Asier Aiestaran
Elkarrizketa
Ibon gaztañazpi

«Arraunak pasio konponente izugarria du, hemen ez da talde bat ordezkatzen, herria ordezkatzen da»

Arraun denboraldiak eman duena gertutik jarraitu duen norbait baldin badago, hori Ibon Gaztañazpi EiTBko esatari eta kazetaria izango da. Orioko arraunlari izana urte askoan, Santurtzin arraunlari eta entrenatzaile lanetan ere ibilia da oriotarra, eta gaur egun komunikatzaile modura jarraitzen du hainbeste maite duen kirola. Arraunaz, eta arraunarentzat bereziki Kontxak duen esanahiaz galdetu diogu estropadak jokatu bezperatan, eta beti bezala erantzun digu Gaztañazpik: argi eta jator.


Irailaren hasieran arraunzaleei sabelean kilimak hasten zaizkie. Zuri ere bai?
Zalantzarik gabe. Ligan ere estropada ederrak ikusi ditugu, Hondarribia, Urdaibai eta beste ontzi guztien apustua Ligan benetakoa da, baina Kontxa berezia da, 1879tik hor dago, eta arraunaren egun berezienak hauek dira. Hala ere, hori gehiena arraunetik kanpoko jendearengan nabaritzen da, egun hauetan askoz jende gehiago inguratzen delako arraun mundura.


Gaur egun kazetari lanetan zabiltza EiTBn. Kontxak planifikazio berezia eskatzen du?
Produkzio aldetik badago aldaketaren bat, helikopteroa eta abar, produkzio osoago bat egiteko. Baina nire kasuan zehazki lana oso antzekoa da. Ekainetik hasitakoari jarraipena ematea da, Kontxa beti berezia dela onartuz, eta azken urteetan gizonezkoen irabazlearen harrera ere zuzenean ematen dugu.


Jada urte batzuk bai estropadetan esatari lanetan. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Ona, aberasgarria. Arrauna lehenik etxean ezagutu izan dut, txiki-txikitatik, familian, gerora arraunlari modura ere bai, entrenatzaile ere izan nintzen, eta hau beste modu bat da arrauna jarraitzeko. Beste ikuspegi bat ematen dizu, eta gustura ari naiz. Asko baldintzatzen du urtea nola doan, lasai edo polemikaren bat dagoen. Polemikak daudenean, ni gainera oriotarra izanda eta ezagun asko edukita arraun munduan, mirariak egin behar izaten ditut nire iritzia argi eman bai –horretarako nago, bestela hobe ez egotea–, baina esandakoa ondo neurtu eta oreka hori ez galtzeko. Kazetariren batek esan izan dit inoiz, beste kirolekin alderatuta, arrauna oso desberdina dela gure lanerako. Azken batean, estropadek pasio konponente izugarria daukate eta hori guregana ere iristen da.


Askotan entzun dut hori arraun mundura «kanpotik» hurbiltzen garen kazetarion artean, baina arreta deitzen dit zuri ere berdina entzutea.
Kirol guztiek esaten dute daukatela engantxe gaitasun hori, kasik droga bat bezalakoa izatea, baina arraunean ere halaxe izaten da. Beste kirolen batetik datorren jende asko betiko kateatuta geratzen da, edo kontrakoa, beti hor ibili garenok beharra sentitzen dugu dena utzi eta arnasa hartzeko. Erredakzioan ere deigarria izaten da, arraunaz hitz egiten hasiz gero, inguruko kazetari denak inguratzen dira, baita Ekonomiakoak ere. Futbolarekin ere gertatzen da noski, baina arrauna badakigu nondik datorren. Garai bateko arrantzaleek harrapatzen zituzten sardinak saltzeko portura azkar etorri beharra zeukaten. Hori da sorrera. Eta hor ez zegoen izpiritu olinpikorik. Kaian, arrantzale giroan hasitako lantegi bat da, eta giro hori oso bizia da, maldizioka jardutea ohikoa dena. Eta futbolean ez bezala, hemen ez da talde bat ordezkatzen, herria bera ordezkatzen da. Hor sortzen den saltsa sekulakoa da, onerako eta txarrerako, eta giro horren puntu gorena Kontxan ikusten da, baina Liga ere indarra hartzen ari da.


