Jocelyne Zablit
Skid row

Korrika, atzean utzi nahi duten errealitatetik ihesi

Bizileku zituzten kaleak korrikarako eremu bilakatu dituzte «Midnight Runners» taldeko kideek. Los Angelesko Skid Row inguruan milaka lagun bizi dira etxerik gabe eta askotan gaixotasunak edota mendekotasunen batek jota. Zapaltzen duten errealitate hori utzi nahi dute atzean eta pausoz pauso egiten dute.

Gauaren ilunpean eta Skid Rowko isiltasuna pausoz pauso etenez abiatzen dira korrikalariak kaleetan barrena hamar kilometroko ibilaldia osatzera. Los Angelesko gune hau AEBetako behartsu gehien batzen diren eremua da; Beverly Hills edota Bel-Air bezalako auzo xarmant eta aberatsetatik kilometro gutxira kokatuta, milaka pertsona bizi dira (47.000 datu ofizialen arabera), etxerik gabe eta kasu askotan gaixotasun edota mendekotasunak jota. Azken hamarkadetan, ezer ez dutenen babesleku bilakatu da.

Korrikalari gehienak kalean bizitakoak dira eta orain beren bizimodua aldatu nahi dute kirolaren bitartez. Midnight Runners (gauerdiko korrikalariak) izenarekin dira ezagunak eta euren mendekotasunak uzteko prozesuan dauden lagunak dira ia denak.

Euren ibilaldian Skid Rowko errealitatea saihestu behar izaten dute, horrenbeste denboran euren egunerokoa ere izan dena: kanpin-dendak, kartoiak, olanak...

Skid Rowek dituen arazoei gehitu behar zaie azken urteetan inguruko eremuek ezagutu duten goraldi ekonomikoa. Etxeen prezioak gora egin dute inguruan eta etxegileak presio egiten ari dira Skid Row ere garbitu eta eraikitzeko egoki bilaka dadin. Auzoan lan egiten duten elkarteek salatu dute orain arte autoritateek eman duten erantzuna polizia kopurua handitzea izan dela, pertsona hauei beharrezko zerbitzuak eta etxebizitza eskaintzen inbertitu gabe.

Azken denboran gainera, beste arazo bat ere nabarmendu dute; izan ere, ospitaleek baliabiderik ez duen jendea kalean uzten dute eta askok Skid Rowko kaleetara itzuli beste erremediorik ez dute.

«Hemendik igarotzen naizen aldiro konturatzen naiz nora joan daitekeen nire bizitza erabaki txarrak hartzen jarraitzen badut», dio Kenneth Collinsek. Droga-mendekotasuna gainditzen ari da eta azken hamasei urteetan hainbat alditan bizi behar izan du kalean. Egun, Skid Row erdialdean dagoen Midnight Mission aterpe eta errehabilitazio zentroan bizi da, berarekin batera korrika aritzen diren beste pertsona asko bezala. Elkarte honek milaka eta milaka jatordu eskaintzen ditu urtean eta bere egoitzan berrehun lagunetik gora hartzen ditu droga-mendekotasuna gainditzeko. Prozesua amaitzen dutenean, lana eta etxebizitza topatzen laguntzen diete.

Korrika egiteko taldea Craig Mitchell epaileak sortu zuen. Korrikazaleak egunak epaitegietan ematen ditu hilketa, bortxaketa eta bestelako delituen kasuak aztertzen. Midnight Mission bisitatu zuen espetxera bidalitako gizon batek gonbidatuta proiektua ezagutu dezan. «Kasualitate hutsa izan zen, nola lagundu niezaiekeen galdetu zidaten eta ‘zer deritzozue korri egiteko talde bat sortzeari’, erantzun nien», gogoratu du.

Munduan barrena korrika. Bost urte pasatu dira ordutik eta talde horretan aritutako korrikalari hainbatek munduan barrena egiten diren maratoiak osatu dituzte, azken uda honetan bertan Vietnamen. «Ez nuen inoiz amestuko egunen batean Vietnamgo maratoian irtengo nintzenik eta gutxiago epaile batekin», dio David Noriegak. Pasa den urtean batu zen taldera droga-mendekotasuna gainditzeko prozesuan. «Preso egona naiz eta epaile batekin ari naiz korrika», dio 50 urte eta lau seme-alabaren aitak. «Vietnametik itzuli nintzenean nire seme-alabak ez ziren nirekin lotsatzen, harro zeuden», aitortu du malkoei eutsi ezinda.

Los Angeles hiriko maratoian korri egin ondoren Midnight Runners taldekoek hurrengo hitzordua 2018. urtean izango dute Jerusalemen. Nazioarteko bidaiak donazioen bidez jasotzen duten diruarekin eta Mitchell epaileak berak jarritako diruarekin ordaintzen dituzte, baita soinean daramatzaten zapatilak ere.

Harro eta ase sentitzen da Mitchell ia nahigabean sortutako proiektuarekin: «Inor gerturatu eta besarkada bat ematea sekulakoa da eta are gehiago zure seme-alabak ia esateko gai ez diren hori esatera ausartzen direnean. ‘Mitchell epailea, benetan maite zaitut’, esan zidan behin batek. Betirako nire lagunak izan daitezen espero dut benetan», aipatu du epaileak.

Eurengan sinestea da gakoa. Jakin badaki, taldeko pertsonetako batzuk berriz ere kalean bizitzera itzuliko direla edota agian espetxera itzuliko direla, baina bere esanetan hori ez da eurengan ez sinesteko nahikoa arrazoi: «Droga-mendekotasuna uzten ari diren pertsonekin lan egiten dutenek badakite gehienek ez dutela arrakastarik izango», hala eta guztiz ere, «hainbat porroten ostean, iritsiko da arrakasta lortuko duten eguna».

Bidean egin duen lagunetako bat da Michael Mitts. Hemezortzi urte eman ditu errekaren ondoan zubipean bizitzen eta ekainean hasi zen korrika bere osasun-egoera hobetuko zuelakoan: «Niretzat sorpresa handia izan da zurekin arduratuko den pertsona bat topatzea eta bere denbora zurekin korri egiteko baliatzen duela frogatzea», aitortu du 47 urteko gizonak.