amets ederra eta itogarria aldi berean, oihala eskuaz benetan ukitzeko aukera dutenentzat. Aldiz, amets hutsala, utopia, ur gazitan ontziratu eta arrapalara berdin-berdin itzuliko direla dakitenentzat. Baina, zer diren kontuak: estropaden gailurrak esfortzu bera eskatzen die, batzuei zein besteei, bezperako iluntze urdurietan.
Arraunlari askok, gehienek, utopiari lotuta erretiratu beharko dute lehorrera. Badira, ordea, bizitza oso bat Kontxako Banderari lotuta daramatenak ere.
Batista Oliden errekorretan errekorrenaren jabe izan zen hamarkadetan barrena: hamahiru bandera irabazi zituen oriotarrak, guztiak lemazain lanetan arituta. Oliden eta Ortzaika, Orioko seme eta Orioko auzo. Auzo magiko, akaso, sinestunenentzat, Jose Luis Korta bizilagunak puskatu baitzituen Batista Oliden auzokidearen marka guztiak: hamasei bider astindu du, oraingoz, oihal zuri-urdina. Arraunlari lanetan eskuratu zituen zortzi, eta entrenatzaile lanetan beste bost. Azeri zaharra da, ordea, Korta, eta patroi lanetan ere zeresana piztu izan du badian, hiru bandera eskuratuz.
Oriaren meandroen alboan jaio izana edo jaiotzaz datorkion kemena. Biak izan litezke errudun, haren miresle zein etsai sutsuenen begiradak erakartzeko.  


5. Lehia ontzi hori hori. Ijitoen herria omen, hitzak har ditzakeen adiera guztiekin. Lehiakide eta etsaiek zentzurik okerrenean ahoskatzen dutena, ordea, izengoiti bat besterik ez da oriotarrentzat. «Mirotzak» ere baderitze arraun munduan, haien elkartearen irudiari jarraiki, eta Benito Lertxundik behin batez idatziriko kantuak dioenez, denboretan, mirotzen hatsa Kantaurin itsatsirik da.
Denbora pixka bat, bai, urteurren biribila ospatzen ari baita aurten talde horia. Mende erdiko ubera luzeaz itxiko dute denboraldia, nahiz eta oriotarrek Donostiako badian eskuratutako lehen loriak 1901ekoak izan. Orduz geroztik, Kontxako bandera gehien gorde eta zaindu behar izan dituen taldea da Orio, 31 garaipenekin. Eta, oroitzapenik freskoenek aurkakoa dioten arren, traineru gipuzkoarrak nagusi dira, oraindik ere, Donostiako palmaresean. San Pedrok hamabost ditu eta Donostiak, berriz, hamalau. Hamaika bandera irabazita, Hondarribiak laugarren postua du, eta bat gutxiago dute sanjuandarrek, urtez urte errepikatu baina berritzen den sailkapen horretan.
Goi mailako traineruak bezain ezinbesteko ditu arraunak, meritu goreneko talde xumeak, eta 50 zenbakia ospakizunetarako aitzakia du beste talde batek ere: Hernanik. “Maialen” ontzia uretaratu dute aurten, emakume gazteen kemenaz lehorrekoen branka harro erakusteko, eta arraunlari gazteek itsasoan trebatzeko bide luzea dute aurretik. Kontxarik ez dute oraindik eskuratu, laburra baita emakumezkoen banderaren bizitza. 2011. urtean, historia idatziz, Galiziako selekzioak astindu zuen lehena eta, Galicia nahiz Rias Baixas izenpean, guztira bost bandera irabazi dituzte. Euskaldunen historia idazten hasi zirenak Zumaiako neskak izan ziren, 2013an eta, haien uberari heldu zioten, iaz, Pasai San Juaneko arraunlariek.


6. Etxea teilatutik? Aspaldiko arrantzaleen jardunetik jaio ziren traineru estropadak, lagun arteko lehia herrien arteko kolore festara eramanaz. Belaunaldi berrientzat, ordea, ia kontu arkaikoak dira horiek, aspaldi kutsatu baitzen arrauna kirol handikien ezaugarri makurrenez. Azarotik irailera bitarteko sukaldeko lanak kudeatzen baino, udako arraun-asteburuen errentagarritasuna aurreikusten trebezia zutenek hartu zituzten estropada eremuak. Kolore festa babesleen festa bilakatu zen, izarrez beteriko traineruen zerbitzura.
Fitxaketek euskal kirolaren Olinpora jaso zuten arrauna, batzuentzat, akaso, lehen zuen kutsu folklorikoa deuseztatuz; noski, errekor eta markek idazten omen dute kirol baten benetako mailaren sententzia. Lau luze eta hiru ziaboga 20 minututik jaitsiaz egitea txantxa bilakatu zen eta, jada ahanzturan diren uretako Ferrarien errekorrak, indarrean dira oraindik. Paradoxa handiegia agian.
Paradoxa, edo etxea teilatutik eraikitzen hastea. Errekorrak paper eta datu base guztietan idatzirik geratuko diren bitartean, errekorgileek lema galduko dutelako, ontzian itsatsirik dituzten pegatinak desagertzean. Izarren maila horri lepoa goratuz begiratzen zioten haiek, Kantauriko distira guztia bereganatzen ari direlako. Honezkero gauza jakina da, inurrien antzera, pixkanakako lan luzea dela arrakastaren giltza.
Beharbada, fast rowing eta slow rowing deitu beharko litzaieke traineru bat prestatzeko bi ereduei, sukaldeko joerei jarraituz. Kontxan, ordea, ligan ez bezala, bereizketa horiek ez dute zaleen eztabaidatxoetarako pizgarri moduan baino balio. Banderak zabalik ditu oihalak, luze eta zabal, onenak besarkatzeko, denboren esanetara. Denborak jarriko ditu, beraz, beren tokian, fast traineruak, slow direnak, eta haien inguruko kolore olatuak.


