Iker Bizkarguenaga
Elkarrizketa
Tasio Erkizia

«Ezkerzale guztiok gizartea nola dagoen begiratu behar dugu, eta gizarteak erantzunak eskatzen dizkigu, oihuka»

Liburu baten inguruan patxadaz solastatzea maizago gozatu beharko genukeen eta oraindik debekatzeke dugun plazera izanik, “Bizipenak eta hausnarketak”-ek (Txalaparta) eskainitako aukerari ezin genion pasatzen utzi. Are gutxiago egilea Tasio Erkizia bada eta ezker abertzalearen ibilbidea laburbiltzeaz gain, Euskal Herriko historiaren azken hamarkadak modu irakurterrazean eta doitasunez marrazten baditu, bere itzal eta argiekin. Gerraosteko euskal gizartea, euskararen egoera, herrigintza eta herri mugimendua, hezkuntzaren erronkak, langileria, pobrezia, ezker abertzalea, Herri Batasuna, egindako akatsak eta asmatutakoak, etorkizuna... hori guztia jorratzen du lesakarrak Arnaldo Otegik hitzaurrean «altxor» gisa hartzen duen idazlanean, eta egia da baduela altxorretik zerbait, behin irakurrita arasa batean baino kutxa batean gordetzera bultzatzen zaituena; galdu ez dadin, gure ondorengoek ere irakurtzeko aukera izan dezaten.

Hala, biografia ez den baina autobiografiaz asko duen liburuari buruz berba egiteko hitzordua jarri diogu Erkiziari. Hitzordura koadernoa galderaz josita heldu gara, denak kronologikoki ordenatuta, txukun. Baina behin elkarrizketa hastean, laster konturatu gara bera bezalako plazagizonek galderak makulu gisa erabiltzen dituztela sarri, hausnarketa sakonak abiatzeko helduleku gisa, eta halakoetan onena izaten dela lasai entzutea eta ikastea. Eta halaxe egin dugu.

Liburuak, nola ez, Lesakan du abiapuntua, eta zure jaioterriari urteak aurrera joan ahala maitasun handiagoa diozula esaten duzu. Aberririk maitatuena haurtzaroa dela esaten dute...

Oroitzapen goxoak ditut, bai. Nik uste dut haurtzaro normala izan nuela, baina badaude gauza batzuk agian momentuan ez, baina gero bai, zugan ze eragin duten konturatzen zarela. Adibidez, Olentzero; txiki-txikitatik guk egitea, baserriz baserri guk eramatea… oso oroitzapen politak dira horiek. Gainera, honi buruz pasarte bat kontatzen dut; Bilbora etorri nintzenean bagenuen ikastolan lagun handi bat eta hauxe esan nion: «Lesakara joan behar dugu eta ikusiko duzu nola hunkituko zaren Olentzero ikustean».

Eta halaxe egin genuen, abenduaren 24an kotxea hartu eta Lesakara joan ginen, Olentzero ikusi genuen eta maiteminduta itzuli zen. Hurrengo urtean Santutxun hasi ginen Olentzero hori egiten. Orduan ez genion dimentsio kultural sakonegirik ematen horri guztiari, baina gerora ikusi dugu ohitura horiek mantentzeak baduela garrantzia. Eta horretaz, edo sanferminez, izugarri oroitzen naiz eta urtero saiatzen naiz data horietan hutsik ez egiten. Lesakarekiko oroimen goxoak ditut eta beti esaten dut Bilbon bizi naizen lesakarra naizela.

Izan ere, Bilbora gazte heldu zinen, Oñatiko seminariotik pasatu ostean. Bilbon beste mundu bat aurkitu zenuen, besteak beste, topatutako pobreziaz mintzo zara. Muturreko pobrezia zen.