Esan duzu arrauna alderdi desberdin askotatik bizitzea tokatu izan zaizula. Hasieratik hasita, zein da zure lehenengo oroitzapena?
Arraunaz daukadan aurrenekoa Juanito Altxerri patroia, orain bi urte hil zena, Oriora nola sartzen zen Kopa erraldoi batekin, ni baino handiagoa, eta herri osoa han zain nola egoten zen. Garai bateko jeneralak Erroman bezala. Guk erabat liluratuta begiratzen genien gizon haiei. Etxean ere giro hori beti ezagutu izan dugu. Eta Kontxari buruz konkretuki gogoratzen naiz 5-6 urterekin nola joaten ginen oinez Igeldotik, horiz goitik behera jantzita. Gaur egun ere aurreneko igandean oinez joaten naiz. Eta gero, gogoan dut 1983an, nik sei urte nituela, sortu zen haserre eta iskanbilaren oihartzuna. Etxean, aitaren kuadrillan, Ikatzeta trainerugilea eta, denak oso arraunzaleak ziren. Eta 1989ko sailkatze estropada ere bai... Etxean gezurra esanda joan ginen lagun bat eta biok. Orio ez zegoen sartzeko faboritoen artean, baina sartu egin zen, eta nola ospatu genuen. Azkenean autoan bueltatu ginen gaueko hamarrak jota… Mila istorio kontatuko nituzke.


Arraunlari bezala ere izango dituzu. Bereziki baten bat aipatuko zenuke?
Ba argi esango dizut, eta hau halaxe da: Kontxa irabazi arte, bizitzan zer egin nahi nuen galdetzen zidatenean, «Kontxa irabazi» erantzuten nuen. Eta gero, irabazitakoan konturatzen zara «bluff» bat dela [barrezka]. Nik nire aita negarrez ikusi dudan aldi bakarra orduantxe, besarkatu dudan aldi bakarra ia ere bai. Kontxa bezpera batean ere gogoratzen naiz gizon batek esan zidana. Bera espaloi gainean zegoen eta ni errepidera jaitsita, eta auto bat zetorrela ikusita nola esan zidan «etorri hadi hona, nahiago diat autoak ni harrapatzea hi harrapatzea baino». Kontxan arraun egin nuen aurreneko aldian ere akojonantea iruditu zitzaidan nola entzuten den Santa Clara eta Aquarium artean pasatutakoan jendearen burrunba, pasada bat, beldurgarria. Nik ez dakit futbol zelai batean edo antzinako koliseoan zer sentituko zen, baina horrelako zerbait behar du. Benito Lertxundik esaten du arraunlariak gladiatoreak direla. Beste gauza asko ere bai: Kontxan oso urrunera joaten zara adibidez, eta han zaudenean badia zer txiki ikusten den… Eta niri Kontxan beti bereziki gustatu izan zaidan eguna sailkatze estropadarena da. Arraun egun osoena, edo antzinako garaien zaporea ondoen mantentzen duen eguna da nire ustez. Baina batere gustatzen ez zaidan gauzaren bat ere badago e…


