amagoia mujika
IRITZIA

Ez mainak egin

Mainak ez egiteko esaten zenidan batzuetan. Mainak, negarrera ere iristen ez diren gezurretako lamentuak. Eta hitzak berak sortzen zidan negargura, tristea iruditzen zitzaidalako nire kexa ozena zuk mainatzat baino ez hartzea. Gero esaten zenidan negar egiteko lasai, oso ona zela azalarentzat. Eta negar gehiago sortzen zidan horrek.

Niri hain handiak iruditzen zitzaizkidan arazoak, niretzat hain izugarriak ziren tragediak, lasaitasunez entzun, jaso, eta txikiagotuta bidaltzen zenizkidan bueltan, patxada osoz. «Arazoak zureak dira eta zuk konpondu», esaten zenidan segidan, baina hitzik esan gabe, lapikoa suabe-suabe mugitzen segitzen zenuen bitartean.

Gerora pentsatu izan dut ez zarela izan haurren negarrarekin urduri jartzen den horietakoa. Zure etxean haur asko izan da beti jiran-jiran, baita negarrak eta sesioak ere. Horregatik, segur aski, ez zinen urduri jartzen maina horiekin. Eta guk ere azkar ikasi genuen amonarekin alferrik zirela mainak.

Baina benetako negarrak lasaitzen bazenekien. Gogoan dut nola egin nuen negar zure paparrean heriotza batek sortu zidan egonezinaz. Lasai egoteko, heriotza bizitzaren parte zela, negar egiteko behar adina. Ni txikia nintzen eta zu emakume puska, beso sendoak eta papar zabala. Eta zure magal hartan munduko toki seguruenean sentitu nintzen.

Duela aste batzuk elkarren ondoan paseoan ari ginela konturatu nintzen ni zu baino handiagoa nintzela orain. Zure ama ere gastatzen-gastatzen joan zela esan zenidan. «Gastatzen, gastatzen, itzaldu arte». Ni larritu egin nintzen, igarri egin zenidan begiratuan, eta berriz bidali zenidan nire arazo handi hura bueltan, txikiagotuta, zure betiko patxadaz.

Azken egunotan musu eman dizudan bakoitzean pentsatu dut sekulako azala daukazula. «Xaboi-pastilla eta ura, bizitza guztian», aitortzen zenuen zure sekretua. Eta nik esaten nizun sudur luze hau beharrean azala eman behar zenidala herentzian. Grazia egiten zizun.

Azal leuna eta ederra amona, xaboi-pastillagatik eta negar asko egin duzulako bizitza honetan. Ez mainak, benetako negarra baizik.

Gastatzen-gastatzen joan eta itzali egin zara, lasaitasun izugarriz, heriotzak ez zizulako beldurrik ematen. Eta negar egin dut. Ez ziren mainak, amona, negarra zen, zuk serio hartzen zenuen negar klase horretakoa.

«Zuk eskribitzen dituzunak jasotzen ditut», esan zenidan aurrekoan. Hau ez duzu jasoko. Pena daukat ez didazulako galtzerdiak egiten erakutsi, baina erakutsi didazun guztiaren poza ere badaukat.