Ni garai hartan gaurkotasun handia zuen apaiz edo apaizgai langileen mugimenduaren bidetik etorri nintzen. Orduan, uda batean Bizkaira lantegi batean lan egitera etortzea erabaki nuen. Ez nekien non aurkituko nuen lana edo zer egingo nuen, baina beste lagun batek eta biok hona etortzea erabaki genuen. Baina, hara non, laguna gaixotu zen eta ez zen etorri. Gainera apaiztegian presio handiak genituen joan ez gintezen. Edonola ere, nik «erabakia hartuta daukat eta banoa» esan nien. Derioko beste apaizgai bat ezagutzen nuen eta bere etxera etorri nintzen, berak lagundu ninduen La Navalera, Euskaldunara… hainbat lantegitara lan bila. Garai horretan udan lana topatzea erraza izaten zen, eta azkenean buelta eta buelta Galdakaoko Formican aurkitu nuen. Galdakaon izan nuen lehen kuadrilla eta bizi izan nuen lehen aldiz bertako giro soziala.

Hurrengo urtean berriro etorri nintzen. Basauriko Ceplastican lan egin nuen eta Peñaskalen bizi izan nintzen. Eta hor benetan oso hurbil bizi izan nituen pobrezia eta bazterkeria; beste gizarte bat ezagutu nuen. Gure familian ere nahiko pobreak ginen, baina hor pobrezia muturrekoa zen, beraiek egindako txabolak ziren, umeak oinutsik ibiltzen ziren… izugarrizko pobrezian bizi ziren. Azken orduko migranteak ziren, gutxien integratutako jendea, eta bazterkeria modu mingarrian bizi zuten. Ondo gogoratzen dut Aste Nagusi batean Bilbora jaitsi nintzela eta hiria argiz beterik ikusi nuela, jendea dendetan erosten... eta izugarrizko shock psikologikoa izan nuen. Neure buruari galdetu nion ea zer gertatzen den mundu honetan batzuk hain pobre, hain baztertuak egoteko, eta beste batzuk itxuraz hain aberats. Horrek markatu ninduen eta lagundu zidan injustizien kontra borrokatzeko.

Formica eta Ceplastica aipatu dituzunez, hor inguruan zegoen Bandas lantegia, eta oso garrantzitsua izan zen bertan 1966an izandako greba. Langile borrokan inflexio puntu bat izan omen zen, ez?

Ni oraindik Oñatin nengoen greba hori gertatu zenean, seminarioan, baina hemen ezagunak banituen eta langile batzuek eskatu zidaten ea Gipuzkoan dirua bildu nezakeen enpresa honetako langileentzat. Orduan Oñatin bagenituen OAC eta JOC deitzen ziren taldeak eta beraien bidez biltzen genuen Oñati eta inguruko hainbat enpresatan dirua. Ni korreoa nintzen eta dirua hartu eta Basaurira ekartzen nuen. Niri hori inplikazio handia iruditzen zitzaidan, bere xumetasunean, iruditzen baitzitzaidan langile mugimenduan txertatze bat edo partaide sentitzeko modua zela.

Greba hori inflexio puntu bat izan zen zentzu desberdinetan. Batetik, enpresa horretako emakumeek bete zuten funtzioagatik; lehengo aldiz, horrelako greba batean, emakumeek jarrera oso aktiboa izan zuten; eurek bakarrik egiten zituzten asanbladak, eurek egiten zituzten ekintza batzuk eta eurek eramaten zituzten hainbat enlaze-lan, koordinazio-lan. Ezin dugu ahaztu garai horretan debekatua zegoela asanbladak egitea eta langileak poliziari iskin eginaz, elizak erabiliz eta biltzen zirela. Hori pauso kualitatibo bat izan zen. Eta beste aldetik, beldurra gainditu zuten. Frankismo garaiko beldur eszeniko hori galdu zuten. Orduan zure lanpostua eta segurtasuna jokoan izaten ziren; ohikoa zen langileak hartu eta desterratzea, Zamorara, Galiziara, Andaluziara… Eskubideak defendatzea oso arriskutsua zen eta beldur hori gainditu zuen borroka luzea izan zen hura, eta oso eredugarria.

Laster egin zenuen salto Hezkuntza mundura.

