JOKIN URAIN
IRITZIA

Eskatzeagatik

Eskatu, edozer izanda ere, inori eskatzen diogu batez ere. Zigarroa eskatuko dizu batek, kafea eskatuko diozu norbaiti, lagunen batek autoa eskatuko dizu, bankuak etxea eskatu ez ezik kendu egingo dizu igual, eta Jainkoak gure arima berea izatearekin nahikoa ez eta maitasuna eskatzen digu lehenengo mandamentutik. Jainkoari Berari, berriz, zoriona, osasuna, loteria tokatzea... eta eskatu ere erreguz egiten zaio, belauniko, lurreraino makurtuz, norbere umiliazioz eta Haren aintzaz, Jainko guztiz ahaltsuak –edozein erlijiotakoak– lurtar xinpleon aintza eta adorazioen beharrik ez lukeela pentsatu ere egin gabe.

Jainko guztiz ahaltsua baino arriskutsuago iruditzen zaizkit, hala ere, Haren ordezko direla esanaz dabiltzanak hemen lurrean. «Zuek, bekatariok!» eta pulpitutik egiten zituzten gisako akusazioak gogoratzen ditut umetatik... Dena epaitzeko, inor akusatzeko eta besteei eskaerak egiteko joera hori ez du ematen asko aldatu dutenik Jainkoaren izenean jarduten direnek...

Euskal Hereneko hiriburuetako hiru apezpikuek elkarrizketa bat eman zioten joan den hilabeteko 24an berripaper bati, eta zer gauza politak esaten zituzten, gainera: «ETAren iragarpen hau ez da nahikoa...», «eragindako minaren errekonozimenduak estrategia bat ostendu dezake baldin eta damurik ez badago...», «ETAren disoluzioa da gizarteak espero duen gauza bakarra...».

Egundo nahikoa ez izatea eta beti beste zerbaiten eskea egitea ez dira gauza berriak; mantra bat izan da urteetan eta urteetan eta oraindik halaxe da politikari konstituzionalisten eta enparauen aldetik ezker abertzalearekiko. Pentsatzekoa zen eliz jaun hauen eskaera ez zela apalagoa izango euren pulpitutik, Jainkoaren izenean ari direla kontuan izanda, gainera.

Zorion modu bat da agian, zorion gorena beharbada, beti besteei hau eta hori eta bestea eskatzea, denak akusatzea, guztiaren gainetik dagoenaren kontzientziatik lezioak ematea, inoren erantzukizun eskaerarik ez aintzat hartzea, denak subditutzat eta denak artaldeko borrotzat edukitzea. Norberak ezeren errurik eta ardurarik izan dezakeenik pentsatu ere ez egitea. «Zuek bekatariok», alegia.

Ez dakit apezpiku horiek zer demontregatik ez duten behingoz euren «kofradia» disolbatzen, Oskar. Ahotan darabilten gizarteak espero duena izan daiteke eta ez lirateke gutxi pozkario handiz hartuko luketenak ekimena.