Ulises
James Joyce • Xabier Olarrak euskaratua • Igela, 2015 • 320 orrialde • 22,50 euro
James Joyce (Dublin, 1882-Zurich, 1941) idazlearen “Ulises” euskaratzea lorpen handia dela diote. Xabier Olarra itzultzaile eta editoreak berak aitorpena egin du: «Banekien ‘itsas hondar gabe’ batean sartzen nintzela, eta ez nekien onik aterako nintzen ala ez. Baina beste noizbait aipatua dudan optimismo patologiko batez joa izaki nonbait, eta horri esker burutu dut lana. Ahalik eta txukunen arituta». XXI. mendeko eleberri goraipatuenetakoa dena, ingelesezko literaturaren erreferente argia, gainera, behingoz euskaraz irakurtzeko aukera dugu Igela argitaletxeari esker. Olarrak, gainera, jatorrizko testua ez ezik, 3.000 ohar gaineratu ditu liburuan, euskarazko irakurleei Leopold Bloomek Dublinen ekainaren 16 batez eginiko zeharkaldia ulertzeko bidea errazte aldera. Joyceren eleberri mardula euskarara ekartzeko pare bat urte behar izan ditu itzultzaileak.
Nafarroako Erresuma: Ametsetik konkistara •
Joseba Asiron eta Martin Altzueta • Txalaparta, 2015 • 120 orrialde. 19,90 euro • Lehenengoa, erromatar garaia aztertzen duena, iaz kaleratu zuten; eta orain, “Euskal Herriko historia ilustratua” bildumaren bigarren liburua argitaratu berri dute, Erdi Aroari dagokiona. Lau libururekin osatuko den bilduma 2016an bukatzeko asmoa du Nafarroako argitaletxeak. Ezohiko ikerketa baten emaitza da, eta hitzen bidezko kontaketak –Joseba Asiron Iruñeko alkate eta historialariak prestatua– ilustrazio ikusgarriei ematen die bidea. “Ametsetik konkistara” titulupean laburbiltzen dituzten gure historiako pasarteetan hainbat galderari erantzuten diete, adibidez: «Nolakoa izan zen euskal Estatuaren sorrera unea, Eneko Aritza errege bihurtu zutenekoa?».
Kortsarioen ostatua •
Dani Fano eta Guillermo Gonzalez • Ikastolen elkartea eta Xabiroi, 2015 • 64 orrialde. 13 euro • Egileek hasieratik garbi zuten abenturazko komiki bat egin nahi zutela, abenturazkoa eta itsaslapur eta kortsarioen gainekoa, baina, dokumentatzen hasi zenean ohartu zen Fano Donostiak bazuela berak ezagutzen ez zuen kortsarioekin lotutako historia garrantzitsu bat: Austriarren garaian, XVII. mendean, kortsarioen Europako kairik garrantzitsuenetakoa izan zen, beharbada Ostende eta Arroxelaren ondotik inportanteena. Historian arakatuz, beraz, kortsarioen bizimoduaren gaineko eta haien presentzia garrantzitsuaren inguruko xehetasun mordoaren jabe egin zen... eta baita erabili ere.
Babeserako kopia •
Goizalde Landabaso • Elkar, 2015 • 14,50 euro • Goizalde Landabaso idazle eta kazetari bilbotarrak poema liburu berri bat dakarkigu, bere bizitzako zertzeladak idatziz jaso, eta horiek, ez galtzeko, segurtasun kopia poetikoa bihurtu balitu bezala: identitatea, denbora, beldurra, bidaia, amodioa… Harkaitz Canoren hitzaurrea izateaz aparte, Olatz Rubiok eta Iñaki Mendizabalek egindako argazkiz hornitu ditu Landabasok liburuko kapituluak. “Babeserako kopia”-ko olerkietatik abiatuta, ikuskizuna prestatu du idazleak, Ane Zabala eta Galder Perezekin batera, aurki estreinatzeko asmoa dutena.
Irlak •
Agustin Arrieta Urtizberea • Erein, 2015 • 328 orrialde. 22 euro • Filosofia irakaslea da Agustin Arrieta errenteriarra –filosofiaren arloan hainbat saiakera argitaratutakoa da– eta bere bigarren narrazio bilduman ere –lehena orain zazpi urte kaleratu zuen, “Istripuak” titulupean– irakurlea xaxatu eta pentsamendua piztera bultzatu nahi du. 34 narraziok osatzen dute kaleratu berri den “Irlak” liburua, non maitasuna, adiskidetasuna, zahartzaroa, belaunaldien arteko harremana, bazterketa edota inbidia hizpide duten kontakizunak aurkituko dituen irakurleak. Horiek idazteko erabili duen estiloa ere gaiak bezain anitza da, askatasunez heldu baitio istorio bakoitzari. «Generoa baino, begiratzeko modu bat dagoela esango nuke», egilearen hitzetan.