amagoia mujika
IRITZIA

Eskuak

Arratsalde osoa eman du kroketak biltzen. Eskuetatik ezin du borratu arrastoa; arrautza, irina eta ogi-birrindua hatzen tartean betiko geratu zaizkiola dirudi. Nola gozatzen duen etxeko txikiak eta handiak, kroketak direla medio, borrokan ikusten dituenean. «Amona, ez al ziren umeentzat?», galdetuko dio umeen mahaia uzteko adina aspaldi harrapatu zuen horrek. Gero, parrandarako orduan, sesioan hasiko da, lehengo urtean baino handiagoa dela eta etxerako ordua luzatu behar diotela.

Arratsalde osoa eman du eskuak igurzten. Duela hamarkada bat baino gehiago eraman zuten semea eta ordutik eskuak hotzak ditu. Parean mahaia betetzen bazaio ere, berak hutsik dagoen aulkia baino ez du ikusten. Eta eskuak igurzten ditu, behin eta berriz, berotuko direlakoan. Mahaiaren azpian, hankak tokia ezin hartu sumatzen ditu, ezin asentatu, ezin bakerik topatu. Tristurak agintzen du bere pausajean eta eskuak ez zaizkio berotzen.

Arratsalde osoa eman du puntua egiten, galtzerdiak bukatu nahi zituelako. Baina aspaldi honetan ez du asmatzen tamaina bereko galtzerdiak egiten. Aspaldi ez zaio pareko parea osatzen; bat handiegia eta bestea txikiegia. Ezin asmatu bi galtzerdi berdin egiten. Marka da gero, auskalo zenbat galtzerdi pare egin dituen bere bizitza luzean, beti parean, beti perfektu. Eta, orain, ezin. Berriz puntua askatu eta berriz hasi. Gaur ez omen du otarrainxkarik nahi. Beldur da ez duela asmatuko zuritzen. «Amona, nik lagunduko dizut». «Bai, zera. Horixe bakarrik falta genuen». Gaur otarrainxkarik gabe eta galtzerdiak bukatu gabe.

Telebistako iragarkietan mahai perfektuak, argi bikainak, zoriontasuna, lurrin primerakoak eta ileapaindegitik pasatako etxekoandreak ikusten ditudanean, barregura sortzen zait. Mahai jendetsuak, kolore desberdinetako platerez osatutako mahai inperfektuak, amantala jantzita eta besoak garbalduta dituzten emakumeak, suaren ondoan gorritutako masailak, partekatutako 80ko hamarkadako kopak, bolatxoak falta dituzten bingoak, ja hautsa kendu ezin zaien aulkiak eta beti platerean geratzen den turroi gogorraren pusketa datozkit gogora. Kartetan jokoan hasi eta datorren urteko Gabonetara arte haserretzen direnak datozkit gogora, eta beti arrain zopa egiteaz aspertuta daudela kexu direnak.

Eta etxe bakoitzak bere Gabonak bizi dituela dakidan arren, irudipena daukat etxe guztietan daudela amantalak, garbaldutako besoak, mahaira esertzen ez diren ipurdiak, kroketen masarekin zikindutako eskuak, aspaldi berotu ezinik egon arren ingurukoenak berotzen dituztenak eta galtzerdiak egiteko abilidadea galdu dutenak. Denak, emakumeenak. Horien usaina daukate nire Gabonek.