7. Estropu bat herentzian. Bizitzeko modu bat da arrauna eta, bizitzak aurrera egiten duen bide beretik, arraunak leinuak sortzen ditu. Droga dei dakioke, inbidia kutsakorra akaso, edo enpatia, nork daki.
Beste askoren artean, Lujanbio, Altxerri edo Sarasua bezalako abizen eta ezizenek itzal luzea sortu dute belaunaldiz belaunaldiko arraun tradizioan, baina gaur egun ere badira asteburuero uretan aritzen diren kimu berrien adibideak.
‘Ibilbide’ hitza jar liteke Mikel Orbañanosen izenaren alboan. Urteak daramatza arraunarekin katigatuta eta alboan du, oraindik ere, Asier Puertas iloba; haren anaia Gorkarekin batera, urteetan osatu zuten hirukote oriotarra, traineru hori zein berdean. Ez da gutxiagorako, bi anaiak Javier Puertas munduko txapeldunaren seme izanik. “Ama Guadalupekoa” ontzitik atera gabe, ezin Aldai anaiak aipatu gabe utzi: traineruko nahiz ligako arraunlari beteranoenetako bat da Osertz, eta gazterik lotu zuen Manex anaia, kresaldun kirolaren sokara.
Mirotzen tostetan ere ez da lotura genetikorik falta eta, Orio arrantzale bezain arraunlari herria izaki, adibide bat besterik ez da Josu Indo eta Iñigo Mujika lehengusuena.
Barrualdeko leinuen ordezkari dira, aldiz, Adunako Zabala anaiak. Trintxerpeko ontzian urteetan jardunda, sanjuandarren arrosa defendatuz dihardute orain.
Eta, zorionez, arrauneko leinuetara ere iritsi dira haize berriak. Berriak eta parekideak, emakumezkoak tiraka hasi zirenez geroztik. Tolosa-Getariako traineruan elkarrekin aritu baziren ere, kolore desberdinen jabe dira, gaur egun, Larrañaga aita-alaba tolosarrak. Gorriz aritzen da Irati, Zumaiako tostetan; Anjel aitak, berriz, bermeotarren urdina du soinean, prestatzailearen itzaletik.

 
8. Ordu luzetako lana, lau haizetara. Araudiak, hiru jardunaldiek nahiz sari potoloak egiten dute Kontxako estropada berezi. Baina, egiazki, elementu bat eta bakarra da ezinbestekoa iraileko lehen bi igandeetako festa erraldoian: bandera.
«Zenbat buru, hainbat aburu», dio atsotitzak, baina, ia adostasun osoa lortzea lan erraza da, Kontxako Banderaren ederra txalotzerakoan. Itziar Alduntzin jostunaren artelana izaten da, urtero-urtero, bi banderak ehuntzea. Bandera bakarra amaitzeko, 400 orduko eskulan zehatza; zer eta, mimoz osatutako puntada bakoitza irabazleen grinak astinduka ibiltzeko. Horretarako ere prest dago, ordea, banderetan banderena. Handiena; urrezko hariaz brodaturikoa; alde banatan testua duena; harri distiratsuz apaindurikoa. Finean, milaka euroko sariei itzal luzea egiten diena.


9.  Zainetarainoko grina. Badira urte osoan tosta artekoari arreta gehiegirik eskaintzen ez dioten ‘kontxazaleak’. Badira, ordea, urtarriletik abendura bitarte arraunaren gorabehera guztiak jarraitzen dituztenak. Zale horientzat, errutina hutsa da asteburuero estropadak jarraitzea, eta baita udako iluntzeetan traineruaren entrenamenduei moilatik begiratzea ere. Zale horiek urduritasuna besterik ez dute sentitzen, itsasoko epaileak bandera gorria jaitsi eta estropada hasten denean. Eta gorriak ikusten dituzte, estatxaren tentsioak 19 minutu inguru irauten dienean.
Ez da lan handiegia jarraitzaile sutsuak identifikatzea. Kontxan lekurik onenak hartzen dituzte, goizean goiz Donostiara iritsita. Soinean, berriz, kolore bat edo beste janzten dute, nabarmen. Eta, sare sozialen azkartasunari muzin eginez, arraunzale amorratuari ez zaio, sekula, irrati txiki bat falta izaten; areago, urduritasunak denboren datuak ezabatzeko beldurrez-edo, bada koadernoa eta boligrafoa eramaten duenik ere.
Sarri lehiakide eta etsai izatearen arteko muga lausotzen den arren, arrauna ezer gutxi litzateke afizio eroen oihurik gabe; bandera erraldoi eta poz-minezko malkorik gabe. Argi dago, arraunak bi jarrera pizten ditu: erraietatik sentitzea edo, bestela, arrauna zainetan daramatenak inondik ere ez ulertzea.


10. Ezer ez eta festa. Xanpainaren burbuilek edo malkoen gaziak. Batak edo besteak bustitzen du Kontxako bigarren igandea, uretako lanak amaitu ondoren. Baina iraileko olinpiada estropada bat baino askoz ere gehiago da; festarako aitzakia bikaina, norbere nortasun kolektiboa aldarrikatzeak ematen duen zoriontasunarekin. Arrapala emozio guztien dantzaleku bilakatzen da 13.00 inguruan, eta hurrengo urterako itxaropena besterik geratzen ez zaienentzat, ez da kontsolamendu ederragorik.