JOKIN URAIN
IRITZIA

Ipurtargiak

Lanpiridoak, ipurtargiak esaten diegun jende hori, kakalardo ordenako intsektu familia ei da. Jende txikia da ipurtargia, baina urrutira ikusten den argia egiten du gau ilunean. Izenaren jabe izaki, ipurdian du biolumineszentzia, ipurdiarekin –behe-abdomenarekin zehazki– egiten du argi, eta argi erakartzailea da bai bere espeziekoentzat eta bai gure begientzat. Hominidoon kasuan ere ipurdia erakartzailea dela esan lezake norbaitek, lumineszentzia balu bezala erakartzen baitigu begirada besterenak. Esan behar nuen, inork esan aurretik.

Gogoan dut, artean haurra nintzela, harriduraz eta liluraz, urruti samarrera (Potzualdetik Barruti Txikira, esaten dit memoriak, baina Lizarditik Galtzuzarrera izan zitekeen...) argia ikusi eta aitak azalpenak eman zizkidanekoa, ipurtargia zer den ikasi nuenekoa. Gau ilunean hori, eta haurra izan denak bakarrik daki zelako beldurra ematen duen gauak mendi aldean, gauezkoak ere hor dabiltzala kontatu zigutenetik batez ere. Abesti bat bada orain, orduan artean jaio gabe zegoena: «Beldurra ta poza arrago, ilunetan ipurtargi…».

Orain negu-alde honek ekarri dit gogora ordukoa, etxeko leihotik begira, Gabonen zeran auzoko etxe zenbaitetan balkoian ipini dituzten argi ñirñirkariak ikustean. Urrutitik ikusten dira; kanpotik ikus daitezen ipiniak daude, begiradak eta jendeen arreta erakarri nahi dute…

Ezinbestean dator asoziazioa, balkoi horien zubitik, ipurtargien eta Usurbilen erdigunea daukan Kalera Kalera ekimenaren bi irudietako bat den kandela-argi txikiaren artean. Edalontziaren barruan isiotutako kandelaren su txikia, ingurua zenbat ilunago, argia hainbat handiago ematen duena. Inguruetara su txikiak eraman nahi ditu Kalera Kalera ekimenak, ahalik gehien zabaldu, txoko guztiak batu argi-eroaleekin, sugar-puntu txiki ugarirekin argi handia egiteko.

Urte berriari eskaria da, ametsa, desioa, norbere asea baino gozoago baita batzuetan hurkoaren zoriona, zuek guztiona. Denbora luzeegian baikaude itxaroten, zain… Baina denon ahaleginak baizik ez ditu ametsak egia bihurtuko.

Oinazearen arrago honetan argitxoak behar ditugu, Maitane, guztiok ipurtargi bihurtuz-edo etxera eta kalera bideak hain ilun ez daitezen izan.