GALDER PEREZ
IRITZIA

Sekretu bat

Ez esan inori, ondo gorde. Ezkutuan eduki, inork jakin ez dezan. Ahoz aho dabilenean ere, izaera galtzen du baina, izanagatik, ez du izena aldatzen. Altxorra dirudi. Batentzat nahikoa, birentzat gehiegi eta hirurentzat, edo gehiagorentzat, ezer ez da. Honolulutik zetozen Elmer eta Luluk esaten zuten sekretuek poltsikoan kili-kili egiten dutela eta, ondorioz, barrez ito aurretik ateratzea komeni dela. Lesaka inguruetako basoetan galtzea maite duen Ilargik esaten du bakar batena ezin duela izan. Pertsona bakar batena soilik baldin bada ez dela existitzen, bi lagunen kontua izan behar duela gutxienez. Gaizka Sarasolak idatzi zuenez, norbaiti kontatu behar omen zaio, psikologoari bederen. Bestela ez dela izango. Izan daiteke ideia, ametsa, pentsamendua, beldurra, oroitzapena... Baina ez sekretua.

Eremu txikia behar du sekretuak bizirik irauteko. Intimitatea. Babesa eta konfiantza behar ditu. Konplizitatea baino zerbait gehiago dutenen artean bizirik mantendu ohi da sekretua ahopean. Hortik kanpo sekretua ez litzateke sekretu izango. Hortaz, gordean goxo bizirik mantentzen da tamaina txikiko lagunartean. Gure herrian, baina, toki guztietan bezala, salbuespenak badira. Eta inork gutxik ezagutzen duen baina denok partekatzen dugun sekretu bat bolo-bolo dabil. Herri oso batek ematen dio babesa konplizitateari eta maitasunari esker bizirik dirauen sekretuari.

Egunotan eskuz esku eta arineketan dabil sekretu bat. Edo batzuk. Mezu modura korrika doa. Doaz. Goaz. Letraz idatzita doa gaur, ahozkoa bihurtzeko bihar. Otxandion lekuko barruan ezkutatu zen, esku artean gorde eta korrika atera zen. Bidera aterata eta su-irensle optimisten babesa jasota gaur zortzi, datorren igandean, iritsiko da Iruñera. Gure hizkuntza erabiltzeko ahoa duten bi mila eta bostehun eskuk eramango dute. Ez dute ezkutuan egingo, zirraraz eta agerian baizik. Mezu bat eskuz esku, mezu batzuk izango dira. Hainbat herritan eta auzotan zirraraz beterik milaka lagunek itxaroten dute Korrika, eta hori ez da sekretua. Badator, badator! Sekulakoa da itxaronaldiak eragiten duen emozioa, bidera ateratako alkimistaren zain. Tipi-tapa, atso-agure kontortsionistak. Itzela euripeko ilusionistek korrikaldiarekin batera urrats bakoitzarekin eragindako taupada bat, edo taupada batzuk...

AEK-k, herri honen ilusionista bilakatuta, bi urtean behin euskararen aldeko ekimen erraldoia antolatzen du, eta hori ez da sekretua. Beharrezkoa delako egiten du malabarea. Egunen batean, beharbada, ospakizun eroa izango da, zirkua bezalakoa eta ez beharrak deitutako lasterketa jendetsu eta alaia. Ez dakigu gure hizkuntza osasuntsu, alai, normal, legezko eta euskaldun denontzako benetako eskubide izateko errezeta noiz arte izango den sekretu. Kilometroak bete ahala bete ditzala ahoak eta arimak, kaleak eta mendiak. Gera bedi hizkuntza eta ez dadila inorentzat sekretu bat edo batzuk izan. Bat, izan bat, egin bat! Bat zuk eta bat nik, bat denok. Bat eta batzuk, hona-hara, euskara bat, mundu bat. Herri bat gara eta baditugu sekretu batzuk.