Marian Azkarate
world press Photo

Urte luzeetan behatutako erretratuak

«Ez duzu trikimailurik erabili behar argazki on bat ateratzeko... Ez duzu kameraren aurrean inor paratu behar. Argazkiak hor daude, zuk noiz aterako zain. Egia baita argazkirik onena, propagandarik onena». Esaldiaren egilea Robert Capa da (Budapest, 1913 - Vietnam, 1954), beharbada XX. mendeko fotokazetaririk ospetsuena. Segur aski, 2016ko World Press Photo sarietako irabazleek hitzez hitz izenpetuko lukete esaldia, are gehiago Epe Luzeko Proiektuen ataleko garaileek, argazkiak beraien zain izan dituztelako denbora luzean... gutxienez hiru urte, fotokazetaritzako sari entzutetsuaren arauek horrela aginduta. Batzuk hamabost urte eman dituzte jarraian ikusiko ditugun erreportajeak osatzeko.

Ukrainako egun beltz haiek

Ukrainako gatazkaren berri ematen ari da, 2014. urtetik, Valery Melnikov. Sputnik errusiar albiste agentziako fotokazetari honek ibilbide luzea du, munduko txoko arriskutsuenetara gerturatu baita azken hamarkadetan: Libanon izan zen 2006an, Georgia eta Hego Osetiaren arteko gatazkan 2008an, Maliko Errepublikako 2013ko jaikialdian eta Sirian 2012 eta 2015 artean. Nazioarteko sari ugari jaso ditu, horien artean orain gutxi aditzera eman diren World Press Photoko lehen saria, luzaroan egindako erreportajeen atalean.

“Ukrainako egun beltz haiek” izeneko lan irabazle honetan Donbass eskualdeko biztanleen zorigaitza islatu nahi izan du. «Herri Errepublika» aldarrikatu zutenen eta Ukrainako aginte ofizialen arteko gerraren biktimak bihurtuta, konfrontazio militar baten erdian aurkitu ziren herritarrak. Eta pairatutakoa ikaragarria izan da: senitarteko eta lagunen hilketak, etxeen txikizioa... azken finean, milaka lagunen bizitza errotik hondatua izan baita.

Goiko argazkian azaltzen direnak Luhanskaya herriko biztanleak dira. Aire-eraso batean piztutako sutetik ihesi atera diren herritarren izuarekin parez pare jarri nahi gaitu Valery Melnikovek, baita eraso berean hildako 7 urteko haur baten hiletako samin lazgarriaren aurrean edo gauero eskolako sotoan lo egiten duen mutikoaren beldurraren aitzinean. Egunero, milaka lagunek bizirik irteteko ahaleginak egiten dituzte gerrako lehenengo lerroan.

Argazkiak: Valery Melnikov


Irango egunerokotasunaren ñabardurak

Tatuaje egile bat zigarro bat erretzen –Iranen tatuajeak egitea ez omen da legez kontrakoa, baina halere agintariek ez dute begi onez ikusten–, taxilari musulman bat otoitz egiten ikasle bikote batek bere ezkon eguna ospatzen duen bitartean, eta emakumeei debekatutako gimnasio batean billarrean jokatzen ausartzen diren bi emakume.

Irudi hauek “Irandar egunkaria” izeneko egitasmoaren adibide bakan batzuk besterik ez dira, hamar urte luzeetan milaka argazki bildu baititu Hossein Fatemi fotokazetariak, lan batetik besterako tartean –Afganistan, Libanon... munduko gerra askotan egon da–, gaur egungo Irango gizartearen erretratua «marraztea» deliberatu zuenetik. Eta aitortu beharra dago ñabarduraz betetako erretratua lortu duela.

Irango biztanleria gaztea da oso –%60, 30 urtetik beherakoa– eta gehiengoak iraultza garaiko, alegia, Islamiar Errepublika bihurtu aurretiko Iran haren ezaguerarik apenas duen, are gutxiago oroitzapenik. Debekuak debeku, beren mugetatik kanpoko eragina iristen zaie Internet eta sateliteko telebistaren bidez.

Tradizioa eta modernitatea, etengabe aldatzen ari den mundu honetan identitate propioa bilatzen ari den biztanleria gazte hau... Irango gizartearen konplexutasunaren zenbait gako azaleratzen ditu Fatemik bere argazkietan, egunerokotasun ezkutuari beloa altxatuko balio bezala. Lan honek Epe Luzeko Erreportajeen ataleko bigarren saria irabazi zuen.

Argazkia: Hossein Fatemi


Ezer gertatzen ez den herria

«Egitasmo honen hastapena 1992an kokatzen da. Lan egiten dudan egunkariak (‘Helsinki Sanomat’) hilero aldizkari bat argitaratzen du eta Estatu Batuetako bizitzari buruzko erreportajea eskatu zigutenean, mapa bat zabaldu eta nire lankideak, testua idatzi zuenak, begiak itxi eta atzamarra AEBetako erdiguneko puntu batean jarri zuen: atzamarraren puntan Nebraskako Table Rock herria zegoen. Herri txiki baten bila genbiltzan eta perfektua iruditu zitzaigun, garai hartan 308 biztanle besterik ez zituelako. Gaur egun 245 bizi dira». Horrela iritsi zen lehen aldiz Markus Jokela argazkilari finlandiarra AEBetako «bihotzean» dagoen herrixka honetara. Hamabost urteren buruan, 2009an, berriz itzuli zen. «Lehenengo erreportaje hartan aitaren argazkia atera nuela esanez gizon bat nirekin harremanetan jarri zenean jakin-mina sortu zidan. Denbora tarte horretan bizitza nola aldatu zitzaien jakiteko gogoa piztu zitzaidan. Han gauzak ez dira asko aldatu, egia esan. Table Rocken ez da ezer gertatzen eta, 1992an joan ginenean, 1959an izandako banku baten lapurretatik herrian gertatutako gauzarik interesgarriena ginela esan ziguten. Fotokazetaritzarentzat bizitzan gertatzen diren ohiko egoerek ez dute interesik, baina ni, ordea, jendea nola bizi den jakiteak, bere eguneroko arazo txikiekin, erakartzen nau». Lan honek Epe Luzeko Erreportajeen ataleko hirugarren saria irabazi zuen.

Argazkia: Markus Jokela