Nik asko teorizatzen nuen apaiz langileen mugimenduaz, baina ikasketak bukatu nituenean, lana aukeratu behar izan nuenean, esan behar dut nolabait neure buruaz beldurtu egin nintzela, ez nuelako nire garapena hor ikusten. Eta orduan euskararen aldeko eta hezkuntzaren aldeko apustu batera jo nuen. Garai horretan batzuek traizio bat egin nuela aurpegiratu zidaten, beste toki batean egin behar zela lana. Baina nik ez nuen neure burua lantegi batean aurkitzen, nahiz eta banuen aukera lantegi batean berehala lana aurkitzeko, baina ni izan eta nire garapena lortu nahi nuen. Apustu hori egin nuen, eta bizitzako apustu garrantzitsu bat izan zen, euskararen eta hezkuntzaren aldekoa.

Karmelo ikastolara joan zinez zehazki, zeinari urte asko eman dizkiozun. Zer da zuretzat Karmelo?

Ikastolan mundu berri bat eta mundu berritzaile bat aurkitu nuen. Hasieran bagenuen nolabait idealizatuta langile mugimendua, asanbladak, langileria kalean… bazegoen imajinario bat, baina euskara eta ikastolen munduan sartu nintzenean beste imajinario bat aurkitu nuen zeinarekin identifikatuta sentitu nintzen. Hain zuzen, Peñaskalen izan nintzenean euskara eta euskal kulturarekin berradiskidetu nintzen eta hor hurbildu nintzen gogoz eta ilusioz mundu horretara.

Ikastolan une latzak ere bizi izan ditugu, zatiketa bat izan zen, beste unetan tirabira asko, une bizi-biziak ziren, ETAn izaten ziren zatiketek izugarrizko eragina zuten eta askotan trasladatzen ziren bertara, akusazioak, lerrotzeak… Baina sekulako esperientzia ona izan genuen baita ere, auzolana martxan jarri genuelako eta auzolanean gai izan ginelako eraikin bat altxatzeko. Arkitektoari gure asmoen berri eman genionean, zoratuta geundela esan zigun, ez zela posible, eta guk baietz. Azkenean, Eduardo de Felipe arkitektoak pazientzia handiz esan zigun onartuko zuela baldin eta obren koordinatzaile modura bere konfiantzazko pertsona bat onartzen bagenuen. Onartu genuen eta auzolan izugarria izan zen, irakasleen aldetik, gurasoen aldetik eta auzoaren aldetik. Orduan Karmelo auzo-proiektu bezala txertatu zen erabat, urteetan mantendu den proiektua, hezkuntza ez bakarrik geletako gai bezala, baizik eta familia, irakasleak, auzoa, mugimendu askoz zabalago baten gisa ulertzen duena. Heziketa integralago bat, orain zentzu askotan faltan hartzen dena. Esperientzia izugarri aberatsa izan da, hezkuntza auzoari lotuz lortu dugun aberastasuna eta lortu ditugun aurrerapausoak handiak izan dira.

Politikoki giroa pil-pilean zegoen. Burgoseko epaiketa mugarria izan zen, zuretzat eta askorentzat.

Ordurako herrian bazen euskararen aldeko mugimendu bat, injustiziaren kontrako mugimendu bat, askapen mugimendu bat, baina agian nik une horretan ez neukan borroka estrukturalak zuen garrantziaren kontzientziarik. Epaiketa horrek ikusarazi zidan pertsona bakoitzak eraman behar duen borroka oso garrantzitsua izanagatik, aldi berean antolatzea eta herri bezala borrokatzea ezinbestekoa zela. Nazio askapen eta eraldaketa sozialaren aldeko mugimendu honek dimentsio desberdinak dituela erakutsi zidan, eta aldaketa norberarengandik hasi behar bada ere, aldaketak baduela dimentsio kolektibo bat, bakarrik mugimendu soziopolitiko baten bidez burutu daitekeena. Komunikabideek gezur ugari esaten zituzten, baina nabaritzen zen hor bazegoela mugimendu kolektibo garrantzitsu bat, eta Estatu bat eskubideak, sentimenduak eta aldarrikapenak zapaltzen ari zena.

Zu herrigintzan buru-belarri murgildu zinen urte horietan, eta horrek bazituen arriskuak. 1975eko maiatzaren 8a ez duzu erraz ahaztuko...

