JOKIN URAIN
IRITZIA

Irudimenekoak

Haurrak sumatu ditut euren artean ari direla, irudimenerako haurrek duten dohain miresgarri horrekin, biharamuneko futbol partiduaz hau eta hori. Hantxe geratu dira alde egin dudanean, sartuko duten gol bikaina aurreikusiz, lagun arteko txangoa irudikatuz... Eta loa galarazteraino amestuz disfrutatuko dute, seguru asko, oraindik gertatzear dena.

Irudimenean bizitako gertaerak ez du zertan beti errealitatean bizitakoak baino eskasagoa izan; benetan egindakoak bezainbeste balio behar lioke haurrari irudimenean behin eta berriz egin eta gozatu duen tantoak, edo txangoak, edo lagun arteko edozein jolas edo elkarlanek edo denbora-pasak... baldin eta gozamena eta plazera bada horien guztien helburua.

Geure inguruaz ohartzen hasten garen une beretik beti zerbaiten zain bizitzea, gizakion izateko modua da, agian; gauza handi edo txikien itxaropena behar izatea, alegia, ezeren itxaropenik gabe bizitzea kontraesana litzatekeelako bere horretan. Bizipozak behar ditugu, handiak edo txikiak, gure baitaren eraikuntzarako emozio adreiluak balira bezala. Eta berez erabakigarriak edo garrantzia handikoak izan ez arren, gure gurarien artean kasik desiragarrien bihurtu eta oroitzapenean iltzatuta gorde ditzakegu zahartzaroaren atariraino.

Haurrak garenean dugu, seguru asko, gertatzear den zerbaiten ilusiotan bizitzeko gaitasun handiagoa; eta gure irrikaren objektua itxaroten dugun bitartean disfrutatzen dugu, gainera, gertatuko dena geure ametsen nahierara aurreikusiz eta plazera sentitzen. Gertaera txikiak handi egiten asmatzen baitugu haurtzaroan, gauza txikiak handiak balira bezala itxaronez. Gogoan dut, aspaldiotan ospatu ez arren, gure umetako Txitxiburduntzi Eguna, eta hurbildu ahala gertaera hura irudikatzearen plazera.

Haurrek ez ezik, helduok ere beharrezkoak ditugu bizipozak. Eta, adinean aurrera, bizipoz horrentzat haurtzaroan baino objektu errealagoak behar ote ditugun nago. Irudimena geurekin batera zahartu egin zaigulako, agian, eta ez delako txikiak ginenean bezain jostari eta atsegin emaile.

Ez dakit, Zunbeltz, baina susmotan nago Joxedomingoren fantasiazko angulekin ez dugula aurten ere txitxiburduntzirik egingo; haurtzaroko haiek gogoratuz jarraitu beharko dugu.