Alaia Martin
IRITZIA

Apirilaren Bederatzia

Ordua aldatzen den edo hiltzen zaren egunak izan ezik, egun guztiek dauzkate 24 ordu. Ordu lotiak, logaletuak, ameslariak, ordu etsiak, otorduak… Egun guztiek daukate gau zati bat, ilunabar bat, argia eta egunsenti usaina. Egun guztiek daukate arnasa, arnasestua eta dioxidoa. Egun guztiek dauzkate une onak eta txarrak, baita ez on ez txar, ez gaizki ez ongi, besterik gabe pasatzen diren uneak ere.

Egun handi eta txikiak bereizten ditu geure inguruak. 24 ordu ez dira 24 etxean lan egin, bulegoan lan egin, etxean lan egin eta esnatu arte lo pixka bat egiten duenarentzat; 24 ez dira 24 kartzelan isolatuta dagoenarentzat, 24 ordu ez dira 24 iluntzeko 19:00etako hitzorduaren zain dagoen maitemingaiarentzat; 24 ordu ez dira 24 hondarretan etzan, altxatu, itsasoan sartu eta hondarretan etzateko joan-etorriren batean zerua horitzen zaionarentzat… Egun guztiek –guztia sekula ez da dena– dauzkate 24 ordu eta, hala eta guztiz ere, egun batzuk txikiak iruditzen zaizkigu, arruntak, arruntegiak. Astearteak. Ospatzeko edo gorrotatzeko, txikiegiak.

Neurri ezberdinetako egunak daude, beraz. Egun batzuek handi izena hartzen dute, eta 24 ordu iraun arren askoz gehiago irauten dute. Mendeetako bizitza dute egun batzuek. Norberarentzat eternal bihurtzen diren egunak badira, hainbeste berbizitzearen ondorioz zahartzera iristen diren egunak, distiratsuak batzuetan, oso beltzak besteetan. Beltz fosforitoak. Baina norbera gainditzen duten egunak ere badira; norberaren ondorengo belaunaldi, eskualdi, begialdi eta eztarrialdietan luzaro bizitzeko moduko DNA duten egunak sortzen ditu egutegiak aldian behin. Atzoko eguna ere, ez bukatzeko jaio zen.

Atzoko eguna luze biziko da, batzuentzat astearteago, ostiralago… edo igandeago, besteontzat. Atzoko eguna pantailatan eta egunkarietako azaletan handitzat tatuatuko den arren, egun bat den ere ez dut argi. Egun bat baino, biharamun handi bat dela esango nuke. Ia sei urteko biharamun bat, luze-luze horietarikoa. Ia sei urtez abortatutako egun baten jaiotza. Biharamunek ere ez dituzte 24 ordu bakarrik irauten batzuetan.

Eta zer egin biharamunarekin? Aspirinaz neutralizatu, gomazko hartzak jan, ohean momifikatu, kafeak edan zaitzan utzi, mundua madarikatu, paseatu… nik gaur –oraindik niretzat gaur ez den gaur honetan– paseatu egingo nuke gustura. Irakurtzen ari zaren horren begietan sartuz sabelerantz paseatu, garunaren belarrietan paseatu, ahots-kordetan paseatu, zamarik gabeko bizkar zamatuan paseatu, eta herri honen bizkarrezurra hobeto ulertu, eta norbera gainditzen duen biharamun honen biharamunari kafea eman, azukrerik gabe.