Saguteran
Bizkaiko baserri-auzo aldapatsu batean 1937ko apirila. Condor legioaren burdinazko saiak sarraskiaren usainera doaz. Harrapakinak bistaratu dituzte han behean, emakume bat eta bere lau seme-alabak arineketan. Sartu dira baserrian, ezkaratz bazterreko tranpa zabaldu eta soto ilunean barnatu. Danbatekoak entzuten dira kanpoan, kea usaintzen, eta hantxe daude bostak saguteran uzkurtuta. Leherketak gero eta hurrago, etxe ikaratuaren hormatzarrek dar-dar eta bat-batean isiltasuna. Arrebaren altzoan dagoen lau urteko mutiltxoak ezin luzaz eutsi eta galdetu du: «hil al gara?».
«Bistan denez, ez ginen hil», dio Marisak, artean hamar bat urte zituen arreba amonduak. Gerraosteko errauskinetatik urrun, Bilbora ezkondu zen modu oneko gizon batekin. Etxe eder bat erosi zuten Nerbioi ibaiaren ertzean eta bertan bizi izan ziren lau seme-alaba eta neskame birekin. Sasoi batean zortzi ziren lekuan, orain ez dira bi baizik: Marisa eta Elody (zaintzailea). Bere diskretuan konpainia gogaikarria da isiltasuna eta matriarkak pozarren hartzen ditu bisitak arte galeria txiki bat dirudien egongelan, non bera den piezarik ikusgarriena. Antiojoak erantzi, Laura Freixasen “Madres e hijas” ebanjelioaren gainean laga eta prest berriketarako. Hanka bateko sentsibilitatea galdu zuen arren, medikuak egunero gimnasia egiteko agindu zion. Semea tematuta ei dago ariketokin baina berari nagitasun itzela eman; «total, a estas alturas bizitza hilabetez luzatzeko, ez du merezi...» bota du patxadatsu. Semeak aurreraxeago tiratu gurako dio muinoan ikuspegi zoragarria dagoela esanez, gurako du une hori berarekin konpartitu eta zapuztu egingo da Marisaren ukoarekin; ezin irentsi orain pausaleku berean egonik ere, amak berak baino askoz lehenago ekin ziola ibilaldiari eta nekatuta dagoela ja.
Mozambikeko nekazari familietan indartsuenetik ahulenera banatzen da jana (etxera irabaziak ekartzen dituzten eskala berean) eta aitona-amonak izan ohi dira ilaran azkenak; batzuetan ailegatzen zaie hondakinen bat, besteetan ez. Gure logikarekiko erabat kontrajarria irudi lezake baina instintu berberari erantzuten diogu han zein hemen, proiektatzeko modua da aldatzen dena. Han, zelanbait esatearren, hiltzen uzten diete adinduei; ez beraiei mesede edo kalte egitearren, baizik eurek, gazteek, bizitzen segitzeko era behinena delako. Hemen, Marisari bizitza luzatu guran dabil semea; ez hainbeste amagatik, ezpada beragatik. Andreak, ordea, ibilpidea galdu zuenetik, arte galeriarena barik sotoaren antza hartu egongelari eta gordelekutik alde egin nahi. Ez baitzen saguteran hiltzeko jaio, eta hain gutxi, bertan bizitzeko.