JOKIN URAIN
IRITZIA

Izengabeak

Pasa den urriaren 20an Bilboko Euskalduna jauregian «euskal gizartearen aitortza» helarazi zien Urkullu lehendakariak enpresariei, Confebask elkarteak antolatutako ekitaldian. Eta eskerrak eman zizkien «urterik gogorrenetan ere lana eta aberastasuna sortzen» erakutsitako «konpromiso eta esfortzuagatik». Enpresari, bankari eta halako «arilarien» aurrean egiten diren hitzaldietako mantra ematen du dela «lana eta aberastasuna» sortzeari egiten zaion erreferentzia horrek. Lana norentzat sortzen den ondo jakina izan arren ez baita zehazten norentzat den aberastasun hori, eta langileentzat ez dela erakusten du gehienetan esperientziak, hemengoak eta mundu osokoak. Batzuen lukurreriak eta besteen eskasiak ez baitu mugarik.

Azken berrogeita hamar urteotan enpresariek sufritu dutenari aitortza, omenaldia eta nahi den guztia egitea da gauza bat, eta aitortza horretan lehendakaria egotea beste bat; lehendakaria noren ondoan dagoen erakusten du batik bat. Beste aitortza batzuetan ez duzu lehendakaririk ikusiko, eta horrek erakusten du lehendakaria noren ondoan ez dagoen. Eta gauza gehiago ere adierazten ditu beharbada, baina ez gara hasiko dena batera esaten.

Azken berrogeita hamar urteotan lan istripuetan hil diren pertsonak, beren lanpostuan ziharduten bitartean hil direnak, ez dakit zenbat izan daitezkeen... Atzerago joan gabe, iaz 40 langile hil ziren lan istripuetan EAEn. «Urterik gogorrenetan ere lana eta aberastasuna sortzen» ahalegina egingo zuten, hil arterainoko «konpromisoa eta esfortzua» erakutsiz, baina ez dirudi euskal gizartearen aitortza irabazteko merezimendurik dutenik lehendakariaren eta Confebasken begietan; ez dituzte ikusiko beren begiradaren ostertzean. Izengabetan eta izangabetan galdutako zenbakiak baizik ez dira beren lanpostuan, segurtasun neurri eskasengatik, enpresarien lukurreriarengatik, ez-dakit-zergatik hiltzen diren pertsonak. Hasi zaitez bila eta zenbakietan eta ehunekoetan aurkituko dituzu lan istripuetako datuak, zaurituenak, hilenak... Zenbakiak eta ehunekoak dira, horixe besterik ez, dirudienez.

Euren izenak harrietan zizelkatuz bada ere izana ematea mereziko dute zenbaki soiletan ostendu nahi dituzten langile hilek, ezta, Zigor?