Esan behar dut duela bi urte arte ez dudala inoiz honen inguruko sentimendurik idatzi, eta ondoren ere aipatu dut, baina ez dut nahi garaiko sentimendu guztien inguruan gehiegi sakondu, beldur naizelako nahi ez ditudan sentimendu batzuk birgogoratuko ote ditudan. Zalantza gabe momentu oso gogor bezala bizi dut, baina aldi berean hori gainditu izateagatik neure burua pribilegiatutzat jotzen dut zirkunstantzia ezberdinek lagundu zidatelako egoera hori gainditzen.

Nik torturatua izan ondoren bizitako sentimendu beldurgarriena horixe bera izan zen, beldurra. Errealitateari aurre egiteko gaitasun eza, kikiltzea, norbera ezer ez balitz bezala sentitzea, gai izango ez banintz bezala egoera pertsonal eta soziopolitikoari aurre egiteko. Hiru hilabete eman nituen ospitalean, hilabete bat heriotzaren atarian, urtebete egon nintzen baja laboralarekin, ez nintzelako gai sentitzen lana normal egiteko eta errealitateari aurrez aurre begiratzeko. Fisikoki indarra hartzeak lagundu zidan, psikologikoki ere indartzen joan bainintzen. Eta hori gertatu baino lehenago nire bizitzan banituen erabaki sendo batzuk, bizipen sakon batzuk eta erabaki irmo batzuk hartuak nituen, eta horiek gero birkokatzen lagundu zidaten. Askotan pentsatu dut, hori gertatu izan balitzait hamar edo bost urte lehenago, sentimendu eta konbentzimendu horiek hain erroturik ez nituenean, gai izango nintzatekeen egoera hori gainditzeko. Galdera bezala geratzen da, inork ez daki horren erantzuna.

Herri honetan badira milaka pertsona torturaren ondorioz desegokitze fisikoak eta psikologikoak bizi dituztenak, modu desberdinetan hori bizi dutenak, jende asko dago horren ondorioz sufritzen ari dena.

Handik gutxira Franco hil zen, ohean, eta «trantsizioa» delakoa abiatu zen. Orduan aukera handi bat galdu zela aipatzen duzu, alderdi gehienek aukera errazena hartu zutela.

Nik baietz uste dut. Ni pozik nago ezker abertzaleak izan zuen, eta izan genuen klaribidentziarekin. Oso garbi ikusten genuen tranpa batean sartzen ari ginela, eta ezinezkoa zela demokrazia, faxismoan finkaturiko edo urteetan diktadura batek eraikitako egitura administratiboa ez bazen desegiten. Alegia, Polizia berdinekin ezin zela demokrazia bat eraiki, depurazio bat egin behar zela. Edo epaile horiekin ezin zela. Pertsona batek Francoren legeei jarraituz hainbat pertsona modu ez zuzenean kondenatu dituenean ezin du demokrazia defenditu. Aldaketa sakonak egin behar ziren. Ejerzito kolpista bat demokraziazalea bihur daiteke? Buruzagi guztiek eta kolpearen arduradunek eta izugarrizko basakeriak egin dituztenek, demokrazia defenda dezakete? Guk argi genuen ezetz, alegia demokrazia bat eraiki nahi bazuten, formetatik at, aldaketa sakonak egin behar zirela. Besteek zer egin zuten? Gizartea engainatu, demokrazia alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatzea, hauteskunde batzuk egitea eta instituzio batzuk sortzea zela esanez. Zeren truke? Beraien legalizazioaren truke eta beraiek ere pastel horretan zati bat izatearen truke. Gaur egun ikusten da arrazoi osoa genuela. Eta gaur egun ere demokrazia hemen bahituta dagoela argi dago.

Duela 40 urte eraikitako egitura eta sistema hori kolokan dago orain, krisian, diotenez. Aukerarik ba al dago orduan lortu ez zena orain lortzeko?

Nik uste dut erreformaren beste erreforma bat egin nahi dutela, baina aldi berean zaila izango dutela uste dut, eta oraindik nabarmenago geldituko dela horrekin ez dugula arazorik konpontzen. Badut itxaropena izugarri zailduko diegula horrelako zerbait egitea, tranpa berdina egitea, alegia. Guk ez daukagu erraz ekiditea, baina beraiek ere ez dute erraza hori egitea.