Esan...
Ez zait batere gustatzen apustuetarako makinak Portaletasen ipintzea. Garai berriak omen dira, bale; apustuak makina bidez egin behar dira, bale, nik eskura egingo dut baina bale; baina makinak han bertan jarri behar al dira? Ezin al da tenplua errespetatu? Jarri makinak udaletxe parean, edo Kontxa erdian, edo nahi duzun lekuan, baina errespetatu betiko artekari eta apustulariak. Benetan, sekulako amorrazioa ematen dit. Leku horrek asko esan nahi du arraunzaleentzat, kirolzaleentzat eta euskaldunentzat orokorrean. Hitza, jokoa… hor jendeak hitza ematen zuen. Berotu egiten naiz. Eta bestea, errespetu osoz esanda, Donostiarra zuzenean sartzearekin ere ez nago ados. Errespetatzen dut hori defendatzen duena, baina pribilegio bat iruditzen zait, hitzaren zentzurik hertsienean. «Gure estropada da eta arauak guk jartzen ditugu», esaten didate, eta hori hala da, baina Kontxa handi egiten Donostiatik kanpoko jendeak ere lagundu du: pasaitarrek, oriotarrek, hondarribiarrek, bizkaitarrek eta Pedreñak ere bai. Kritikak jaso ohi ditut hau esateagatik, baina nire iritzia emateko eskubidea dudala uste dut.


Aurtengo denboraldiari begira, Hondarribia eta Urdaibai ikusi ditugu besteen gainetik gizonezkoetan, eta San Juan emakumezkoetan. Ezustekoentzat zirrikiturik ikusten al duzu Kontxan?
Ba begira, hau ez da iritzia, hau estatistika hotza da: ezustekoak estropada askotan ematen dira, baina Kontxan beste estropadetan baino gehiago. Beste estropadetan atzeraxeago ibili den traineruak Kontxan irabazteko aukera gehixeago izaten ditu. Edo Luxiak, Zumaiako entrenatzaile ohiak esaten zuen bezala, Kontxara hiru aldiz joan behar da faborito moduan bandera bat irabazteko. Urtean zehar onena izan ez arren, bandera irabaztea, proportzionalki, gehiagotan pasatzen da Kontxan beste estropadetan baino. Eta horrek bere azalpena du. Hiru egun dira, bi luze bakarrik dira eta itsaso zabalean pentsa noraino joan behar izaten duten traineruek, irailean sartuta izaten da eta itsasoa ere mugitzen hasia, mendebala sartzen hasten da… Faktore asko daude horretan eragina dutenak.


Zu oriotarra izanik, bertako traineruaz ere galdetu nahi nizuke. Herrian ze giro sumatzen duzu?
Datu bat emango dizut. Aurten Kontxa irabazten ez badu, 1901. urteaz geroztik Orio Kontxa irabazi gabe egongo den denbora tarterik luzeena izango da. Alegia, Oriok gehienez bederatzi urte pasa izan ditu 1901. urtetik Kontxa irabazi gabe, eta aurten ez badu irabazten, azkena 2007an irabazi zuenez, hamar urte beteko dira gutxienez garaipena lortu gabe. Honekin ez dut inoren lana kritikatu nahi, ezta gutxiago ere, baina zerbaiten seinale bada. Eta hori igarri egiten da herrian, giroa apur bat galdu egiten delako, eta niri horrek ematen dit pena handia.
Aurtengo berrikuntza nagusia emakumezkoetan ere zortzi traineruk bi igandeetan arraun egingo dutela da. Aipagarria da emakumezkoen traineruek urte gutxian izan duten garapena.
Emakumeen arrauna nabarmen bere ibilbidea egiten ari da. Segur aski, eta beste batzuekin batera noski, Euskal Herrian berdintasunaren alde egin duen ahaleginagatik kirol eredugarrienetako bat izango da. Ez da politikoki zuzena izateagatik, Euskotren Ligan, esaterako, eman diguten ikuskizuna sekulakoa izan da, telebistako audientziak ere onak dira. Baina bide horretan aurrera egiteko, nire zalantzak neuzkan zer neurritan izango zen ona bigarren txanda hori jartzea. Pentsatzen nuen agian horrek Kontxan sartzeko mailaren langa gehiegi jaitsiko zuela, eta agian txarrerako izango zela. Arraunean dabiltzan zenbait neskak ere zalantza hori azaldu zidatelako gainera. Baina aurreneko jardunaldian ikusitakoak zalantza denak uxatu dizkit. Nesken bi txandak oso ederrak izan ziren eta ikuskizun paregabeaz gozatu ahal izan genuen.