GALDER PEREZ
IRITZIA

Sendejatik Askatasuna kalera

Umeago ginenean bizi ginen kalearen izena harrotasunez ikasi genuen. Abizenak lez beharbada –nire aurreneko zortzi gehienak gaztelaniazkoak, portzierto–. Garai horietan gure kalea eta ondoko plaza ia mundu osoa zen guretzat. Karrikak abesti propio eta guzti zeukan, bilbainada, nola ez. «Ene qué risas hisimos al pasar por el Sendeja, txalos y todo nos hiso desde el balcón una vieja». Balkoian txaloka zebilen andre zahar hori amama zela pentsatu izan dut beti. Oraindik ere, zazpigarren pisuko balkoira begiratzen dudanean, hantxe irudikatzen dut amama betiko irribarre erraldoiarekin txalo eta txaloka. Aitita ezagutzeko aukerarik ez nuen izan, ni jaio aurretik hil baitzen. Baina bere ardoaren ondarea utzi zigun, taberna. Horregatik izango ditut umetako memoriak ardo beltzaren usainarekin nahastuta. Denak zeukan ardo usaina, uholdeak iritsi arte. Kolore eta usain guztiak ezabatu zituen lokatzaren kakak. Orduan, tabernak eta betiko denda herritarrak desagertzen hasi ziren gaurko telepizzak, carrefour expressak eta kaka abarrak iristeko. Uholdeak batzuentzat I-11ren moduko aukera izan ziren, bere neurrian.

Gure kaleaz Arestik eszeptizismoz idatzi zuen: «Askaotik Sendejara, Bilbaon Esperantza oso mehar, ilun eta laburra da». Aste Nagusiko jai giroagatik ere ezagutuko dute askok, bertan egon ohi dira Mamiki, Hontzak eta Txomin Barullo konpartsen txosnak, besteak beste. Zaharragoek bertan gertatzen ziren zelai beteko bataila horiengatik gogoratuko dute kalea, Estatu espainoleko bandera udaletxean jartzeko obsesioaren erruz, urtero errepikatzen zen kolore guztietako polizien kontrako «banderen guda» zeritzona. Eta zahar-zaharragoek ETAren lehenengo dokumentua Sendeja kalean sinatu omen zelako gogoratuko dute, Julen Madariagaren bulegoan, hain zuzen ere. Eta inor zaharragorik bada, Sendeja ala Zingira, memorian izango du txitxardin arrantzan zebiltzan bateltxoengatik. Eta gaur egun, ume, gazte zein zahar, Euskal Herri osotik datozen milaka lagunek, urteroko presoen eskubideen aldeko manifaren ostean, udaletxean bukatu eta Zazpikaleetarako bidean zapaltzen dute gure karrika.

Bilboko PPk duela aste pare bat halako ateraldi dibertigarri batean, memoria historikoa aitzakia, zenbait kaleren izenak aldatzea proposatu zuen. Baina Papito Alonsok errieta egin zien bilbainito bihurritxoei, ez zela horrenbesterako, eta Sabino Arana txikiteorako lagun gisa onar zezaketela. Pena, ze kaleen eta plazen izenak aldatzeko jolasarekin ideia asko datozkigu memoriara. Bilbainadak ez diren mila kantu sor ditzakegu gure karrikei omenaldi egiteko. Kaleari berari gorazarre, eta ez harekin zerikusirik ez duten pertsonei. Adibidez, aurreko asteburuan, euri eta ekaitzaren azpian, milaka eta milaka lagunek presoen eskubideak aldarrikatzeko eta salatzeko bete zituzten kale horien izenak alda ditzakegu. Zabalburutik udaletxera jaisten den hori, izan dadila azkenean Askatasuna kalea. Horixe eskatzen dute urtero-urtero adorez eta maitasunez kalea betetzen duten senide, lagun eta herritarrek. Gaurko umeek bihar harrotasunez gogora dezatela, egin dezatela memoria, nola aldatu genien kaleei izana. Izenak beharbada ez duelako horrenbeste axola. Izanak, ordea, bai. Badenak eta behingoagatik izan behar duenak. Askatasuna kalea izkinaren bueltako karrikan dago, galdu barik.