Jendea oso haserre dago. Egia da ez dugula nahiko gaitasunik haserre hori bideratzeko, baina adibidez ezker abertzaleak Sorturen birfundazioaren inguruan erakutsi duen heldutasunak esperantza handia ematen dit. Eta badakit ezker abertzaleak asko duela aurreratzeko, batez ere kalean egon behar hori, kaleko ekinbidean gauza asko egin behar ditugula, bestela ez dugulako lortuko konbentzionalismotik ateratzea. Kaleko lana eta instituzioetakoa uztartuz posible da aurrera egitea, bestela gu ere hor geratuko gara.

Gaur egun ezkerrak badu erronka garrantzitsu bat; batetik, inoiz baino behar handiagoa dago ezker ilusionagarri eta eraldatzaile bat gorpuzteko, baina bestetik, inoiz baino gaitasun txikiagoa ageri da hor. PSOEren eta Podemosen eboluzioak ikusteak, adibidez, tristura ematen du. Aldi berean, ezker abertzalea ikusiz pentsatzen duzu agian hemen Estatu hau hankaz gora jartzeko gai izango garela, eta agian Katalunian gai direla. Nik uste dut ez dutela batere erraza izango Euskal Herriko mugimendua eta Kataluniakoa integratzea.

Ezkerraren ikuspegitik gabeziak nabarmenak dira, leku guztietan...

Ezkerreko jendeak gure filosofia eta aritzeko era aldatu behar dugu. Ezkerrak eztabaida ideologiko, teoriko, sasieztabaida batzuetan sartzeko joera dauka, beti zatiketara garamatzatenak. Eta gu kaleko lanak, kaleko borrokak eta programa batek batu behar gaitu. Ez gintuzkete banatu behar txikikeriek, hitz egiteko moduak edo guztiz gainditu daitezkeen kontraesanek. Egon daitezke, noski, ez dut esaten pentsamendu berdina izan behar dugunik. Bi edo hiru ideia argi izatea nahikoa da mugimendu zabal bat antolatzeko. Besteak iritzi libreak dira, normalak direnak, baina desberdintasun teorikoetan katramilatzen gara eta gero errealitatea askoz sinpleagoa da. Pertsona bat etxetik botako dutenean hipoteka ordaindu ezinik dagoelako hori ekiditeko hor gaudela ikusi behar du; edo prekaritatearen kontra, edo herriaren autoeraketaren alde. Egunerokotasunean pertsonen beharrizanei erantzungo dien politika pragmatiko bat eraman, baina aldi berean utopikoak diren planteamendu batzuk defendatu, hori nola egin asmatzea da gure ardura. Baina betiere ezkerzale guztiok gizartea nola dagoen begiratu behar dugu, eta gizarteak erantzunak eskatzen dizkigu, oihuka.

Guk badakigu aldaketa politikorik ezin dela egon mugimendu zabal eta antolatu bat gabe. Bat-bateko iraultzarik ez dut ezagutzen; bat-bateko errebeldiak bai, bat-bateko mobilizazioak bai, baina bat-bateko eraldaketa sozialik ez. Eraldaketa sozialak borroka iraunkor eta antolatu batetik etorriko dira. Herri gisa sinergiak lortzea ezinbestekoa da, lehen gauza asko lortu ditugu herria antolatuz, ikastolak edo hedabide propioak bezala. Herri honek hedabide propioak, industria propio bat, elikadura alorreko proiektu propio bat, burujabetza energetikoa gauzatuko duen mugimendu bat behar ditu, eta herri honek etorkizunaren jabe izan behar du. Eta gure etorkizunaren jabe izango gara ez bakarrik hitz bat esanaz, ez bakarrik bozketa baten bidez, baizik eta alor guztietan geure burua herri bezala antolatzen badugu. Ezkerraren eta eskumaren arteko desberdintasun nabarmenetako bat da eskumak herri pasibo bat nahi duela, herri manipulable bat, delegatzen duena, eta ezkerrak herri aktibo bat behar du, parte-hartzailea, konpromiso txikiekin etorkizuna eraikitzeko prest dagoena.

Liburuan ondoan izandako hainbat kide aipatzen dituzu, eta kapitulu bana eskaintzen diezu Santi Brouard, Josu Muguruza eta Periko Solabarriari.

