amagoia mujika
IRITZIA

Zain

Badaude betirako gogoan geratzen diren deiak. Akordatzen naiz herriko jaiak zirela eta kalean nengoela. Deia ez zen niretzat, baina une batean telefonoa pasatu zidaten eta zure ahotsa entzun nuen, han, urrutian, Algeciras bezain urruti. Hamar urte baino gehiago izango ziren zure ahotsa entzuten ez nuela. Minutuetan kontatzen diren deiak dira kartzelatik jasotzen direnak eta poza eta tristura dakarte kolpean. Telefonoa utzi eta negar egin nuen, hunkituta. Ondo zeundela esan zenidan eta, hala ere, negar egin nuen agur esandakoan, sabela zartatu zitzaidalako.

Kartzelan dagoena bere etxetik, bere kaletik, bere herritik lapurtu duten pusketa bat da. Bere etxeak, kaleak eta herriak ikasi egin behar dute pusketa handi hori gabe bizitzen, aurrera egiten. Eta han dagoena beti da lekuz kanpo dagoen puzzlearen pieza. Hainbeste maite dutenetatik urruti eta hain gutxi maite duten kartzelarien artean.

Gure herria, derrigorrean, superheroiz beteta dago. Koadrodun poltsak daramatzate bizkarrean eta asteburuero puzzlearen zati bat gerturatzen dute ziega batean bakartuta dagoen pieza horrengana. Pisutsua da poltsa, barruan ez daramatza bakarrik maindireak eta galtzak. Gertaerak, kontakizunak, eskuminak, txutxumutxuren bat... gure herriaren zatiak daramatzate astez aste koadrodun poltsa horiek. Eta horrela joaten dira asteak eta urteak. Sekretua ez da euskaldunen kasta. Batzuei eta besteei indarra ematen dien sekretua beste bat da: Berriz etxean, kalean, herrian elkartuko diren eguna. Gure herrian zain ematen dira bizitza osoak, egun horren zain.

Kepa del Hoyo preso politiko galdakoztarra Badajozeko espetxean hil zen duela egun gutxi. Ez dut imajinatu nahi nolakoa izan den albistea eman dien deia. Dei horietako baten ondoren existitzeari uzten diozu tarte batean. Arnasa hartzeari uzten diozu egun, hilabete batzuetan. Eta berriz arnasa hartzen hasten zarenean baino ez zara konturatzen denbora asko zeneramala arnasarik hartu gabe. Dagoeneko ezin zain egon, zuloa betikotu egin da. Zuloa oso sakona da eta min handia egiten du.

ZAZPIKAn bertan irakurri nion duela hilabete batzuk Peruri, Keparen semeari, nola 18 urte bete zituenean Badajozeko funtzionario batek sinpatiko antzera esan zion: «Nola hazi zaren! Txiki-txikia zinenetik ezagutzen zaitut nik!». Peruk erantzun zion bera, berriz, ez zela batere pozten hura ikusteaz. Ez zen, hala ere, penatan edota arranguratan itotzen. Aitortzen zuen bere bizitza ez zela erraza izan –hilabete eta erdi zuela atxilotu zuten aita–, baina bera ez litzatekeela den bezalakoa izango aita beti etxean izan balu.

Gure herria ere ez litzateke den bezalakoa izango.