Nik beti esaten dut historia kolektiboki egiten dugula, eta historia ezin dela ulertu pertsona batzuetatik abiatuta bakarrik, baina aldi berean pertsonarik gabe ez dago historiarik. Eta ezkerrak hor ikasi beharreko beste gauza bat dauka. Besteei exijitu behar diegu, sistema kritikatu behar dugu eta eraldatzen saiatu behar dugu, baina beti norbere eraldaketa pertsonala kontuan edukiz. Elkarrekin doaz eraldaketa soziala eta pertsonala. Norberari ere exijitu behar zaio aldaketa. Eta, ildo horretan, aipatu dituzun pertsona horiek nire bizitzan paper garrantzitsua jokatu dute. Santi maisua izan zen. Herrigintzatik mugimendu politiko antolatu batera salto egin nuenean Santi izan nuen maisu. Gutxitan esaten zidan nola egiten ziren gauzak, baina berak ze irizpide argiak zituen ikusten nuen. Berarengandik ikasi nuen, adibidez, diru publikoekiko fintasuna eta sentsibilitate berezia. Josu Muguruza liderra izateak zer esan nahi duen erakutsi zuen pertsona izan zen. Ni baino gazteagoa zen eta elkarrekin gutxi egoteko aukera izan genuen, baina erreferente bat izan zen. Liderra ez du zuzendaritza batek aukeratzen, liderra eguneroko lanak egiten du, eguneroko ereduarekin egiten dira lider naturalak, eta halaxe izan zen Josu. Eta Periko horrelako beste bat izan zen; inoiz ez zen izan politikaria, politikari buruz hitz egiten aspertzen zen, baina oso pertsona koherentea zen, oso zaila da bere mailako bizitza austero bat eramatea eta hain modu koherentean.

Edonola ere, argi uzten duzu ez zarela batere tribuzalea. Eta besteak beste aitortza egiten diezu beste joera politikoetako zenbait ordezkariri, hala nola: Jose Luis Robles Bilboko alkate izandakoa eta Ramon Labaien Donostiakoa, biak jeltzaleak.

Nik ezker abertzalean ardura desberdinak izan ditut urte askotan, baina beti kezkatu naute tribuen proiektuek. Hemen tribu asko dago; asko sinplifikatuz, EAJ inguruan badago tribu bat, ezker abertzalearen inguruan badago beste bat, unionisten artean ere badaude; eta tribu-jarrerak, hots, siglen arabera jokatzeak, pobretu egiten du. EAJren jarrera politikoarekin norbait kritikoa izan bada ni izan naiz, baina aldi berean EAJko zenbait pertsona erreferentzialak eta batez ere oinarrizkoak jarrera zintzoak izaten eta arriskuak ere beren gain hartzen ikusi ditut. Eta horietako bi adibide dira hain zuzen ere Robles alkatea eta Ramon Labaien. Sabin Intxaurragari buruz ere gauza batzuk idatzita nituen, eta liburuan azpimarratzen dut baita ere EAk egindako apustua. Garrantzitsua iruditzen zait kontuan hartzea bakoitzak une batzuetan ze apustu egin duen eta ze arriskurekin eta ondoriorekin, zeren hemen sistemaren kontra egiten diren apustuak normalean ez dira merkeak izaten. Bidean koherenteak izan diren pertsona batzuk aurkitu ditut eta horietako bi aipatu ditut.

Eta pertsonei buruz ari garenez, ezin Anun emaztea aipatu gabe utzi. Esaten duzu bera gabe ezin izango zenukeela egin duzun ibilbide guztia egin.

Zalantza gabe. Etxetik kanpo militanteak eta borrokalariak idealizatzea erraza eta polita da, horretarako joera badago... «honek bai egiten duela lana, toki guztietan dago, ardurak hartzen ditu…», baina gero etxean ez da erraza, eta guri militantzia urte gogorrenean bi ume edukitzea tokatu zaigu. Eta bera izan da hor egon dena, eta askotan nik egin ezin izan dudan lana berak egin du. Une askotan kontraesan handiak izan ditut, ez da erraza alor desberdinak uztartzea, egun osoan kanpoan egon eta aldi berean etxean egotea ezinezkoa da. Eta bai, duda gabe, asko zor diot.